Oinarriak egonkortzeko zain

Eibarko Ospitalearen lanak hasi dira, baina zer zerbitzu hartuko dituen zehaztu gabe. Bengoa Osasun sailburu ohiak egitasmoa aurkeztu zuenetik hainbat aldaketa izan ditu ohe kopuruari dagokionez, eta ospitalearen plan funtzionala urrun dago jatorrian proposatutako asmoetatik.

Urrian hasi zituzten Eibarko Ospitalea egiteko lanak; lur kutsatua garbitzen ari dira. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Txaleko hori eta laranjak daude jada etorkizunean bata zuridun langileak hartuko dituen tokian. Eibarko Kronikoentzako Ospitalea (Gipuzkoa) eraikitzeko hasierako lanak martxan daude, iazko urritik. Azken asteetan hondeatzeko makinak eta langileak lurra mugitzen ari dira. Kartel handi batek tokian egongo den azpiegituraren irudikapena ageri du, bai eta hori ikusteko epea zehaztu ere: 2016ko azarorako prest egongo da. Ordea, obrak hasita dauden arren, erietxeari emango zaion erabilera zehaztea falta da oraindik. Urteetan proiektuaren inguruan izan diren ika-miken eta duden seinale.

Patxi Lopezek eman zuen egitasmoaren berri lehenengoz, 2009. urtean, Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagaia zela. Rafael Bengoa Osasun sailburuak asmoa berretsi zuen, gaixo kroniko konplexuak artatzeko egitasmo zabalago baten barruan. Urteen joanarekin, baina, Eibarko egitasmoa aldatuz joan da. Bideragarritasun planean 110 oheren beharra aurreikusi zuten —140ra igotzeko aukerarekin—, baina 58ra jaitsi zuen Osasun Sailak 2013ko abuztuan. Azkenik, Eibarko Ospitalearen Plan Funtzionalean 72-84 ohe egongo direla zehaztu du Jon Darpon egungo sailburuaren taldeak, baina «beharren arabera» zabalduko dituztela. Hau da, 2016ko azaroan, behinik behin, 48—56 ohe izango ditu ospitaleak. Zentroa kudeatzeko 74 langile berrirentzako lanpostuak sortuko dituela ere aurreikusi du Osasun Sailak.

EH Bilduk plan funtzionalean ageri diren zenbait datu kritikatu ditu. Batetik, gogorarazi du egungo zenbatekoa urrun dagoela aurreko gobernuak iragarri zituen 250-300 lanpostu berrietatik. Bestetik, oheak «beharren arabera» zabaltzeko asmoa azaltzeko eskatu du. Hain zuzen ere, jakinarazi du eraikinak izango dituen lau solairuetatik bik beteko dutela «hasieran pentsatutako helburua»; beste bat hara mugituko diren zerbitzuetarako izango da, eta laugarren solairuari ez zaio erabilerarik eman planean.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak (PSE-EE) azpiegituraren beharra nabarmendu du. «Ezinbestekoa da adinekoak eta gaixo kronikoak bakarrik hartuko dituzten ospitaleak martxan ipintzea». Gaineratu du erietxeak inguruko herrientzat ere «onura garrantzitsuak» ekarriko dituela. Zentroak zerbitzua eskainiko die Debabarrena eta Debagoieneko eskualdeei, baita Azkoitiko, Azpeitiko, Ondarroako, Markina eskualdeko, Berrizko eta Zaldibarko biztanleei ere; hau da, 190.000 pertsona ingururi.

Eibarko eta inguruetako egungo osasun sarea berregituratzea ere ekarriko du ospitale berriak. Torrekuako osasun etxeko zerbitzuak hartuko ditu: lehen arreta eta buru osasuna. Mendaroko Ospitaleko zenbait espezialitate ere bere gain hartuko ditu, baita larrialdi zerbitzua eta egun CFR Amosteguik eskaintzen duen errehabilitazio zerbitzua ere.

EAJren jarrera aldaketa

EAJren gobernuak, ordea, ez zuen jarrera baikorrik agertu legegintzaldiaren hasieran. Jon Darpon argi mintzatu zen Eibarko ospitaleari buruz 2013aren hasieran, Osasun sailburu izendatu eta urte bat eta lau hilabete geroago. Osasun Sailaren datuen arabera, eskualde horrek hemeretzi ohe beharko zituen. «Egoera sozial eta ekonomikoa ikusita, ez da bideragarria azpiegitura berria sortzea, horren erabiltzaile apurrentzat». Eraginkortasuna zaintze aldera, jada eraikitako zerbitzuak hustuko lituzkeen azpiegiturarik egingo ez zuela adierazi zuen, «Osasun Sailean gauden bitartean».

Alde horretatik, Darponek gogorarazi zuen egitasmoarekin «topo» egin zuela sailera heltzean; are gehiago, ezbaian jarri zuen Rafael Bengoa aurreko sailburuak aukeratutako kokapena. Izan ere, Mendiguren eta Zarraua enpresarena zen orubea eztabaidagai izan da egitasmoaren hasieratik bertatik. Darponek, batetik, irisgarritasuna kritikatu zuen, eta, bestetik, eremu kutsatua izatea gaitzetsi.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak «hondatutako zoru» izendatu zuen orubea. Gizakientzat kaltegarriak diren gaiak atzeman zituzten han: metal astunak, zianuroak, poliklorobifeniloak... Ingurumen Sailaren izendapen horrek, baina, atea zabaldu zion eremua tratatzeari eta horren gainean eraikitzeari, eraikitzen hasi aurretik ezinbestekoa baita lurra garbitzea. Hain justu, lan horiek abiatu zituzten 2014ko urrian: orubean laginak hartu eta aztertu, lurrak mugitzen hasi aurreko eremua garbitzeko.

Edonola ere, prozesuaren inbertsioaren nondik norakoak ez dira argitu oraindik. Ordea, ezaguna da 7.444 metro koadroko orubearen truke 5,5 milioi euro inguru ordaindu zizkiola Eibarko Udalak Eibar Berri enpresari —hark erosia zion Mendiguren eta Zarrauari—; salerosketa hura izan zen enpresaren jarduera bakarra, eta 1,5 milioi euro inguruko etekina atera zuen operazioarekin.

Era berean, Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordeak orubearen erosketa ikertzeko eskatu dio Herri Kontuen Euskal Epaitegiari. 2015eko lehentasunen artean kokatu du gaia batzordeak, beste hainbat operaziorekin batera. Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokio gaia ikertzea legebiltzarraren eskaria iradokizun bat baita, eta ez du zertan ebazpena 2015ean jakinarazi.

Osasun Batzordea, zain

Osasun Sailak uko egin dio Eibarko ospitaleari buruz hitz egiteari, Eusko Legebiltzarrean argibideak eman arte, behintzat.EH Bilduk Darponen agerraldia eskatu du, Osasun Batzordean Eibarko Ospitalearen Plan Funtzionalari buruzko argibideak eman ditzan. Agerraldia datozen asteetan izango dela jakinarazi dute sailekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.