NUPeko ikasleek berretsi dute «ezinezkoa» dela unibertsitatean euskaraz ikastea, eta salatu errektoretza «utzikeriaz» ari dela

NUPeko Euskara Taldeak eginiko inkesta baten arabera, ikasleen %85,5ek uste dute unibertsitatea ez dela «behar bezala ahalegintzen» euskaraz ikasteko aukera bermatzeko.

Unibertsitatea euskalduntzearen aldeko itsasgarri bat, NUPen Arrosadiko campusean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Unibertsitatea euskalduntzearen aldeko itsasgarri bat, NUPen Arrosadiko campusean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko maiatzaren 6a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez da nahikoa». 2025eko lehen hilabeteetan amaitu zen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskara planaren aplikazio aldia, eta ikasleen Euskara Taldeak txartzat jo ditu hala plangintza nola errektoretzak euskararen inguruan duen jarrera.

Ikasleek salatu dute, euskara plana iraungi den honetan, NUPen ez dagoela aurrera begirako estrategiarik ezta planari segida emateko asmorik ere. Uste dute ez direla bete planean jasotako helburuak, «ezin xumeagoak izanagatik ere», eta NUPen errektoretza «utzikeriaz» ari dela euskarari lotutako gaietan, gaur-gaurkoz ezinezkoa baita Iruñeko eta Tuterako campusetan euskaraz ikastea: «NUPeko euskara plana ez da nahikoa unibertsitatea euskalduntzeko, eta aurpegia zuritzeko ariketa bat baino ez da». Horregatik, «benetako konpromisoa» galdegin diote errektoretzari.

Euskararen alorrean eginiko aurrerapauso gehienak «unibertsitateko komunitate euskaltzalearen ekimenez» eginikoak direla gehitu dute ikasleek, eta eurek eginiko diagnostiko baten emaitzak aurkeztu dituzte horren erakusgarri: «Ikasleen %85,5ek uste dute erakundea ez dela behar bezala ahalegintzen ikasketak euskaraz eskaintzeko».

Mediku euskaldunik ez

NUPek euskarari bizkarra, ikasleok euskarari indarra! dinamikaren barruan eginiko lana da NUPeko Euskara Diagnosia 2024-2025 izeneko txostena. Bertan, NUPeko Euskara Taldeak bildu du euskara planean zer helburu jaso ziren, horiek zenbateraino bete diren eta ikasleek zer iritzi duten horri guztiari buruz. Azaldu dutenez, euskaraz eskainitako kredituak ugaritu egin dira azken lau urteotan —plana indarrean izan den denboran, alegia—: 2.061 kreditu ziren lehen, eta 2.856 orain. Euskarazko edukien goraldi hori, baina, «dirudien baino pobreagoa» da, ikasleen hitzetan.

Euskara Taldeak esplikatu duenez, ikasgai «oso gutxi» eskaintzen dira euskaraz Erizaintza, Medikuntza, Lan Harremanak eta Psikologia graduetan, besteak beste. «Horietako batzuetan, ezta ikasgai bakar bat ere ez». Ikasleen ustez, «ulertezina da» NUPek mediku eta erizain euskaldunik ez prestatzea, noiz-eta «Euskal Herrian eta bereziki Nafarroa Garaian osasun langile euskaldunen eskasia dugun garaiotan».

Eskariaren eta eskaintzaren logikaren pean

NUPeko euskara planaren «planteamendu guztiz utilitarista» ere kritikatu dute ikasleek diagnostikoan: «Hezkuntzaren inguruko erabakiak ezin dira hartu eskariaren eta eskaintzaren logikaren pean. Hezkuntza publikoa eta duina euskaraz jaso ahal izatea eskubide bat da». Uste dute planteamenduak kontrakoa behar lukeela: «Euskara igo dadin, euskararen aldeko apustu ausartak eta proaktiboak egin behar dira».

Euskara Taldearen arabera, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza osorik D ereduan egindako ikasleak «unibertsitate ikasketak gaztelaniaz egitera» behartzen ditu NUPek.

Egoera hori aldatze aldera, irakasle euskaldunak kontratatzeko beharra aipatu dute, baina, horretarako, lan baldintzak hobetu beharko lituzke unibertsitateak: «Ezinbestekoa da euskarazko irakasleen lan baldintzak EHUko irakasleenekin berdintzea; izan ere, irakasle euskaldun askok EHU lehenesten dute, han euskararen presentzia nabarmenagoa baita». Esplikatu dutenez, NUPeko irakasleek batez beste EHUkoek baino 200-300 euro gutxiago kobratzen dituzte hilean.

Gradu amaierako lana

Txostenean irakur daitekeenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak euskaraz eskaintzen dituen kredituen kopuruak gora egin du, hein handi batean ikasleek aukera dutelako praktikak eta gradu amaierako lana euskaraz egiteko. Euskara Taldearen aburuz, ordea, unibertsitateak ez du benetako inbertsiorik egin arlo horietan: «Praktiketarako ez da inolako baliabide materialik eskaintzen: ez da benetako inbertsiorik egin behar leiho hori zabaltzeko».

Gaur egun, bost gradutan ematen dute aukera praktikak euskaraz egiteko: Psikologian, Historian, Gizarte Lanean, Lehen Hezkuntzako Irakasletzan eta Haur Hezkuntzako Irakasletzan.

GRAL edo gradu amaierako lana euskaraz egiteari dagokionez, Euskara Taldeak uste du gradu osoa gaztelaniaz egin behar izan duen ikasle batek nekez eginen duela proiektua euskaraz: «Gradu osoan ikasle euskaldunen eskubide linguistikoak urratu ostean, NUPek ikasleongan jartzen du GRALa euskaraz egiteko ardura».

Proposamenak zuzendaritzari

Bukatzeko, NUPeko Euskara Taldeak zenbait gomendio eta proposamen zerrendatu ditu, 2026tik aurrerako plan estrategikoan «euskarari garrantzizko lekua eman» diezaioten. Lehenik eta behin, proposatu dute euskara teknikari bat kontratatzea, «unibertsitatearen plangintza linguistikoa egin dezan, euskara sustatzeko beste zenbait ekinbiderekin batera». Horrez gain, euskararen arlorako errektoretza bat sortzea ere proposatu dute, «NUPen euskaratze prozesuan esku hartzea izanen duen organo bat, euskarak unibertsitatean botere kuotak irabaz ditzan».

Bi proposamen horiekin batera, txostenean jaso dituzte diagnostikoa ontzeko prozesuan ikasleek agertu dituzten zalantzak eta gomendioak ere, hala nola «euskarazko C1 duten irakasleak kontratatzea eta beharrezko baldintzak ezartzea gradu guztiak osorik euskaraz egin ahal izateko»; «langile euskaldun gehiago kontratatzea»; klasetik kanpoko jardueretan ere euskarari garrantzia ematea; NUPek «euskararen aldeko egiazko jarrera» hartzea, eta hizkuntza estrategia «erreala eta eraginkorra» aplikatzen hastea.

Euskara ez da meritu izanen NUP-eN Tuterako campusean

Euskara ez da merezimendu gisa hartuko NUPen Tuterako campusean. Iruñeko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiak ontzat jo du UGT sindikatuak jarritako helegitea, eta bertan behera utzi du baldintza hori unibertsitateko zortzi lanpostu betetzeko oposizio lehiaketan. Epai horren ondorioz, atzera botako dute prozedura osoa, eta epaimahaiak beste balorazio bat egin beharko du, aintzat hartu gabe hautagaiek euskaraz ba ote dakiten.

 

ELA sindikatuak epaia txarretsi du: «Onartezina da UPN Nafarroako Gobernutik atera eta hamar urtera euskararen egoera normaldu ez izana», adierazi du ohar batean. Egun indarrean den araudian egin du azpimarra; zehazki, iaz onartutako Merezimenduen Dekretuan: «Lege horrek modua ematen du enplegu publikorako deialdietan ingelesa eta alemana balioesteko, baina ez euskara». ELA eta Steilas sindikatuek errekurtsoa jarria dute dekretu horren aurka. 

UGTk euskararen aurka duen jarrera ere kritikatu du ELAk. Oharrean gogorarazi du sindikatu horrek eta Afapnak helegitea jarri ziotela 2017ko Euskararen Dekretuari, eta horren ondorioz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituela arau horren zenbait artikulu; besteak beste, euskara meritu gisa baloratzeari buruzkoa.

ELAren iritziz, gisa horretako epaiek agerian uzten dute «euskararen beste lege bat» onartu behar dela, «Nafarroa osoan euskara ofizial izateko eta egungo zonifikazioa ezabatzeko, pertsona guztien eskubideak bermatze aldera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.