Ustekabean harrapatu du ikerketa batzordearen inguruko albisteak Patxi Zamora, Kontuz elkarteko kidea (Iruñea, 1965). Susmo txarra hartzen die PSNren egiazko asmoei. Hala ere, oposizioko alderdiek irekitako zirrikitua baliatu behar luketela deritzo. Tentuz ibili behar dutela ere uste du: «Ez dugu onartuko ikerketa batzordea itxurakeria bihurtzea norbaitek golkoan medaila batzuk zintzilikatu ditzan».
PSNren erabakiaren atzean hauteskunde interesak daude?
Oso arraroa da egin dutena. Nik uste batzorde hori kontrolatu nahi dutela, eta horrek bai ematen digu beldurra.
Presidentea Sayas izango da eta ahalmen handia izango al du?
Presidentearen funtzioa garrantzitsua izango da. UPNk bere buruari botoa ematea logikoa da, baina PSNk abstentzio bidez Sayasen presidentetza ahalbidetzeak beste behin ere erakusten du zentzuzko zerbait egitea eragotzi nahi dutela. Oso konplikatua da ulertzea PSNren jarrera. Nahi du, baina ez du nahi.
Bi hilabete baino ez dira geratzen. Denbora gutxi da?
Materialki ez dago denborarik, baina horrek ez du esan nahi ezin dela oinarririk jarri hurrengo legealdian behar bezala lan egin dadin. Ikerketa batzordeak ez du mugarik eduki behar, ez denboran, ez gaietan. Exijituko genieke talde guztiei konpromisoa hartzeko hurrengo legealdian lan honekin jarraitzeko. Askotan galdetzen digute, eta Barcinak hauxe esan ohi du: «Gaia judizializatuta badago, zergatik sortu ikerketa batzordea?». Bere garrantzia du. Badira auzitara eraman ezin daitezkeen gaiak: adibidez, Nafarroako Kutxaren ondarea. Ez dago modurik hori auzitara eramateko, baina eska daiteke informazioa Parlamentuan.
Deliturik ez egonda ere, ikertu beharreko auzi ugari badira.
Bai, eta informazioa emateko betebeharraren inguruan, atera daitezke gai berriak, eta horiek ikerketa judizialera eraman. Orain ezin da, datuak falta zaizkigulako, hemen omertà nagusitu delako, isiltasunaren legea.
Nortzuk dira erantzuleak?
Miguel Sanz, Jose Antonio Asiain eta administrazio kontseiluan egon ziren guztiak. Beste datu bat nabarmendu behar da: nahiko nuke ikerketa batzorde honetan UPNk zama guztia Carlos Garcia Adaneroren gain utziko ez balu. Yolanda Barcinak berak defenditu beharko luke bere jarrera. Badirudi badoala, baina bera da arduradun nagusia. Adanerorentzat ez du samurra izan behar besteek egin dutena defenditzea.
Nafarroako Kutxaren auziak higadura handia eragin die UPNri eta PSNri, eta horretan zerikusi zuzena izan du Kontuz-ek.
Argi dugu gai hau funtsezkoa dela, eta harro gaude horregatik. Erraza da irudikatzea. Nafarroako egungo egoera politikoak ez du zerikusirik duela hiru urtekoarekin. Pitzadurak eragin ditu UPNren eta PSNren arteko harremanetan, baita bien barruan ere.
Zer eragin izan du CANen galerak?
Ikerketa batzordean erabiliko duten argudioetako bat izango da Nafarroako Kutxa hor dagoela. Non? Fundazioan? Gizarte ekintza banatzen du, baina garai batean zuenaren herena baino ez da, eta Caixabank-ek bihar esaten badu ez duela zentimorik emango, fundazioak men egin behar du. Kanpoko erakunde pribatu baten erabakien menpe gaude.
Zeintzuk dira ikerketa batzordearen hari nagusiak?
Gizarte nafarrak azalpen bat behar du, eta dakien jendeak gertatu den guztiari buruzko azalpena eman behar du. Sinetsarazi nahi digute munduko krisi baten ondorioz izan dela, baina ezin dugu ahaztu Lorenzo Riezuk, aurreko zuzendariak, txosten bat egin zuela eta bertan ohartarazten ziela zer gertatuko zen. Ona da Nafarroako gizarteak adierazpenok jakitea, baloratzea, galderak egitea eta erabakiak hartu zituztenei erantzukizuna argitzeko eskatzea.
Caixabankek 977 milioi euroren truke erosi zuen Banca Civica, baina beste 3.800 milioi euro jarri zituen zuloak estaltzeko. Hori ere jakin beharko litzateke: zulo horren zer zati zuen CANek...
Ez dakigu. Alde batetik, gezurra zioten esaten zutenean hainbat balio zutela. Nafarroako Kutxa kiebran zegoen. Zulo handi bat zuen. Zergatik orduan Caixabank-ek egin digun faborea? Alde batetik, arrazoi politikoengatik, eta horiek zein diren inoiz ez dugu jakingo. Finantza krisi bat zegoen, eta estatuak Santander, BBVA eta Caixabank deitu zituen aurrezki kutxak irensteko eskatuz. Hala ere, hemen inork ez du ezer egiten musu truk. Beraz, zeren truke? Adibidez, Banco de Valencia euro baten truke oparitu zion estatuak Caixabanki, eta egun 142 milioi euro irabazten ditu.
Erantzuleen jarrera zergatik izan da erantzukizun oro saihestea?
Hasieratik jarrera horrek animatu ninduen ikertzera. Errazagoa zitzaien onartzea eskuetatik alde egin ziela, ez zutela ondo egin eta azkenean nolabait onik ateratzea lortu zutela Caixabankekin. Lehenik, banitatez jokatu dute, eta hasieran gutxietsi egin gintuzten. Uste zuten denbora igaroko zela eta ez zutela azalpenik eman beharko. Bigarrenik, dieten gaia ikertzen ari ginela, hauxe galdetzen genion geure buruari: egongo dira aktak ala ez? Bagenekien bazeudela, baina ez zituzten atera. Zergatik? Lotsagarriagoa delako akten edukia bera.
Zortzi milioi euro erabili zituen CANek kontseilariak saritzeko. Zer esan nahi zuten dietek?
Nire irudipenean, Black txartelen moduko bat ziren. Jarrera guztiok estaltzeko, Alberto Alonso Urebak egindako lan juridikoa txalogarria da. Banatutako dirutza horrek gehiegikeria horiek guztiak ahalbidetu ditu, aurrezki kutxa desagertu arte… Horri nola deitzen zaio? Berdin dio black txartela izan edo dietak. Finantza ingeniaritzaren adibide bat baino ez dira izan. Ez gara nor legezkoak edo legez kanpokoak diren esateko, baina deitoragarriak dira.
Ikerketa batzordetik at, Eloy Velasco epaileak Sanzen eta Goñiren ondareak ikertzeko eskatu du. Oraingoan serio al doa?
Esan dezakegun bakarra da ondasuna ikertzeko eskaera epaileak egin duela, ez Kontuz-ek. Goñik salaketa faltsua egiteaz eta justizia politizatzeaz akusatu nahi badu, jo dezala epailearen aurka. Ez da gure ekinbidea. Nazkatuta nago gizon horren mehatxuez.
Ez da lehen mehatxua.
Nik neuk badakit nire aurka joko dutela. Ni bakarrik nago. Mundu guztiak esaten dizu ez dutela ezer, baina diru asko dute, abokatu onak dituzte eta bazter ugari nahastu ditzakete. Baina nahikoa da mehatxuak egitearekin.
Nafarroako Kutxa ikerketapean. Elkarrizketa. Patxi Zamora. Kontuz elkarteko kidea
«Nire ustez, dietak 'black' txartelen moduko bat ziren»
PSNk ikerketen eta batzordearen alde egiteak ustekabean harrapatu du, baina ez da fio haren egiazko asmoez. Dena den, Zamoraren ustez, aukera baliatu behar da auzitegietan ikertu ezin diren gaietan sakontzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu