EUSKAL PRESOAK

Oihane Errazkin euskal presoa urkaturik aurkitu dute Fleuryn

Euskal preso politikoen kontrako «jazarpena» eta dispertsioa dira herio horren arrazoiak Askatasunaren arabera, eta isilik dauden eragileei isiltasunetik ateratzeko eskatu eta mobilizaziora dei egin du

ENEKO BIDEGAIN
BAIONA
2004ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Fleury Merogisko espetxeko zaindariek hilik aurkitu zuten goizean Oihane Errazkin euskal presoa. Errazkin 31 urteko donostiarrak ustez bere buruaz beste egin zuen; urkatu egin zen. Presondegietako administrazio zuzendaritzako Leguedey andereak xehetasun gutxi eman zion Berriari, atzo gertatuaz. Zaindariek aurkitu zutela berretsi zuen. «Justizia ikerketa bat abiatu da. Fiskaltzak hartu du bere gain. Ez da gehiago gure esku». Ez zuen hori baino gehiago komunikatu.

Atzo bertan atera zuten Oihane Errazkinen gorpua presondegitik. Evryko tanatorioan zegoen atzo arratsaldean. Ahaideak eta abokatua Parisera buruz abiatu ziren. Jon Enparantza abokatuak Parisetik Berriari esan zioenez, gaur goizeko 09:00etan ikusiko dute senideek Oihane Errazkinen gorpua. Gero autopsia egingo diote. Horren ostean berriro ere ikusteko aukera izango dute.Ondoko egunetan ekarriko dute gorpua Euskal Herrira. Miarritzeko aireportuan omenaldia eskaintzea da asmoa, gorpua ekarriko dutenean. Ondotik manifestazio nazionala antolatuko dute Donostian, azken omenaldia aitzin.Lorentxa Beirie eta Saroia Galarraga Errazkinen presokideek haien auzia gibelatzea galdegin zuten atzo epaiketan. Beirie eta Galarraga, haiekin batera epaituak ziren Xabier Abaunza eta Gabi Saez bezala, «arras hunkituak» ziren. Epaileak, hala ere, auzia aitzina jarraitzea erabaki zuen. Auziperatuek salatu zuten Oihane Errazkin «frantses sistemaren biktima» zela.

«Arduradunak» Parisen, Madrilen eta Euskal Herrian

Hemendik hara Askatasunak mobilizazioak iragarri ditu. «Mobilizazioaren bitartez erantzun behar da», adierazi zuen atzo Jean-François Lefort Askatasuneko bozeramaileak kazetarien aitzinean. Batasuna, Segi eta LABeko ordezkaritza ere bazegoen prentsaurrekoan. Askatasunaren iritziz, «arduradunak Parisen eta Madrilen dira». Euskal presoek denbora joan ahala gero eta «errepresio jazarpen handiagoa» jasaten dutela salatu zuen Lefortek. «Horrelako errepresioa jasaten dute estatuek ez dutelako onartzen preso politikoak direla», adierazi zuen Lefortek. Presondegiko baldintza gogorrak, isolamendua eta dispertsioa aipatu zituen, Errazkinen heriotzaren arrazoi gisa.

Gertakari horren «ardura» dutenak «Euskal Herrian ere» ikusten ditu Askatasunak. Zehazki, EAJ salatu zuen, «dispertsioa diseinatzen lan egin zuelako». Baina Euskal Herrian «jende anitz isilik» dagoela ere kritikatu zuen. «Isiltasun horrek ardura handi bat» duela ohartarazi zuen. Askatasunak «Euskal Herrian isilik dauden eragile guztiei» erreakzionatzeko deia luzatu zien.

SOSLAIA

Exilioan jaio, espetxean hil

Donostiako Alde Zaharrekoa zen Oihane Errazkin.Andorran jaio zen 1973ko maiatzaren 2an. Gurasoak exiliatuak zeuden, eta ez ziren Euskal Herrira itzuli hiruzpalau urte pasatu arte. Franco hil eta amnistia eman ondoren erabaki zuten Donostiara itzultzea. Kaian bizi izan ziren lehendabizi eta Konstituzio Plazan ondoren.

Ibon anaia bikia lagun zuela ibiltzen zen txikitan eta pixkanaka bere lagun taldea egin zuen. Ez zuen sekula lagunak egiteko arazorik izan. «Isila, baina alaia, parrandazalea eta dinamikoa». Horrela oroitzen dutesenideek eta Donostiako Alde Zaharreko bere lagunek. Donostian bizi eta bertako Los Angeles ikastetxean hasi zituen ikasketak, Hernaniko Langile Ikastolan jarraitzeko. Institutua amaituta, zuzendaritzako idazkari izateko ikasi zuen. Hala,Oihane Errazkin ezaguna zen bai Donostiako Alde Zaharrean eta baita Hernanin ere. «Ideiaz beteriko pertsona zen, indar handikoa eta egiten zuenarekin eta bere ingurunearekin konprometitua», gogoratzen du lagun batek. «Konprometitua, eta beti laguntzeko prest», diote hari buruz lehengusuek eta osaba-izebek. Jarrai eta HBko militantea ere izan zen, eta Kimuak taldean begirale jardun zuen, kanpaleku eta beste ekimenetan. 1997ko martxoan egin zuen ihes Donostiatik, eta haren senideek lau urtean ez zuten haren berri izan. 2001eko irailean atxilotu zuten, baina abendura arte ez zuen senideen bisitarik izan. Ordutik ia denbora gehiena Fleuryn egin du. Oraindik bere auziaren beha zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.