Gida, Euskal Autonomia Erkidegoko Ostebak eta Avalia-t Galiziako agentziak egin dute. 168 orritan bildu dituzte nola emakumearen dilatazio prozeduraren jokaera, hala haurra jaio denean zer egin argitzeko irizpideak.Hainbat galdera erantzuten saiatzen da: emakumeak ospitalera noiz joan behar duen, erditzeak irauten duen bitartean ura edatea komeni den eta abar. Horiek eta 70 galdera gehiago erantzuten ditu plazaratu berri duten liburuak.
Alternatiba naturalen onurak
Gomendatzen dituzten praktika berritzaileen artean daude ospitaleratuek medikalizazioaren inguruko jarrera aukeratu ahal izatea, zilbor-hestea pintzaz berandu moztea eta oinazearen aringarriak neurri txikitan erabiltzea.
Ur poltsen haustura artifiziala eta umetokiaren hondoa presionatzea, adibidez, erabili behar ez diren praktiken artean dauzkate.
2007an onartu zuten egitasmoa eta 2008an abiarazi zuten lantaldea. Ideia emakumeen elkarte batetik atera zen. Besteak beste, Donostia, Gasteiz eta Bilboko erietxeetako hamazazpi profesionalek hartu dute parte argitalpenean. Horietako bat da Luis Fernandez Gurutzeta Ospitaleko erditzeen arduraduna. «Froga zientifiko bidez erdiketanerabiltzen diren tekniken eraginkortasuna etakalteak aztertu ditugu».
Erditze normalaren atentzioari buruzko praktika klinikoaren gidaren arabera, baliozko arrazoia egon behar da prozesu naturalean esku hartzeko. «Ez da inolaz ere profesionalen erabaki klinikoa ordezkatu nahi. Ez dugu epidurala ez jartzeko eskatzen, alternatiba hobeak daudela adierazi baizik». Esaterako, ur berotan gorputza murgiltzeak erditzearen mina arintzen du.
Horregatik, 2.700 gida banatuko dituzte erietxetako langileen artean; liburua Interneten ere eskura dago.
Txaro Kintana adituaren iritziz, medikalizatutako sistemaren erabilera gehiegizkoa da. «Erditze arrunten arriskua esku hartutako jaiotzena baino txikiagoa da». Hori dela eta, 2006an Espainiako osasun sistemako zentroetan izandako jaiotzetatik %62 tresnarik gabekoa izan ziren.
2009an, 21.645 jaiotza erregistratu ziren EAEn. Ospitale publikoen %86 baginaren bidezko erditze izan ziren, eta %13 zesareak, 2006an baino %10 gutxiago. Mundu osoko parametroek zesarearen aplikazioa %15ekoa izatea hobesten dute. Adin tartea ere aldatu da: 2009an, ama izan zirenen %72k 30-39 urte arteko adina zuten.