Frankismoko krimenak. Servini epailea Euskal Herrian

Nurembergekin amesten

77 urteren ostean, Doroteo Kaltzada aitari gertatutakoa epaile batean aurrean adierazi ahal izan dute Elisa eta Julen Kaltzada neba-arrebek. Gernika-Lumon hartu die testigantza Servini epaileak.

Elisa eta Julen Kaltzada, atzo, Gernika-Lumon, auzitegian lekukotasuna eman aurretik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Gernika-Lumo
2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ez gara Nurembergera helduko, zaila izango da, agintean daudenek hor jarraitzen duten bitartean. Baina bada aukera bat naziekin han egin zutena frankistekin hemen egiteko». Gernika-Lumoko epaitegitik (Bizkaia) pozik irten zen Julen Kaltzada atzo eguerdian; «lasaitua hartuta» zegoela aitortu zuen Elisa arrebak ere. Azkenean, epaile baten aurrean hitz egin ahal izan zuten frankismoko krimen bati buruz: aitaren hilketa. Maria Servinik Argentinan abiatutako ikerketak eta Euskal Herrira egindako bidaiak itxaropen izpi bat piztu die, Elisa Kaltzadaren hitzetan: «Ez genuen uste une hau helduko zenik. Ea hemendik zerbait ateratzen den. 77 urte pasatu dira; denbora asko itxaron behar izan dugu gertatutakoa kontatzeko».

Iazko abenduan Argentinara joan ezin izan ziren kereilatzaileen testigantzak jasotzera etorri da epailea, baita zenbait dokumentu biltzera ere. Euskal Herrian kaltzadatarren lekukotasuna hartzea zuen helburu nagusi. 10:30ean zen hastekoa deklarazioa, eta 10:00etan iritsi zen Servini epaitegira. Lasai, astiro eginzituen ibilgailutik eraikin sarrerara arteko metro apurrak, adierazpenik egin gabe.

Zain zituen Kaltzada neba-arrebak. «Urduri» zeuden, baina «itxaropentsu», Julenek esan zuenez: «Espero dugu bere lana egin ahal izango duela, baina badakigu eragozpen handiak izango dituela». Justizia Argentinatik eta ez Espainiatik heltzea deitoratu zuen: «Galdetu beharko litzaieke Espainiako Gobernuari-eta ea zergatik ez duten nahi jende hau epaitzerik. Baina pentsatzen dut beldur izango direla; bestela gauzak erraztuko lituzkete».

Bi orduz egon ziren epailearen aurrean. Elisa mintzatu zen lehenik, Doroteo Kaltzada aitari gertaturikoari buruz; 8 urte zituen 1937ko abuztuan. Busturiako zinegotzi zen aita. «Frankistak heldu zirenean, herritik ihes egin zuten denek, baina egun gutxira itzuli ziren, ez baitzuten ezer egin. Baina atxilotu zituzten, eta Derion fusilatu. Sei alargun utzi zituzten, eta hamazazpi umezurtz».

Julenek 2 urte zituen. Aitari gertatutakoa ez du gogoan; bai, ordea, berak pairatutakoa: frankismoaren aurkako adierazpenak egiteagatik, ETAri laguntzea egotzita, preso sartu zuten Zamorako apaiz kartzelan, eta hamabi urteko zigorra ezarri; 1976ko amnistiarekin geratu zen libre. Horren berri eman zion atzo Serviniri; hitz egiteak, ordea, ez zion askapenik sentiarazi: «Oraindik ez dituzte zigortu; orduan liberatuko naiz. Gizakien denbora berehala amaitzen da, baina historiarena askoz luzeagoa da».

Epaitegitik atera ondoren, Gernikako udaletxera joan zen Servini. Jose Maria Gorroño alkatearekin bilduta egon zen ordu erdi luzez. Ondoren Batzarretxera eta Bakearen Museora joatea aurreikusita zegoen arren, bisita horiek bertan behera utzi zituen. Izan ere, hedabideak atzetik izan zituen epaileak une oro, ernegatzeraino: momentu batean autotik ateratzeari uko egin zion, kamerek alde egin ezean. Azkenean, labur mintzatu zen udaletxean: «Ez dut adierazpenik egin nahi, auzia sekretupean gorde nahi dudalako, are atzerrian egonda. Baina ondo joaten ari zaigu, oso ondo».

Egunotan Serviniri jarraipena egin diotenen artean daude Argentinan kereila jarri dutenak biltzen dituen CEAQUA plataformako kideak, dokumental bat grabatzen ari baitira. «Emakume diskretua da, baina tarteka egiten du adierazpenen bat», adierazi du Eduardo Gonzalezek, euskal plataformako kideak. «Ikerketan zehar eragozpen asko jarri dizkio Espainiako Estatuak, baina egunotan bertatik bertara ikusten ari da zein oztopo dagoen».

Adibide gisa jarri du herenegun Felix Padin kereilatzaileari deklarazioa hartzeko izandako arazoak: «Idazkaria Bilboko hoteleko harreratik aritu zen Miranda Ebroko [Burgos, Espainia] epaitegira deika; erantzun zioten ez zekitela ezer. Horrek mindu egin zuen». Halere, Mirandara joan zen Servini astelehenean: ospitaleratuta dago Padin, baina elkar ikusteko aukera izan zuten. Gonzalezen arabera, pozik atera zen epailea: «Aurreko adierazpenak berretsi zituen; horrek prozedura erraztuko du, notario bidez jasoko duelako testigantza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.