Duela 25 urte Gernikako Estatutua bultzatu zenean akats handi bat egin zela iritzi dio Barrenak, eta akats hura zuzentzeko sasoia heldu dela. Horregatik, hutsegitea ez errepikatzeko, oinarri demokratikoak adostu behar direla iritzi dio. Hain justu, oinarri horiek adosteko ezker abertzalea edonorekin mintzatzeko prest dagoela adierazi du.
Hizketarako ez ezik, baita beren proiektu politikoa alboratzeko ere, baldin eta bake prozesu bat abiaraziko badu. Une honetan, lehentasuna bake prozesua martxan jartzea dela azpimarratu du Barrenak. Hori dela eta, Ibarretxeri galdetu dio ea eurak ere prest dauden urrats bera egiteko: hau da, beren proiektua, Ibarretxeren Plana, baztertu eta adostasun bila hasteko.
Ezker abertzaleko kide historikoen kritika Estatutuari
Ezker abertzaleko kide historikoen laguntzarekin egin du Barrenak gaurko agerraldia; zehazki, Jon Idigoras, Itziar Aizpurua eta Txomin Ziluaga HBko buruzagi izandakoak eduki ditu ondoan.
Idigorasek eta Ziluagak Gernikako Estatutuak 25 urteotan egin duen ekarriaren azterketa egin dute, eta oso kritiko agertu dira. Idigorasek esan du Estatutuak ez zuela franskimoarekin erabat hautsi; hots, erreforma izan zela. Halaber, Estatutuak ekarriko zituela esaten ziren hainbat gauza ez direla bete nabarmendu du: hala nola, presoak etxean izatea eta Euskal Herriak eskumen osoak izatea. Horregatik, duela 25 urte ezker abertzaleak Estatutuari ezezkoa eman zionean arrazoia zuela frogatu dela iritzi dio Idigorasek.
Ziluagak ere, Estatutua hasiera-hasieratik gaizki sortu zela azpimarratu du, batik bat, "errepresio eta faxismo handiko" garaietan bideratu zelako. Ondoren, haren garapena ere eskasa eta nekeza izan dela adierazi du eta horren froga dela oraindik 37 transferentzia egin gabe daudela.
Funtsean, 25 urteotan zintzotasunez jokatu duen alderdi bakarra ezker abertzalea izan dela esan du Ziluagak.
Politika