NUPek aurrez aurre emango ditu eskola guztiak

Datorren asteartean hasiko du ikasturtea, eta zenbait neurri iragarri ditu COVID-19aren kutsatzea eragozteko.

Nafarroako Unibertsate Publikoa. IñIGO URIZ / FOKU
2020ko abuztuaren 25a
15:20
Entzun

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020-2021eko ikasturtea hasiko du datorren astean, eta irakasgai guztiak modu presentzialean emango ditu. Eskolak irailaren 2an hasiko dira, asteazkenarekin, baina, gaur zortzi, graduen aurkezpen saioak dituzte lehen mailako ikasleek.

Halere, COVID-19aren hedapena eragozteko neurri batzuk iragarri ditu unibertsitateak. Besteak beste, ikasgeletako ikaspostu kopurua murriztu eta berregituratu da pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia gomendatua kontuan hartuta, eta campuseko jarduera presentzialerako neurri higienikoak hartu dira (maskararen erabilera, eskuak garbitzea, eta abar.).

NUPek «kontingentzia plan bat» taxutu du datorren ikasturterako, gerta daitezkeen egoeretan zer egin behar den jasotzen duena. Plan horren helburua da «kalitatezko unibertsitate irakaskuntza baten eta ikasleen eta langileen osasuna babestearen arteko oreka ahalbidetzea». Egoera horietan, unibertsitatea «egokitu egingo da ikasgela hibridoen, klaseen emankizun sinkronoaren edo baita sareko irakaskuntzaren bidez ere, joan den udaberrian gertatu zen bezala, osasun agintariek hala agintzen badute».

Ikasle guztiek gida bat jasoko dute aste honetan, campusetara iritsi aurretik hartutako neurrien berri izan dezaten. Horri dagokionez, ikasleei gogorarazi diete maskara behar bezala jarrita eduki behar dutela une oro, distantzia mantendu ala ez.

Irakaskuntza presentziala eta «ispilu ikasgelak»

Horrez gain, NUPek azaldu du irakaskuntza espazioak aztertu dituztela, eskolak aurrez aurre eman ahal daitezen. Haatik, zenbait talde identifikatu dituzte (talde guztien % 7), dagokien ikasgelako gehieneko ikaspostu kopurua gaindituko luketenak, zenbat ikasle matrikulatu diren kontuan hartuta. Hori dela eta, ikasgela horiei (46 ikasgela guztira) kamera, mikrofono eta bozgorailuen sistema bat jarriko diete, ikasgela beteta egonez gero ikasleetako batzuk «ispilu ikasgela» batera joan daitezen.

Ikasgela horretan, klasea zuzenean ikusiko dute erabiltzen duten gailuaren bidez, eta, irakasleak hala erabakitzen duenean, txat baten bidez parte hartu ahal izango dute. Osasun Zientzietako campusean eta Tuterako campusean %100 izango da presentzialtasuna, erabilgarri dauden baliabideak aintzat hartuta. Bestalde, NUPeko instalazioetako irakaskuntza praktikei dagokienez, unibertsitateak aurreikusten du praktika guztiak modu presentzialean egingo direla, dagozkien neurri higieniko sanitarioekin.

Bestalde, ikasturte honetarako, Internet bidezko ikastaro batzuk prestatu dituzte irakasleentzat, irakaskuntzari laguntzeko metodologia eta tresna teknologikoei buruzkoak. Horrez gain, ikasturte osoan prestakuntza jarraituko programa bat jarriko da abian bideoak egiten eta urrutiko irakaskuntzako beste metodologia batzuk baliatzen ikasteko. Bestalde, unibertsitateak hainbat gailu eman dizkie sailei, hala nola web kamerak, tabletak eta ordenagailu eramangarriak, irakaskuntza presentziala osatzeko materiala presta dezaten. Konfinamenduan gertatu bezala, behar izanez gero, ordenagailu eramangarriak edo sakelakoetarako datu txartelak ere jar ditzakete ikasleen eskura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.