Euskal Presoak

Oihane Errazkin preso donostiarra urkatuta agertu da bere ziegan

Oihane Errazkin 31 urteko preso donostiarra urkatuta agertu da Fleury Merogis espetxeko bere ziegan. Jon Enparantza Errazkinen abokatuak Fleuryko zuzendariaren bidez jakin du albistearen berri, eta hark jakinarazi dio familiari. Errazkin 2001eko irailaren 23an atxilotu zuten Akizen (Landak), eta ETArekin zerikusia izatearen akusaziopean zegoen preso, epaitzeko zain. Askatasunak mobilizazioak antolatu ditu gaur arratsalderako: 20:30etan elkarretaratzea egingo dute Donostiako Konstituzio plazan.

2004ko uztailaren 8a
18:47
Entzun
"Goiz honetan Fleuryko zuzendariak deitu ditu eta berria eman digu. Haren hitzetan, bere buruaz beste egin du. Esan digu goizaldeko ordu bata eta erdiak aldera aurkitu dutela, eta hori da eman digun berria. Familiarekin egon gara goizean, berri triste eta gogorra jaso dute, eta, orain, tramite guztiak antolatzen ari dira", azaldu du Jon Enparantza Errazkinen abokatuak Euskadi Irratian. Hain zuzen ere, familiako kideak Parisera bidean dira.

Iturri ofizialen arabera, Errazkinek bere buruaz beste egin du, baina bai abokatuak, bai familiak, gertaerei buruzko argitasun gehiago nahi dituzte azalpen horri sinesgarritasuna eman aurretik.

Errazkin 2001eko irailaren 23an atxilotu zuten Akizen (Landak), Asier Ormazabal, Lola Lopez, Didier Agerre eta Alberto Maria Ilundain euskal herritarrekin batera, eta "gaizkile taldeko kide" izatea leporatuta zegoen preso, epaitzeko zain. Espainiako Auzitegi Nazionalak Errazkinen aurkako estradizio eskaera egina zuen, Francisco Javier Gomez Elosegi Martuteneko espetxeko psikologoaren hilketan parte hartu zuela egotzita, eta 2002ko ekainean Frantziak onartu egin zuen eskaera hori.

Errazkinek 31 urte zituen, eta nahiz eta Andorran jaio Donostian bizi zen txiki-txikitatik; zehazki, Alde Zaharrean. 1997tik falta zen etxetik.

"Isilik daudenak ere arduradun"

Askatasunak prentsaurrekoa eman du arratsaldeko 17:30etan Baionan,Errazkinen heriotzari buruz dakizkiten xehetasun apurren eta antolatu dituzten mobilizazioen berri emateko. Halaber, heriotza horren balorazioa egin dute. Errazkin Frantziaren eta Espaniaren sakabanaketa eta presoen jazarpen pollitikaren ondorioz hil dela azpimarratu du Jean Francosi Lefort Askatasunako bozeramaileak, baina, era berean, nabarmendu du Euskal Herrian badirela erruaren zati bat duten beste eakunde eta alderdi batzuk ere: hain justu, presoen kontrako gehiegikerien aurrean "isilik" geratzen direnak.

Mobilizazioei dagokienez, elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldeko 20:30etan Donostiako Konstituzio plazan. Bihar, berriz, herri guztietan egingo dira heriotza hori salatzeko ekitaldiak. Era berean, Errazkinen gorpua Miarritzeko aireportura heltzen denean omenaldia egingo diote, eta, ondoren, Donostian ere egingo diote gorazarre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.