Hiriburuan baino gehiago, Bizkaiko eskualdeetan hartu du zeresana gaurko grebak. Bilbon saltokiak ikusi dituzte itxita, baina askok eman dute eguna zabalik; Kale Nagusian, adibidez, kate handien dendak zabalik egon dira, nahiz eta piketeak ibili diren aurrera eta atzera. Beste aldi batzuetan El Corte Inglesen sortu izan dira istiluak, baina, aurten, gorabeheraren bat kenduta, ez da aparteko liskarrik sortu. Sindikatuek, nolanahi ere, Ertzaintzak Bizkaian izan duen jarrera "oldarkorra" salatu dute.
Datuak aztertuta, alde nabarmenak aipatu behar dira. Aldeak batzuen eta besteen datuen artean, eta aldeak leku batzuen eta besteen artean. Sindikatuek industriako datuak eman dituzte xehe, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen egoera aztertuta. Bizkaian honako analisia egin dute: enpresen %34 jarduna etenda egon dira (beharginen %70ek baino gehiagok lanuztea eginda), eta beste %21ean eragina izan du (%30-70 arteko lanuztea). Cebek patronalak %5eko parte hartze datua aipatu du; metaleko enpresek, berriz, %18ko datua eman dute. Erdibidekoa da Jaurlaritzaren kalkulua: adierazi du %11,5ek jo dutela lanuztera. Arabako datuaren paretsukoa da hori, eta Gipuzkoakoa baino nabarmen apalagoa.
Busturialdean eta Durangaldean izandako jarraipena aipatu dute sindikatuek. Bilboko Udalekoa ere bai. Bizkaiko Diputazioak jakinarazi du beharginen %14,4 ez direla joan lanera. Eraikuntzan eta garraioan izandako eragina goraipatzekoa dela esan dute deitzaileek. Euskotrenen gutxieneko zerbitzuak soilik izan dira, haien arabera —enpresak dio autobusetan eta Bilboko tranbian zerbitzuaren %60 inguru eman dituela—, eta metroan, "eragin handia" —enpresak dio trenen %66 badabiltzala—. Bizkaibusen ere gutxieneko zerbitzuak baino gehiago ari dira ematen. Hezkuntzan %70 bueltako jarraipenaz mintzatu dira sindikatuak; Jaurlaritzak, %40 baino txikiagoa dela dio. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean mugimendu gutxi izan da; bertan behera utzi dituzte azterketa gehienak.
Enpresa handiak batu dira protestara. Honako hauek, besteak beste: Estampaciones Metalicas Bizkaia, CIE Udalbide, Camelot, Ormazabal, Mesa, Tecnicas Hidraulicas, EGT, MFS Trapaga Sintering, Gea Iberica, Tecnichapa eta Cementos Lemona, besteak beste. Horiez gain, bereziki nabarmendu dute adinekoen egoitzetan izaten ari den jarraipena; Gipuzkoan bezala, gatazka dute Bizkaiko egoitzetan ere, lan hitzarmena dela eta.