Objekzio fiskalerako deia

Errenta aitorpenean «gastu bidegabeen» dirua ez ordaintzeko eskatu du Euskadiko Eragozpen Fiskalaren aldeko Plataforma sortu berriak.

Bilbo
2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egitura militarrak, bankuen erreskateak eta abiadura handiko trenaren moduko azpiegiturak zergen bitartez finantzatzen dira. Baina «gastu bidegabeak» dira, Euskadiko Eragozpen Fiskalaren aldeko Plataformaren iritziz. Horregatik, errenta aitorpenean gastu horiei bideratzen zaien dirua ez ordaintzeko eskatu du. Horren ordez, dirua «alternatiba eraldatzaile eta solidarioak sortzeko lan egiten duten herri ekinbideetara» bideratzea bultzatu nahi dute.

Bilboko KEM-MOC, Setem Hego Haizea, Ekologistak Martxan, Kakitzat, ESK sindikatua, Mundubat, Mugarik Gabe eta Euskadiko Fiare Proiektua Babesteko Elkarteak osatu dute plataforma hori. Lehen biak 2013tik ari dira objekzio fiskala sustatzen gastu militarraren alorrean; aurten beste gastu batzuk ere sartu dituzte.

Plataformakoek azaldu dutenez, errenta aitorpena egitean estatuarekin «ekonomikoki kolaboratzeari uko» egitean datza objekzio fiskala, hau da, diru sail «kaltegarriak» ez finantzatzean. Abiatu berri duten kanpainaren bidez, Espainiako Gobernuari «presio» egin nahi diote elkarteek, diru sail «bidegabeetan gure dirua» inberti ez dezan. Gizarte ereduari buruzko eztabaida ere sustatu nahi dute.

Bulegoak hiru hiriburutan

Plataformak jakinarazi duenez, 2017ko Espainiako aurrekontu orokorretan, Defentsa Ministerioaren gastua %30 igotzea aurreikusi dute —6.900 milioi eurotik 8.900 milioira—, baina datozen urteotan, gastua «%100 handitu» nahi dutela ohartarazi dute. «Dena den, aurrekontuaren zati txiki bat besterik ez da. Izan ere, militarrentzako aurrekontuak ezkutatzen dira beste diru sailetan: teknologia eta berrikuntza arloan, industria arloan... Ikaratzekoa da», adierazi du Iban Aurrekoetxea KEM-MOCeko kideak.

Erantsi du objekzio fiskala egitea ez dela zaila, norberak egin dezakeela. Halere, aitorpena egiten laguntzeko bulego bana zabalduko dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Maiatz eta ekaineko larunbatetan, aditu bat egongo da doako laguntza ematen. Aurrez hitzordua eskatu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.