Guardia Zibilak asteartean Oiartzunen atxilotu zituen bost lagunak askatu egin zituzten atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren. Pablo Ruz epaileak hartu zuen erabakia, fiskalaren eskaerak beteta: atxilotuak ez zituen espetxera bidali, baina ez zituen libre ere utzi. «Terrorismoa goratzea» egotzita inputatuta mantendu ditu bost oiartzuarrak, eta hainbat baldintza jarri dizkie kartzela saihesteko: hamabostero auzitegian sinatzea, Espainiako Estatuaren lurretatik ez ateratzea eta ohiko etxebizitza zehaztea. Pasaporteaere kendu egin die.
49 eta 63 urte artekoak dira bost atxilotuak: Xabier Iragorri, Erramun Sagarzazu, Ramon Gaztelumendi, Joakin Izagirre eta Itziar Iñarra. Goizean goiz atxilotu zituzten lehen lauak etxean edo etxetik ateratzerakoan, eta Iñarra, arratsaldean, etxean. Oiartzungo Aritxulegiko Gudarien Basoan «ETA goratzeko ekitaldiak» antolatzea egotzi die epaileak kaleratze autoan; hildako ETAko kideei omen egiteko ekitaldiak prestatzen laguntzea.
Iragan martxoaren 19an halako ekitaldi bat egin zela dio autoak, Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta. Akusazioetarako oinarri den txosten horren arabera, «2013an hildako ETAko kideei» omenaldia egin zitzaien egun horretan Aritxulegiko hariztian. Xabier Lopez Peña Thierry eta Arkaitz Bellon aipatzen ditu txostenak. Preso zituztela hil ziren biak; bihotzeko operazio baten ondoren odol isuri bat izanda Lopez Peña, eta biriketako edema batekin Bellon. Lopez Peña ETAren mintzaide izana zen; Bellon, kale eraso batean parte hartzea egotzita zuten preso.
Aritxulegiko ekitaldi hartan bi hildakoen omenez bi haritz landatu zirela dio epaileak, eta, Guardia Zibilaren arabera, «ETAren militantziarentzat erritu esanahia» du horrek. Lore eskaintza egin zela, Aurreskua dantzatu zela eta Eusko Gudariak abestu zela ere ohartarazten du Guardia Zibilaren txostenak.
Hildakoen senideek bertara joateko gonbidapen berezia izaten dutela dio epaileak. Ekitaldia urtero egiten dela, eta «oso ondo prestatuta eta egituratuta» dagoela. Atxilotuak prestatze lanetan aritu zirela adierazi du epaileak, akusazioak argudiatzeko.
Oiartzunen atxilo hartutako bostak aske utzi dituzte, baina inputatuta
Hildako etakideak omentzeko ekitaldiak prestatzea egotzi die epaileak.Hamabostero sinatzeko agindu, eta pasaportea kendu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu