Anormala» da egoera. Ez preseski bozak egin zirenetik hiru hilabete igaro ondoren gobernurik ez delako. Asier Blasek gogoratu duenez, Belgikan urtebete inguru egon ziren, eta ez zen hondamendia izan. «Baina beste inguruko herrialdeetan ohikoa dena —koalizioan gobernatzea— Espainian ez da inoiz eman», azpimarratu du EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak. Eta anormala ere bada gobernua osatzeko orain arte eginiko saio guztiak «benetakoak» izan ez izana. «Estrategia guztiek huts egin dute, ez dituztelako diseinatu gobernu bat osatzeari begira, barrura begira baizik». Hala uste du Braulio Gomez Fortes Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Diagnostikoan bat datoz: Aldatu egin da «politika ulertzeko» modua, eta horrek «eskutik ihes» egin die betiko alderdiei. Normaltasun berri baten hasiera baino ez litzateke egungo anormaltasuna.
Irtenbideak zaila irudi arren, bi irakasleek uste dute, askok diotenaren kontrara, hauteskundeak ez direla berriro egingo. Gomez Fortesen arabera, inori ez lioke mesederik egingo, emaitzak antzekoak izango liratekeelako eta PPren, PSOEren eta Podemosen barne arazoak handitu egingo liratekeelako. Era berean, diote hiru alderdi horiek presio handiak jasoko dituztela, barrutik eta kanpotik, datozen egunetan, eta azkenean egongo dela akordioa. Baina zeinen artean apustu egiteko eskatuta, ez datoz bat. «Modu batera edo bestera» PPren babesa izango duen PSOEren gobernua nagusituko dela uste du Blasek: «%60-70 horrentzat eta %30-40 beste aukerarentzat»; alegia, PSOE-Podemos gobernua, Kataluniako eta Euskal Herriko abertzaleen abstentzioarekin. Bigarren hori lehenetsi du Gomez Fortesek: «Ez dago besterik».
Funtsean, uste dute «denboraren faktorearekin» jokatzen ari direla denak. Blasen arabera, «azken orduan» bozetara deitzeko «tentazioa» izan dezake PSOEk, baina «Katalunian gertatu denaren antzeko zerbait» gertatuko dela uste du: hots, azken orduan akordioa egitea, haren ustez, Rajoy buru ez lukeen PPrekin. Ados dago Gomez Fortes azken orduko akordioaren hipotesiarekin; ez emaitzarekin. «Bidean gauza harrigarriak ikus ditzakegu, Rajoyren dimisioa edota hauteskundeak berriz egitea». Dena den, uste du ez litzatekeela iazko abenduko hauteskundeetako «argazkia» gehiegi aldatuko, eta hori gakoa dela. «Gehiengo zabal batek aldaketa nahi du. Espainiako Estatua bere onera etortzen hasi da».
Katalunia eta epeak
Ikusten ari garena «kontakizunaren borroka» dela diote bi irakasleek. Lehia horretan «argi dagoen gauza bakarrenetako bat» da, Blasen iritzian, Sanchez dela «hautagai bakarra», eta egoera horretan PPk izan dezakeen «azken aukera» dela hura babestea. «Hori da sinesgarriena orain: botere faktikoek Rajoy lehiatik kentzea eta PPk, abstentzioaren bidez, PSOEren eta Ciudadanosen arteko gobernua babestea».
Oso bestela pentsatzen du Gomez Fortesek. Hark uste du PSOEk «irudikatu» nahi duela ezkerreko alderdien arteko «bataila», baina «benetan» ez duela eskuinekoekin akordioa nahi. «Bazekiten Ciudadanosekin akordioa egiteak ez zuela ezertarako balio, ez bada barruko sektore batzuk lasai uzteko. Eta koalizio handiarenak, berriz, handitu baino ez lituzke egingo PSOEren barruko barne gatazkak. Eta bere barruan gehiengo oso handi batek nahi ditu ezkerreko politikak eta Kataluniakoa desblokeatzea».
Oinarrian ados egonda ere, Blasek zail ikusten du hori: «Gerta liteke Podemosek orain arteko eskaerak eta baldintzak gutxitzea baina, horrek, halaber, eragin dezake nazionalistek kontra bozkatzea eta orduan zer eginik ez egotea». Gomez Fortesek, aitzitik, ez du uste PSOE eta Podemos ados jartzen badira, abertzaleek «boikoteatzea» gobernu aldaketa. «Alderdi sozialistak badu maniobratzeko tartea, egungo statu quo-aren eta Kataluniako abertzaleek eskatzen duten erreferendumaren artean, egoera desblokeatzeko jarrera erakutsiz».
Blasek zalantzak ditu horrek Kataluniako abertzaleak asebeteko ote dituen eta baita PSOEren barruan posible ote den ere. Gomez Fortesen ustez, baina, PSOEri «aukera hori» emateko prest agertu dira Kataluniako alderdiak; eta, haren irudiko, «kontuan hartzeko keinuak» egin dituzte. «Espainiako solaskidea aldatzeko nahiak pisu handia dauka». «Gakoa da PSOEk mahai gainean jartzea Ciudadanosekin adostutakoarekin zerikusirik ez duen zerbait», azpimarratu du. «Urtebetean erreferenduma egitea nahi dute independentistek; Sanchezek ez die hori emango, baina lau urte lau urte dira...».
Euskal Herriko abertzaleen kasuan, berriz, bi ikerlariek uste dute ez zaiela komeni bozak errepikatzea, «orain giltza dutelako». Bati mesede egitekotan, EH Bilduri egingo lioke, Blasen arabera. «Baina soilik ikuspegi partidista batetik; luzarora begira, Madrilen egon daitezkeen dinamika ezberdinetan esku hartzeko gaitasunari erreparatuta, ez». Berdin pentsatzen du Gomez Fortesek. EH Bilduren kasuan, uste du gaur egun ezingo lukeela ERC bozkatutakoaren aurka bozkatu; eta EAJren kasuan, berriz, «irabazteko asko eta galtzeko gutxi» izango lukeela PSOE eta Podemosen balizko akordioa babestuta.
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratuko diren susmoa ere zabaldu da, baina bi politologoek baztertu dute aukera hori. Diote horrek zentzua izango lukeela Madrilen gobernua osatuta egongo balitz. «Astirik ez dago hauteskunde batzuk behar bezala egiteko, komunikazio politiko propio bat egiteko, zerrendak osatzeko ...», dio Blasek.
Ziurrenik, udazkenean egingo diren bozei begira, bi ikerlariek uste dute Ahal Dugu-k aldatu egingo dituela egungo agertokia eta aurrera begirako estrategiak. Parte hartzea gakotzat jo du Blasek. Apala bada, abertzaleei egingo die mesede, EH Bilduri bereziki. «Azken hauteskundeetan emaitza onak lortu dituzte abertzaleek, baina ez dute boto kopuruan hazkunde berezirik izan».
Gomez Fortesek, berriz, uste du Ahal Dugu-k oinarri sendoa duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nabarmen baldintzatuko duela euskal politikako agenda eta gobernuak osatzeko aukerak, «aliantzetarako ardatzak aldatuz». «Ikusten ari gara EAJk eta EH Bilduk Eudelen-eta egin dituzten akordioetan, non EAJk PSEri erakutsi dion beste batzuekin akordioak egiteko gai dela, edota Otegiren adierazpenetan, eta ezker abertzalean, oro har, azkenaldian gizarte gaiei ematen dioten garrantzia...».
Hein batean bat dator analisi horrekin Blas. Uste du EAJ EH Bildu baino egoera «hobeagoan» dagoela Ahal Dugu-ri aurre egiteko. Eta EH Bilduri buruz erlatibizatu egin Otegi lehendakarigai izateak izan dezakeen eragina. «Hilabeteak aurrera egin ahala,efektu handiagoa izango du. Baina batez beren etxean, barruan duten zalaparta amaitzeko. Otegik ez dio zabalkunde bat ekarriko EH Bilduri euskal hauteslerian».
Espainiako gobernabidea. Aurrera begirakoak
'Normaltasun' berri baterantz
Gobernua osatzeko lehen saioak porrot egin badu ere, kontsultatutako politologoek uste dute akordioa egongo dela eta sozialistek gidatuko dutela. Zein bidelagun izango dituen dago jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu