Oier Sanjurjo izan da gaurko saioko pertsona gonbidatua. Osasunako jokalariak gaur du lehen eguna Iruñean, oporralditik bueltatuta. Euskalerria irratiko bazkidea da, eta Zaldi Zuri ostatua primeran ezagutzen du gainera, han egin baitzuen bere ezkontzako ospakizuna. Osasunak bizi izandako urte zailaz aritu da; ez ekonomikoki ez kirol arloan ere, ez da urte ona izan, baina adierazi du "bigarren mailan egonagatik ilusioz" ekingo diotela denboraldi berriari.
Itziar Gomez Nafarroa Baiko zinegotzia ere gonbidatu dute saiora. Gomez izan zen lehen txio-kronikaria; #9x9 traolarekin Twitterren bitartez zuzeneko kontakizuna egin zuen igandean, txupinazo egunean. Barkamena eskatu du; izan ere, udalaren barrutik idatzitako txioak ez ziren argitaratu, Interneteko seinalerik gabe geratu zirelako. Nabarmendu du formula polita iruditzen zaiola txio-kronikariena sanferminen kontaketa egiteko. Atzoko prozesioaz ere aritu dira; oso une berezia da harentzat prozesioa. Curia kalean izandako tentsio uneen harira, esan du ulertzen duela "herritarrek prozesioa probestea agintariei protesta egiteko; normala, ulergarria eta sanoa ere" badela esan du. Baina ez du onartzen, atzo gertatu zen bezala, "zinegotziak iraintzea, bultzadak ematea eta gauzak jurtitzea".
German hil zutenetik, 36 urte
German Rodriguezen omenezko ekitaldia izan da gaur, 13:00ean, Orreaga etorbidean, oroitarria jarrita dagoen lekuan. Sanferminak 78 gogoan elkarteko Sabino Cuadra eta Miren Egaña elkarrizketatuak izan dira saioan, eta oroitu dute orain dela 36 urte nola bizi izan zuten egun berezi hura. Adierazi dute aurtengo ekitaldian protagonismo berezia izan dutela kaltetuek; izan ere, Argentinako salaketa sinatu dute, honi garrantzi berezia eman nahi izan diotelako. Lehen aldiz, Germanen senide batek parte hartu du omenaldian; hain zuzen, haren anaia Ferminek. Gainera, ekitaldian bertan izan dira egun hartan zauritutako pertsonak, eta Joseba Barandiaranen senide bat ere bai. Joseba Barandiaran Germanen hilketa salatzeko mobilizazio batean hil zuen Poliziak.
Gonbidatu ugari
Xabi Villanueva Herriko Tabernako sukaldaria izan da beste gonbidatuetako bat. Azaldu du goizetan 12:00etan irekitzen dutela, eskaintzeko fritoak, aperitiboa... 14:00etatik16:00etara, bazkaria ematen dute; 25 euroan dute menua, eta gauetan afaltzeko aukera ere badago. Villanuevak argi adierazi du jana garrantzitsua dela, edanak kalterik ez egiteko.
Joxerra Senar BERRIAko kazetaria ere izan da saioan: biharko BERRIAn Sanfermintza saioari buruz egingo duen kronika, Germanen omenaldiaren kronika eta Iker Tubiak, azken orrian, Doktor Fermin eta Mister Jai-en inguruan idazten dituen kontuak izan ditu hizpide. Twitterren bidezko zuzeneko kontakizuna zertan den ere azaldu du. Gaur, Aritz Ibañez ari da #9x9 traolarekin txioak argitaratzen.
Fermin Erbiti eta Josu Asurmendi entzierroaren ordenantzaz aritu dira saioaren bukaeran. Asurmendiri Urrezko Lamien Orrazia eman dio Zaldiko Maldiko elkarteak, entzierroko kanta euskaratzeagatik. Eneko Alkorta, berriz, Oinez Txokoaren inguruko berriak ematen izan da saioan; aurten, Zangozan izango da Nafarroa Oinez, urriaren 19an, hango ikastolak antolatuta. Nerea Erbitik JazzFermin ekimenaren inguruko nondik norakoak azaldu ditu, eta zuzenean abestu du irratsaioan.
Euskalerria irratiak Zaldi Zurin jarritako estudiotik zuzenean emango dute Sarfemintza irratsaioa aste osoan. Gaur, aurkezle izan dira Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta.