Semaforo gorri luzeena izan zen. Itxaronaldi labur amaigabea. Eternitatea eta egun bat, tartean Theo Angelopoulos ez bazen ere. Zinema-aretoan arnasari eutsi genion, bihotza estututa, furgonetako atea noiz irekiko. Ez zen zabaldu, baina. Semaforoa berdatu egin zen eta Francescak senar aspergarri bezain maitagarriarekin segitu zuen aurrera autoan eta bizitzan. Agur, Clint.
30 urte bete dira The Bridges of Madison County filma Euskal Herrian estreinatu zenetik. 1995eko irailaren 6an izan zen. Espainian urriaren 11ra arte itxaron behar izan zuten lana ikusteko. Film bikaina dela nabarmendu dute kritiko eta ikusle gehienek urteurrenaren harira. Eztabaida pertsonaien inguruan sortu da, ordea. Francesca jarri dute jomugan. Zer izango zen Meryl Streep-ek, 60ko hamarkadako Iowako etxalde bateko etxekoandreak, ibilgailuko atea ireki balu eta euri zaparradaren azpian semaforoan zain zuen gizonaren autora korrika joan balitz? Amaiera zoriontsua, baina filma ez zitzaigun barrenean iltzatuta geratuko, ziurrenik. Izan ere, dramak erakartzen gaitu. Eta, bestetik, maite dugu kuxkuxeatu eta besteen bizitzak epaitzea.
Horrela baizik ez dira ulertzen Eastwood-en filmari buruz ikusleek eginiko iruzkinak. Zer egin behar zuen Francescak? Hiru eguneko maitaldi beroari segitu eta dena pikutara bidali? Buruan izan irail hartan filma ikusi zuen Lapurdiko emazte bat, baina 60ko urteetan. La vie en rose? Ez, nahiz eta, eskubideei zegokienez, bertako andre bat Bizkaiko bat baino hobeto egon. Bederen, ez zuen senarraren baimena behar bankuan bere izenean dirua gordetzeko. Dena den, kontrol soziala Zuberoako herri txiki batean ez zen frankismoaren menpeko Euskal Herrian baino askoz laxoagoa. Zer espero zen emakume batengandik AEBetan eta gurean garai haietan, ba? Irudikatu hemengo eskualde bat —izenik ez diogu ipiniko, inor ez mintzeko—. Urte batzuk lehenagoko pelikula bateko pertsonaia batek —filma Fighter Squadron dela uste dut— tolesturarik gabe azaldu zuen emakumearen patua zein izango zen: «Nik neska bat nahi dut, nahiko ederra, arropa lisatuko didana». Nahiko ederra, baina ez lar, beste gizonen amu eta damu izan ez dadin edo. Eta ondo plantxatzen dakiena.
«Zenbat gizonek hartuko lukete haien seme-alaben amatzat emakume bat, 32 zakil bipil dastatu dituena?».
Lotuta dago Francesca. Ezkonduta. Argazkilari abentureroarekin joateak ez du askatuko, guk hala nahi genukeen arren. Hark berak aitortzen dio Clinti: «Etxea nirekin eramango nuke». Itzala hor egongo litzateke beti, zama ikusezin bezain astuna. Inork ez lioke barkatuko, ez familiak, ez gizarteak. Okerrena: berak ere ez lioke bere buruari barkatuko. Koldartzat jotzen dugu Francesca, etxean edo zinema-aretoan eserita. Gutako zenbatek utziko zuen guztia atzean orduan? Eta orain?
Francesca joatea nahi dugu, gizona eta seme-alabak baztertuta. Alde eginez gero, zer bizimodu izango luke? Etxean zain. Bitartean, Clint jatorra munduan barrena, argazkilari eta txortalari —argazkilariek aktoreek baino gehiago jotzen dutela larrua eman zuen aditzera Marcello Mastroiannik. Berak hori esateko... —. Eta gero, etxera bueltan, Francescari sexu-transmisioko gaixotasun bat kutsatu. Sumatrako onddo betierekoak, Quim Monzok esango lukeen bezala.
Four Weddings and a Funeral filma 1994an pantailaratu zuten, The Bridges of Madison County baino urtebete arinago. 90eko hamarkadako Londresen girotua da lana. Eszena batean Andie MacDowellek 32 gizonekin egon dela esan dio Hugh Grant-i —mutil bat eta haren aita barne—. Aitorpen askatzailea da, nolabait. Eta Grantek irribarre egin du, uzkur.
Haatik, hori ere fikzioa dugu. Zenbat gizonek hartuko lukete haien seme-alaben amatzat emakume bat, 32 zakil bipil dastatu dituena? Zenbat emakumek nahi lukete errain edo koinata gisa? Eta ama moduan? Francescak ez zion halakorik esan gure argazkilariari. Hala izan balitz, Clint Eastwoodek azaleragailua zapalduko zukeen, semaforoa gorri zegoela pasatu eta eternitatean galduko zatekeen betiko Angelopoulos gabe. Orduan, seguru. Eta orain ere bai, agian.