Euskal Herrian hitz ezaguna da lindanoa: pestizida gisa erabili den konposatu kimiko bat da, oso toxikoa. Europako Batasunean 2008tik dago debekatuta, eta Osasunaren Mundu Erakundeak minbizi eragiletzat sailkatuta dauka. Hari buruzko txostena osatu du Javier Vazquez Velasco Ekologistak Martxan taldeko eledunak: Lindanoaren fabrikazioa eta erabilera. Pozoitze iraunkor eta isil baten kronika.
Iragan mendean, hainbat hamarkadaz ekoitzi zen lindanoa, baina berau lortzeko prozesua oso eraginkortasun txikikoa zen: ekoitzitako tona bakoitzeko beste sei edo hamar tona hondakin sortzen ziren, lindanoa bezain kutsagarriak. Ekologisten txostenaren arabera, «gaizki» kudeatu zen hondakin kopuru handi bat. «Ustez, fabrikatze tokiak ez ziren beste gune batzuetan legez kanpoko isuriak egin ziren».
Hain justu, gune horiek aurkitzeko eta arazoari modu bateratuan aurre egiteko eskatu die taldeak erakunde publiko guztiei. Izan ere, «opakutasun osoz» egin zituzten isuriak, Javier Vazquezen iritziz. «Gaur egun ez dakigu gune horietako batzuk non dauden, zenbat hondakin bota ziren, edo isuriak zein baldintzatan egin ziren». Hala, produktua debekatu zutenetik ia hamar urtera, substantzia hori detektatzen jarraitzen dute erreka askotan eta, batzuetan, baimendutako mailatik gora. «Penintsulako ibai handien arro gehienetan badaude lindanoz kutsatutako guneak», jakinarazi du.
Horregatik, beharrezkotzat jo dute lokalizatu eta detektatu gabe dauden isurien mapa zehatza osatzea. «Gero, lindanoa kendu, eta kaltetutako eremuak erabat garbitu beharko lirateke, kutsadura karga desagerrarazi arte, eta ahalik eta epe laburrenean», azaldu du Vazquezek.
Horiekin batera, beste hainbat neurri hartzeko ere eskatu diete erakundeei, hala nola kaltetutako ibaiak giza kontsumorako ura hartzeko gune desegokitzat jotzea, gertaerak ikertzea eta erantzukizunak eskatzea, jarduera horietarako beharrezko aurrekontuak ezartzea, edota gardentasuna eta etengabeko informazioa bermatzea. Ekainaren 13an helaraziko diete txostena Eusko Legebiltzarreko alderdiei.
Bizkaian ekoitzia
Bizkaiko hiru lantegik ekoitzi zuten lindanoa, talde ekologistaren txostenaren arabera. Ansion (Barakaldo), Bilbao Chemical SA enpresak egin zuen: 75.000 tona hondakin ekoitzi zuen 1947tik 1987ra. Asuan (Erandio), Nexana SA jardun zen: Bilboko itsasadarraren ondoan zegoen, eta 1952tik 1982ra 7.000 tona hondakin ekoitzi zituen. Zornotzan, berriz, Insecticidas Condor lantegia zabalik egon zen 1966tik 1985era; Barakaldoko lantegitik banatu ostean aritu zen.
Lantegiok sortutako hondakinen kudeaketa desegokiak, baina, hurbileko toki askoren kutsadura «larria» eragin zuen. Guztira, kutsaturiko 40 gune ere identifikatu izan dira, txostenak dioenez. Kasu batzuetan, kaltetutako lurzoruetan segurtasun biltegiak egitea erabaki zuten eta, oraingoz, kontrolatuta dago bertako lindanoa.
Horrelako bi biltegi daude Bizkaian: bat Loiun dago, eta 113.718 metro kubiko dauzka; bestea Argalario mendian (Barakaldo) dago, eta 340.000 metro kubiko lur kutsatu dauzka.
Asuko fabrikan sortutako hondakinek Asua ibaiari eragin zioten, eta Barakaldokoak Galindo ibaia kutsatu zuen, biak Ibaizabalen adarrak. Ibai horrek kutsadura «handia» jaso du lindanoaren ondorioz, Uraren Euskal Agentziak berak egindako lan batean aditzera eman zuenez.
Baina Euskal Herriko beste hainbat gunek ere pairatzen dute lindanoaren kutsadura. Nafarroan, Vianan eta Iguzkitzan «legez kanpo» isuri zituzten Inquinosa fabrikatik (Huesca, Espainia) zetozen hondakinak. Araban, Zadorra ibaiak ere jaso zituen hondakinak.
Kezka Oiolako urtegiarekin
Horiez gainera, kontrolatu gabeko gune «asko» daudela ohartarazi du Ekologistak Martxan-ek. Hamarkadetan kontrolik gabe egindako isuriek azaleko zein lur azpiko urak kutsatu dituzte, eta taldea «bereziki» arduratuta dago, esaterako, Oiolako (Barakaldo) urtegiarekin. «130.000 biztanle baino gehiago urez hornitu zituen 2014ra arte eta, ziur asko, lindanoaren eraginpean egon dira txorrotako uraren bidez».
Gaur egun, gainera, inguruko abeltzaintza ustiategietako abereek bertako uretatik edan ohi dutela dio txostenak, «horrek dakarren arriskuarekin, bai abereentzat eta bai haietatik eratorritako produktuak kontsumituko dituzten pertsonentzat».
Non daude lindano hondakinak?
Ekologistak Martxan taldeak salatu du material toxikoa dela eta era «arriskutsuan» kudeatu dela. Lindanoz kutsatutako guneak aurkitu eta garbitzeko eskatu die erakundeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu