Ntb11 euskarazko telebista kate berria sortu dute Iruñerrirako

Nafar Telebistak eta Hamaika telebistak elkarlanean eratu dute.«Espresuki» ekoitziko dituzte edukiak kanalerako, euskaraz

Hamaikako eta Nafar Telebistako ordezkariak atzoko aurkezpenean. J.M. / ARP.
2015eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskarazko telebista kate bat izango du Iruñerriak: Ntb11. Hamaika telebistaren eta Nafar Telebistaren baturatik sortu da, eskualde horretan zerbitzu berri bat eskaintzeko. Bi telebistek elkarrekin kudeatuko dute kanala, eta «espresuki kate berrirako» ekoitziko dituzten edukiekin hornituko dute. Bi kateek sortutako programekin osatuko dituzte edukiak. Iruñerriko 38. kanalean ikusi ahalko da.

Iñaki Redin Nafar Telebistako zuzendariak eta Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak atzo kanalaren aurkezpenean zehaztu zutenez, «ahalegin berezia» egingo dute Iruñerrirako euskarazko albistegi bat ekoizteko. «Egunerokotasunari lotutako errealitate politiko, sozial eta kulturala Iruñerriko ikusleei eskaintzea» ahalbidetu nahi dute,«kalitatean eta gertutasunean oinarritutako edukiak» eskainiz.

Egunerokotasuna erronka

Besteak beste, eskualdeko eragile sozial, kultural eta politikoek eta kirol mailakoek izango dute lekua Ntb11 kate berrian, eta egunerokotasunari lotutako elkarrizketak eta eztabaidak eskainiko dituzte. Nafar Telebistak bere lehenengo katearen bidez Nafarroa osora hedatzen dituen euskarazko hainbat eduki ere ikusi ahalko dira. Edukien partekatzea «bi noranzkotan» egingo dute, «Nafar Telebistaren lehenengo katea, apurka-apurka, euskarazko programekin hornituko baita».

Telebista martxan jarri osteko lehen hilabeteak probakoak izango dira, «martxa hartu eta eskualdera egokitutako edukiak sortu bitartean». Alde horretatik «funtsezkoa» izango da Nafarroako Gobernuak «euskarazko hedabideen berariazko defentsa egitea», kateko arduradunen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.