PSE-EEngandik aldentzeko urrats bat gehiago egin du PPk. Efe agentziak egindako elkarrizketan, Iñaki Oiartzabalek adierazi du legealdian PSE-EEri sostengu politikoa eman ziotela «gauzak alda zitzan». EAEko PPren idazkari nagusiaren arabera, ordea, «edo ez da ausartu edo ez du jakin egiten». Hala, Patxi Lopez EAEko lehendakariari «ahula izatea» eta «ausardia falta» egotzi dio Oiartzabalek. «Abertzaleengandik bereiziko den proiektu bat proposatzeko ez da gai». Aldiz, haren ustez, PPren proiektua «ausartagoa» da.
Adibidez, bakegintzan PSE-EE «norabiderik gabe» antzeman du PPk. «ETAren auziarekin zabuka ibili dela antzeman dugu», salatu du. «Dekalogo bat aurkeztu zuen, eta gero hura gainditzen zuenbeste dekalogo bat. Gero,ezerezetik hainbat ekitaldi atera ditu, eta ez dira gai azalpenak emateko». PPren arabera, «gutxieneko demokratikoa da ETAri baldintzarik gabe desegitea exijitzea».
Oiartzabalek adierazi du ez duela batzarrik egingo ezker abertzalearekin: «Ez dira gai Euskadiko edozein herritako bizilagun baten hilketa gaitzesteko. Lehenik, gaitzets ditzatela hilketak eta onar ditzatela joko arauak, eta ondoren hitz egingo dugu».
Eusko Legebiltzarrean sortu den lantaldearen harira, Oiartzabalek uste du «aukera bat» izan daitekeela. «Aukera hori gal daiteke Batasunak eta ETAk bere intereserako baliatzen badute. Ezin da ezker abertzalearen aldarrikapenen eztabaidarako mahai bihurtu», adierazi du.
Oiartzabalek «ahula izatea» eta «ausardia falta» egotzi dio Lopezi
PPko buruzagiaren ustez, «lehendakaria ez da gai abertzaleengandik bereiziko den proiektu bat proposatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu