Normaltasunaren «iraultza» goraipatu du Patxi Lopezek Iruñean

Azken 17 hilabeteotan Jaurlaritzak eman dituen pausoak eta PPrekin egindako ituna azaldu ditu

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzakolehendakari denetik Iruñean bigarren aldia zuen atzokoa. Navarra Foro XXIek gonbidatuta, hitzaldia egin zuen atzo Iruña Park hotelean; «hitzaldi arraroa», Lopezek berak txaloka hartu zuten entzuleei ohartarazi zienez. Aukera baliatu zuen, besteak beste, 17 hilabeteotan bere gobernuak «aurrerapauso nabariak» eman dituela goraipatzeko, nahiz eta, bere hitzetan, «hasieran inork ez zuen apusturik egin» Lopezen alde. Haatik, «normaltasunaren iraultza» nabarmendu du eta bere gobernuak «gatazken ordez, denen arteko akordioak» lortzen saiatu dela azpimarratu du: «Jada ez gara albiste gorabeheratsuen iturri etengabea; alderantziz, beste toki batzuetan, politikaegiteko moduen adibide gara».

Gazteleraz, «euskal presidente» edo «lehen lehendakari ez-abertzale» gisa definitu du Eugenio Arraiza Navarra Foro XXIeko ordezkariak Lopez. Aurkezpen ofiziala, berriz, PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezi egokitu zaio. Eredugarritzat jo du Patxi Lopez, «2009ko martxoaren 1 historiko hartan» urteetako sakrifizioek «zentzua» hartu zutelako. Adiskidetzat jo ostean, bien arteko bilera EAEko eta Nafarroako presidenteen hurrengo goi bileran izatea opa dio. Hitzaldian, entzuleen artean izan da, besteak beste, Miguel Sanz Nafarroako gobernuburua.

Demokraziaren definizioa

Lopezek lehen hitzak ez ditu bere gobernu jarduerari laudorioak egitera zuzendu, demokrazia zer den definitzera baizik. Haren ustez, demokrazia modernoek konstituzionalismo liberalean dute oinarrietako bat: «Konstituzionalismoaren funtsa da ezin duela erabat subiranoa den botere bat egon, ezta herriarena ere». Beste oinarria «tradizio demokratikoan datza» eta bertan herri borondatea ordezkatzen da.

Patxi Lopezen arabera, bi tradizio horietan oinarritzen da egungo sistema demokratikoa, eta, horregatik, gaur egun«orekaz eta konplexutasunaz» hitz egin behar da demokraziaz mintzatzerakoan. Haren ustez, «arau konstituzionalek, prozedurek eta balioek» osatzen dute demokrazia, eta batez ere «ezinbestekotzat» jo ditu printzipio demokratikoak.

«Zergatik diodan hau guztia? Sistema demokratikoa bere osotasunean ulertu behar delako, eta ez duelako balio, maiz Euskadin gertatu den bezala, demokraziatik norberari komeni zaiona hartu, ondoren demokrazia bere osotasunean ulertzen dugunon aurka jotzeko», arrazoitu du, eta gaineratu du horregatik egin duela EAEn PPrekin «balio demokratikoak hedatzeko» akordioa, «batzuk itun arraroa deitzen duten hori».

Haren ustez, 17 hilabeteotan, «terrorismoaren aurkako politikak» emaitzak ekarri ditu. ETA «inoiz baino ahulago» dagoela adierazi du, eta ezker abertzaleak mugimenduak egin dituela onartu arren, «orain hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu dio beste behin ere.

Autogobernuaren garapenari dagokionez, Patxi Lopezek nabarmendu du 80ko hamarkadaz geroztik eskumenen transferentziarik handiena bere gobernuaren gidaritzapean izango dela. Haatik, geroago, ukatu egin du argazkietan atera edo protagonismoa izan nahi duela. «Hori beste batzuek egin nahi dute», esan du, EAJ gogoan zuela. Era berean, gaineratu du «bitxia» dela 30 urteren ondoren PSE-EE gobernura iritsi denean Estatuko aurrekontu orokorren testuinguruan EAJk «lehen aldiz» eskumenen transferentzia negoziatzeko gai gisa erabiltzea.

Etorkizuneko erronken artean, demografiaren arazoari heldu dio. Era berean, etengabe aldatzen ari den gizarte eta ekonomia baten aurrean Nafarroa ez dela lehiakide izan behar azpimarratu du: «Mugak altxatu nahi dituen orok modernitateari ateak itxiko dizkio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.