'Altsasuko auzia' sei hilabete eta gero. Legedia

Nola heldu da hau honaino

Altsasuko auzia «terrorismotzat» hartzea gehiegizkoa dela salatu dute herritar eta erakunde ugarik. Hainbat arrazoiren artean, Espainiako legeen bilakaeraren ondorio da: 1990eko hamarkadatik sakondu dute «banakako terrorismoaren» kontzeptuan.

Altsasuko auzipetuen gurasoek martxoaren 9an Nafarroako Justizia Jauregian egindako elkarrretaratzea. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena
2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Altsasu «terrorismoa» da. Altsasuko auzia, alegia: taberna bateko ordu txikietako liskar bat. Hala hartu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2015eko Zigor Kodeko 573. artikulua erabili du horretarako Carmen Lamela epaileak. Lege haren arabera, «terrorismo delitutzat hartuko da bizitzaren edo osotasun fisikoaren aurkako edozein delitu larri», helburu jakin batzuei erantzuten badie. Altsasuko auzian, auzipetutako gazteek «biztanleen edo biztanle batzuen artean terrore egoera bat sortzeko» xedea zutela dio epaileak, tartean guardia zibilak zeudela eta. Hori gehiegizkoa dela salatu dute auzipetutako gazteen senideek, herritar eta alderdi ugarik eta Nafarroako erakunde garrantzitsuenek: Altsasu ez da terrorismoa. Hala ere, taberna bateko ordu txikietako liskar hura Auzitegi Nazionalean epai dezakete, eta kartzela urte asko dituzte jokoan auzipetuek. Baina nola heldu da horraino Espainiako legedia?

LEGE ALDAKETAREN TESTUINGURUA



2015eko otsailaren 2an sinatu zuten PPk eta PSOEk Jihadismoaren Aurkako Ituna, 1995eko Zigor Kodea, eta, bereziki, delitu terroristei buruzko legeak aldatzeko. Hilabete ere ez zen pasatu Parisen Charlie Hebdo aldizkariari eraso ziotenetik, eta manifestazio jendetsuak izan ziren Frantzian ondorengo egunetan. EBko eta nazioarteko agintari ugari bildu ziren argazkira, eta, testuinguru hartan, ezohiko tramitazio bideak erabilita atera zuten aurrera lege aldaketa. Martxoaren 30erako, BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua zuten «terrorismo» delituei lotutako lege berria —Zigor Kode berriaren eta mozal legearen egun berean, bide batez—.

«Nazioarteko terrorismo jihadistaren ezaugarria da, hain zuzen, eraso modu berri horiek erabiltzea», jaso zuten legearen atariko zioetan: «Mehatxu berriek eskatzen dute legedia eguneratzea, banakako terrorismoaren fenomenoa eta nazioarteko komunitatearen kezka nagusi diren jokabideak barne hartzeko». Baina zer zerikusi du horrek guztiak euskal auziarekin? Eta, are, Altsasukoarekin? Bada, lege aldaketa horiek erabili dituztela taberna bateko ordu txikietako liskar baterako. Zehatzago esanda, Altsasuko liskarrerako.

Beste auzi bat izan arren, deigarria da Errepresioari autodefentsa dinamikarekin lotutako Iruñeko istiluen auzian Auzitegi Nazionalak auzipetuen helegite bati emandako erantzuna. Epaileek aitortu zuten «terrorismo jihadistaz» ari dela 2015eko legea atariko testuan: «Horri erantsi behar zaio, ondorengo artikuluetan, legeak ez duela zehazten soilik terrorismo jihadistari buruz ari den edo beste edozein terrorismori buruz», idatzi zuten Errenteriako gazteen auzia «terrorismoa» dela berresteko autoan. Zehaztugabetasuna baliatu zuten, beraz, testuinguru zehatz batean justifikatutako aldaketak euskal auziko kasu batean aplikatzeko.

LEGE ALDAKETA ETA ALTSASUKO AUZIA



Aurrez halakoak egiten baziren ere, jauzi berri bat ekarri du lege aldaketa horrek. Orain arte, banakako ekintzak izan arren, justifikatu beharra zegoen erakunde armatu baten helburuei edo jarduerei laguntzeko egiten zirela horiek; hau da, lotura bat bazegoela, nahiz eta egiturazkoa ez izan.

Amaia Izko abokatuaren esanetan, «orain, posible da egitate terrorista bat egitea, guztiz isolatua, banakako fenomeno gisa, inongo erakunde armaturik egon gabe, eta inongo loturarik edo laguntzarik izan gabe, baldin eta legeak zehazten dituen lau helburu horietakoren bat gertatzen bada. Eta, hor, subjektibotasun osoa dago». Hara legeak aipatutako motibazioak: «Konstituzio-ordena iraultzea», «herri-bakea larriki haustea» —aurreko legean ere bazeuden kontzeptu horiek—, «nazioarteko erakunde baten funtzionamendua modu larrian ezegonkortzea» eta «biztanleen edo biztanle batzuen artean terrore egoera bat sortzea».

OSPA MUGIMENDUA



Azkenengo xede hori egotzi die Lamela epaileak Altsasuko auzipetuei. Hori justifikatzea nahikoa du auzia «terrorismo» delitu bihurtzeko. Dena den, Izkok azaldu duenez, zaila da taberna bateko liskar bat legearen helburu horiekin zuzenean lotzea, eta, horretan laguntzeko, lotura bat egin nahi izan dute Alde Hemendik dinamikarekin eta Ospa mugimenduarekin. Epailearen esanetan, ETAk sortuak dira biak, eta auzipetuak jaio ere egin ez ziren garaiko agiriak erabili dituzte froga gisa. Lamela epaileak berak dio autoan 2011n sortu zela Ospa mugimendua, ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuen urte berean. Guardia zibilek Altsasun ustez duten jazarpen egoera ere aipatu du epaileak tesi hori indartzeko: «Beldurra edo zailtasunak dituzte eguneroko jardunerako: erosketak egiteko, aisialdia bikotekidearekin igarotzeko...».

Epaileak auto batean idatzi aurretik, hainbat hedabide eta politikarik indartu zuten irudi hori. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro zenaren hitzak izan litezke adibide bat: Hego Euskal Herriko herri batzuetan «patologia sozial bat» dago, Guardia Zibilaren aurkako «gorrotoa». Eta «bataila poliziala» irabazi ondoren, «kontakizunaren batailarekin» garaitu behar da gaitz hori. «Aurka egin beharreko errealitate bat dago».

EZ DA GAUZA BERRIA



«Banakako terrorismoaren» ideia ez da berria Espainiako legedian. 1995eko Zigor Kodeak dio, «banda armatu, antolakunde edo talde terroristetako kide izan barik», delitu «terrorista» bat egin daitekeela. Izko: «Hor hasi ziren terrorismotzat hartzen nazioarteko definiziotik kanpo dauden gauzak, kale borrokaren fenomenoarekin. Sekulako jauzia eman zuten; urte batzuetan, zigor izugarriak jarri zituzten egitate zinez arinengatik». 2008an esan zuen NBEko Giza Eskubideen Batzordeak: «Ekintza berak, Euskal Herritik kanpo, ez dauka kalifikazio bera, eta, onenean, askoz ere zigor txikiagoa du».

La maza y la cantera (Txalaparta, 2010) liburuan jorratu zuen hura Julen Arzuaga abokatuak. 1990etik kale borrokaren inguruan emandako 34 sententzia aztertu zituen. Altsasuko auziko eztabaida bera zen: kale borrokako jarduera haiek «terrorismoa» ziren ala ez, Madrilen epaitu ala ez... Bidarteko operazioan (1992) ustez ETAri atzemandako agirietan oinarrituta, «y taldeen» teoria aipatu zuten zenbait fiskal eta epailek; gerora, Auzitegi Nazionalak berak aitortu zuen auto batean beraiek ez zutela halako paperik.

Ez ziren horretan geratu, hala ere. 1995ean legea aldatuta ere, ez zen nahikoa izan epaile denak konbentzitzeko, eta teoria berarekin jarraitu zuten 2000. urtean Efe agentziak filtratutako dokumentu batean. Kale borroka Auzitegi Nazionalean epaitzeko argudioak eman zituzten han: «Oinarrizko eskubide batzuk bertan behera uzteak, inkomunikazioak eta atxiloaldia luzatzeko aukerak, esaterako, atzera eragiteko ageriko efektu bat sortzen dute».

Arzuagaren azterketaren arabera, 2000. urtera arte kale borrokako auzi guztiak ez zituzten «terrorismo» gisa zigortzen; ordutik aurrera, denak. Abokatuak liburuan oroitarazten duenez, gainerako delitugileei atzera eragiteko zigor bat erabiltzea onar liteke, baina ez atxilotuak epaitu eta errudun jo aurretik eskubideak kentzea. Altsasuko auzipetuak ez dituzte oraindik epaitu, baina haietako hiruk dagoeneko sei hilabete bete dituzte kartzelan.

2000: BESTE JAUZI BAT



Legez kanporatzeen zikloarekin lotutakoa da hurrengo jauzia. Izko: «Erakunde armatuko kide izateko ez da armaturik egon behar». Orain, ETAk jarduera armatua utzi eta sei urtera, hura armagabetu ostean, «terrorismoagatik» zigortu ditzakete hainbat euskal herritar. Erakunde armaturik ez dago jada, baina haren inguruan eraikitako legeak bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.