Oiartzabalek EAEko alternatibatzat aurkeztu du PP

Dioenez, «zentzuzko alternatiba» da, «zatiketa» soilik nahi duten abertzaleen eta PSE «ezgaiaren» aldean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
PPk 17. Kongresua egin du asteburuan Sevillan (Espainia), etaEAEko PP «indartuta» atera dela adierazi du Iñaki Oiartzabalek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPko idazkari nagusiak. Oiartzabal bera, Justiziaren, Eskubideen eta Askatasunen idazkari izendatu dute kongresuan, eta, haren esanetan, Sevillan aintzat hartu dute EAEko PPk alderdia «irekia, moderatua eta elkarrizketaren aldekoa» izan dadin egindako ahalegina. Ondorioz, EAEko PP, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren «etorkizunerako zentzuzko alternatiba» izango dela adierazi duOiartzabalek.

Horretarako, EAEko PP «proiektu serio eta zentzuzkoa» prestatzen ari da, Oiartzabalek jakinarazi duenez kongresuari buruzko balorazioa egiteko Gasteizen egindako agerraldi batean. «Ezker abertzalearen pultsu politikoaren aurrean, eta zatiketarako proiektua aurkeztu eta jarrera erradikalizatzen ari den abertzaletasunaren aurrean, Euskadiren etorkizun politikorako alternatiba izan nahi dugu», azaldu du.

Oiartzabalen ustez, alderdi abertzaleak «zatiketara eta enfrentamendura itzultzea» besterik ez dira proposatzen ari, eta PSE-EE ez da horri erantzuten ari. Alderdi sozialista nora ezean dabilela salatu du, eta ez dela «ezker abertzalearen eta euskal abertzaletasunaren pultsuari erantzuteko gai». Hori dela eta, ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak «aldaketarako itxaropenari» huts egin diola, nahiz eta PPk Patxi Lopez lehendakariaren gobernuari babesa eman zion.

«Sozialistak desilusioa eragiten ari diren bitartean eta batzuetan konstituzioaren baloreak defendatzeari uko egiten ari direla dirudien bitartean», PPk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erreferentzialtasuna lortu nahi duela adierazi du idazkari nagusiak: «Euskal herritarrik euskaldunenak sentitzen diren guztien eta espainiarrak sentitzen direnen erreferentzia izan nahi dugu Euskadin».

«Eskua luzatuta»

Horretarako, bere alderdiak «erdiko jarrerarekin, elkarrizketaren aldekoarekin eta eskua luzatuta» jardungo du, Oiartzabalen esanetan, eta, ETAren amaiera kudeatzeari dagokionez, esan du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak egindako proposamenaren bidetik jarraituko duela. Alegia, apustua egingo duela, Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko buruarekin, eta Iñigo Urkullu EAJkoarekin elkarlanean aritzeko.

Edozein modutan, Oiartzabalek ohartarazi du PPk ez duela «gauza arrarorik» egingo ETAren amaierarekin lotutako gaietan. Nabarmendu du gaia kudeatzeko lanean «funtsezko zeregina» egiten jakin behar duela PPk, eta horretan saiatzen ari dela «bai publikoki, bai modu diskretuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.