«Nutrizioa eta gorputza bereizi behar dira»

Pisuaren inguruko estigmek bizikidetzan eta sare sozialetako mezuek gazteen nutrizioan eta autoestimuan izan ditzaketen eraginen inguruan hausnartu dute EHUren Udako Ikastaroetan.

Lizarraga, Ibañez, Zarrazkin eta Matxinbarrena, gaurko mahai inguruan. GORKA RUBIO / FOKU
Lizarraga, Ibañez, Zarrazkin eta Matxinbarrena, gaurko mahai inguruan. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko uztailaren 8a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jende askok hala uste ez badu ere, adituek argi eta garbi esan dute: «Nutrizioa eta gorputza bereizi behar dira». Idoia Zarrazkinek nabarmendu du nutrizio ohitura osasuntsuak sustatu behar direla denentzat, baina baita nutrizioa eta gorputza bereizi behar direla ere. Harekin bat etorri da Garazi Lizarraga, gorputz irudia eta elikadura desberdindu behar direla berretsi baitu. Lizarragaren esanetan, banaketa hori da erronka nagusietako bat elikaduraren ikuspuntutik.

EHUko erizaintza irakaslea eta Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatua da Zarrazkin, eta Elikaeskola nutrizio eta psikologia zentroko nutrizionista Lizarraga. EHUren Gorputz aniztasuna, bizikidetzarako gakoa ikastaroan parte hartu dute gaur, Obesitatearen estigma eskoletan mahai inguruan, Donostian. Haiekin batera izan dira Irantzu Ibañez EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea eta Juan Manuel Matxinbarrena EHUko Psikologia irakaslea.

[Lizarragak] Aipatu du elikaduraren inguruan ematen diren mezuak «oso erradikalak» izatea ez dela «onuragarria»

Jarduera fisikoari dagokionez, Ibañezek adierazi du horretan aritzean jendeak ahaztu egin behar duela gorputzaren irudiaz eta estetikaz. Nabarmendu du jarduera fisikoak onura handiak eragiten dituela nahiz eta ez argaldu, eta gorputz irudian baino gehiago «gozamenean» zentratu beharra dagoela kirola egitean.

Sare sozialen eragina nutrizioan

Hizpidera ekarri dute sare sozialek haur eta nerabeen nutrizioan eta autoestimuan duten eragina ere. Plataforma horietako eduki sortzaileek elikaduraren inguruko gomendio eta ohiturak zabaltzen dituztenean, pentsatu beharko lukete ematen duten mezuak «kaltea eragin dezakeen», Lizarragaren hitzetan. Aipatu du elikaduraren inguruan ematen diren mezuak «oso erradikalak» izatea ez dela «onuragarria». 

Jarduera fisikoari dagokionez, Ibañezek adierazi du horretan aritzean jendeak ahaztu egin behar duela gorputzaren irudiaz eta estetikaz

Sare sozialak «modu osasuntsuan» erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Matxinbarrenak. Ikerketak eginak ditu Internetek nerabeentzat dituen arriskuen inguruan, eta, horren harira, nabarmendu du heldu askok ez dutela «hezkuntza digitalik» jaso, eta, beraz, inork ez diela irakatsi nola hezi haur eta nerabeak tresna horiek egoki erabiltzeko. Hala ere, sare sozialen erabileraren inguruan helduek duten erantzukizunari buruz hitz egin du: «Helduok ere aztertu behar dugu nola erabiltzen dugun teknologia, gero gazteei irakasteko».

Mahai inguruaren aurretik, Matxinbarrenak aurkezpen bat egin du, eta aztertu du sare sozialak «lagun» edo «etsai» diren haur eta nerabeentzat. Gai horrekin lotuta, azaldu du gaur egun elikadurari buruzko milaka irudi zabaltzen direla egunero Interneten, algoritmoek erabakitzen dutela zein eduki erakutsi eta zein ez, eta nutrizioaren inguruan ere «desinformazioa» hedatu dela.

«Helduok ere aztertu behar dugu nola erabiltzen dugun teknologia, gero gazteei irakasteko»

JUAN MANUEL MATXINBARRENAEHUko Psikologia irakaslea

Adibideei erreparatu, eta hainbat sare sozialetan zabaldu den What I eat in a day (Zer jaten dudan egun batean) boladako edukiaren inguruan hitz egin du Matxinbarrenak. Joera horri segika, erabiltzaileek egun batean jaten dutenaren inguruko eduki bat sortzen dute sare sozialetan. Psikologia irakasleak adierazi duenez, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, baliteke boladako eduki horretan agertzen diren elikagaien %45 arriskutsuak izatea osasunerako.

Nutrizioan eta gorputz irudian oinarrituriko mugimendu sozial bat ere aipatu du Matxinbarrenak, sare sozialetan presentzia izan duena hori ere: body positive (gorputz positiboa) delakoa. Mugimendu horren helburua da mota guztietako gorputzak onartzea, gorputza maitatzea, eta edertasun estandar tradizionalei aurre egitea.

Hezkuntza Sailaren beharra

Haur eta nerabeei lotuta, nola bideratu gorputz aniztasunaren eta nutrizioaren inguruko gogoetak eskoletara? Lizarragak kontatu du Elikaeskola nutrizio eta psikologia zentroko kideek ikastetxeetako ateak jotzen dituztela, baina eskola bakoitzak dituen baliabideen arabera irakats ditzaketela nutrizio gomendioak eta ezagutzak. Irakaskuntza horri bide emateko, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila inplikatzea, Lizarragaren ustez, nahiz eta gaur-gaurkoz ez daukan aukera errealistatzat. Ibañezek ere Hezkuntza Sailaren beharra nabarmendu du.

«Lodifoboak gara. Ezinezkoa da gaur egungo gizartean lodifoboak ez izatea»

AMAIA IRAZUSTAEHUko irakasle eta Erizaintzako diplomatua

Mahai inguruaren entzuleetako batek diziplina anitzeko eremu moduan planteatu du eskola. Haren iritziz, eskoletan, irakasleek ez ezik, beste arlo batzuetako profesionalek ere egon behar dute, hala nola psikologoek, gizarte hezitzaileek, erizainek, nutrizionistek eta sare sozialetan adituak diren profesionalek. Adierazi du eskola batzuetan badaudela, baina eskola publikoetan ez. 

Gizartea, lodifoboa

«Lodifoboak gara. Ezinezkoa da gaur egungo gizartean lodifoboak ez izatea». Hala uste du Amaia Irazusta EHUko irakasle, Erizaintzako diplomadun eta ikastaroaren zuzendarietako batek. Mahai inguruaren bukaeran egindako gogoetan nabarmendu du jende lodia ez dagoela gizartearen «iruditerian», eta salatu du komunikabideek eta komunikazio bulegoek «ezkutatu» egiten dutela jende lodia. «Hain ohituak gaude jende argala ikustera, egoera normalizatu egin dugu», adierazi du Irazustak. 

Lodifobia «sendatzeko» lehen urratsa «hartaz jabetzea» dela aipatu du EHUko irakasleak. Inguruan dagoen lodifobia salatu behar dela azpimarratu du, eta horren aurka borrokatu behar dela. Lodifobiari dagokionez, adierazi du «paradigma aldaketa bat» gertatzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.