Suteak

Nola jokatu sute batean

16 urteko gazte bat hil zen igandean Barakaldon piztu zen sutean. Ina Robles Bizkaiko suhiltzaileak sute batean zer egin behar den azaldu du.

Suhiltzaileak Barakaldoko Portu kalean, joan den igandean. MIGUEL TOñA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko uztailaren 18a
11:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Suhiltzaileek trabak izan zituzten igande goizaldean Barakaldoko Portu kalean (Bizkaia) izandako sutera heltzeko. Polemika piztu da oinezkoentzako kaleetan sartzea galarazten duten trabagarrien inguruan; horietako batzuk zerraz moztu behar izan zituzten suhiltzaileek. Sua azkar hedatu zen eraikin osora, eta zurezko eskailerak behera erori ziren sutea hedatu zenean. 16 urteko gazte bat hil zen sutearen ondorioz, eta sei lagun erietxera eraman zituzten —garretatik ihes egin nahian patiora jauzi egin zutelako zauritu ziren horietako batzuk—.

Minutu bakoitza erabakigarria da sute batean, baita norberak egitea erabakitzen duena ere. Barakaldoko ezbeharra ikusita, Ina Robles Bizkaiko suhiltzaileak halako egoeretan zer egin behar den azaldu du Twitterren (@inarobles13); «oinarrizko nozio batzuekin, saihestu zitezkeen» gaztearen heriotza eta erietxeratzeak.

Eta keinu sinple bat da bizitza salbatu dezakeena: atea ixtea. Eraikinetik atera ahal izanda ere, garrantzitsuena da ate guztiak itxita uztea sua ez zabaltzeko. Nahiz eta egurrezkoak izan, nahikoa denboraz oztopatu dezakete gela batetik bestera sua hedatzea. Sarrerako atea irekita uzten bada, bizilagunak arriskuan jartzeko arrisku handia dago, kea eskaileretara joan daiteke eta.

Etxetik ezin irtenda, balkoira edo leiho bat duen gelara joan behar da lehenbailehen. Eta ez da ahaztu behar ateak ixteaz. Gela leihodunak dira onenak, kanpoko airea sartu daitekeelako. Kaletik norbaitek ikusteko modu bakarra da, eta handik erreskatatu dezakete larrialdian den pertsona. Leihorik gabeko gela batean amaituz gero, trapu hezeekin blokeatu behar da kea, eta larrialdi zerbitzuei jakinarazi.

Beste gomendio batzuk ere eman ditu Roblesek: kea egotekotan, lau hankatan ibiltzea. Arriskutsuena da kea; begiak narritatu ditzake, itsutu, eta arnasa hartzea galarazi. Horregatik, etxean-eta ke detektagailuak izatea funtsezkoa dela adierazi du. Su itzalgailuek ez dute balio garrek indarra hartu badute. Sua hasi bezain laster erabili behar dira horiek, eta ihes egin behin hedatzen hasten bada.

Ahal izatekotan sute batean egin beharrekoak ere zerrendatu ditu suhiltzaileak: igogailurik ez erabiltzea, 112ra deitzea, argindarra moztea eta gasaren giltza ixtea, kanpoan izatekotan suhiltzaileei itxarotea, eta haiei giltzak ematea, eraikinera sartzeko aukera izan dezaten.

Ekintzailea ere bai

Suhiltzailea da Robles, baita ekintzaile antimilitarista ere. Bilboko portutik Saudi Arabiara armak zeramatzan itsasontzi bat zamatzeko lanetan laguntzeari uko egiteagatik egin zen ezaguna, 2017an. Herrialdeak Yemenen kontra eginiko bonbardaketen aurkako protesta gisa egin zuen.

Elkarrekin Podemos alderdiko kidea zen Robles, eta alderdi hori ordezkatuz zinegotzi izan zen Getxon, 2020ra arte. Alderdi morearekiko «lotura oro» hautsi zuen, Madrilgo Gobernuak adierazi duelako Saudi Arabiari armak saltzen jarraituko duela. Aurretik, 2018an, Pedro Sanchezek esan zuen salmenta oro etengo zuela, herrialde arabiar hartako gobernuak Jamal Khaxoggi kazetaria hil zuelako Turkiako kontsulatuan.

Ukrainako gerraz ere aritu zen BERRIAri eskainitako elkarrizketan, joan den otsailean: «Gizarteak, oro har, militarismorantz egin du gerra honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.