Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako Deportazioa nazismoaren esparruetara Europan (1940-1945) egitarauaren barruan, Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko katedraduna aritu da gaur, Donostian, Zuzenbidea, ez errepikatzeko berme gisa hitzaldia ematen, eta ohartarazi du 1945etik giza eskubideak nazioartean bermatzeko eraikitako egitura, Nazio Batuen Erakundea gailurrean dela, «kolapsora» iristeko arriskuan dagoela.
Landak azaldu duenez, I. Mundu Gerraren ostean osagai batzuek Nazioen Elkartearen porrota eragin zuten, eta adierazi du gaur egun nazioartean badirela halako zenbait. Kasurako, aipatu du ez dagoela orekarik giza eskubideak zaintzeko bitartekoen eta helburu handien artean, eta munduko estatu boteretsuenen absentziak higatu egiten duela NBE. Horrez gain, gaineratu du munduan giza eskubideak zaintzeko dauden erakundeei eta batez ere epaitegiei izen txarra eman nahian ari direla batzuk. Nabarmendu du elite batzuek Nazioen Elkartearen prestigioa higatu zutela, eta orain ere badirela botere judizialean higadura horretan dabiltzanak; esaterako, Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiaren aurka.
«Parot doktrina gerarazi behar duela eta tortura kasuak ez dituela ikertu esan diotenean Espainiari, auzitegiak lotsarazi egiten du estatu hori. Alemaniari eta Frantziari gertatu zaie; horko epaileek eta agintariek ez dute gustuko inork haien erabakiak zuzentzea», esan du Landak. Era berean, «izugarri kostata eta tantaz tanta» Europan eraiki den giza eskubideen aldeko arkitektura hori arriskuan jartzen duen beste oinarrizko aldagai bat aipatu du: ezegonkortasun handia dagoela nazioartean eta lidergo falta.
NBE eta indarraren erabilera
«Paralisi sentipen bat zabaltzen ari da mundu zabalean NBEren benetako gaitasunaren inguruan: estatu batzuk indarra erabiltzen ari dira NBErekin dituzten loturak alde batera utzita», gogoratu du nagusiki AEBei, Errusiari eta Israeli erreparatuz. Erantsi du nazioarteko eragile ugarik ez dutela ulertzen Nazioarteko Zigor Auzitegiak zergatik ezin duen egiaztatu Israelen jarduna legez kanpokoa dela.
«Europako Batasuneko zenbait kidek argi esaten dute Netanyahuren aurkako atxilotze agindua ez dutela beteko»
JON MIRENA LANDAZigor Zuzenbideko katedraduna
Baina azkenaldian bada gaur egun NBE kolokan jartzen ari diren zioen artean berritasun bat: lotsaren absentzia. «Lehen, estatuetako agintariek nolabait lotsa sentitzen zuten giza eskubideen auzitegi batek ebazten zuenean beren jokamoldea zuzendu behar zutela». Torturaren aurkako errelatore Theo Van Boven Espainiara bisita bat egin zueneko pasartea ekarri du gogora. Landak kontatu du nola gobernuko ordezkari batek alde egin zuen hura hitzaldia ematen ari zela. «Orain, Europako Batasuneko zenbait kidek, berriz, argi esaten dute Netanyahuren aurkako atxilotze agindua ez dutela beteko».
Landaren aurretik, Amical Buchenwaldeko lehendakari Enric Garriga aritu da Deportazioa nazismoaren esparruetara Europan (1940-1945) ikastaroan, eta, hain zuzen, Landak gogora ekarri du, Buchenwalden askapenaren 80. urteurrenaren harira, Israelek eta Alemaniak betoa jarri diotela Omri Boehm filosofoari. Holokaustotik bizirik atera ziren herritar batzuen iloba da Boehm. Haren esanetan, ikasitakoan oinarrituta justizia proiektu berriak ez eraikitzea da memoriaren aurkakoa, eta ez ahanztura bera. Hau da, sekula berriro ez benetako bat lortu behar dela.