Edurne Agirre. LABeko ordezkaria

«Oinarrizkoa da 3.000 lanpostu sortzea akordioa lortzeko»

Zaila izango da sindikatuen eta Osakidetzaren arteko akordioa lortzea: sindikatuek ez diete haien oinarrizko eskakizunei uko egingo, LABeko kideak azaldutakoaren arabera.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
LAB sindikatuko Osakidetzako arduraduna da Edurne Agirre. Gasteizko Santiago ospitalean izan zen atzo, osasun zerbitzuko langileen lan baldintzen hobekuntza eskatzeko.

Zer balorazio egiten duzue grebaren jarraipenaren inguruan?

Momentuz, ona. Kontuan hartu behar dugu gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla. Bestetik, ospitaleratze planta guztietan gutxieneko langileekin egiten dugu lan urtean zehar, eta, hori dela eta, hainbat lekutan ezin izan dute greba egin. Gasteizko ospitalean, Gurutzetan eta Donostian egin diren elkarretaratzeetan jende asko egon da. Langileak kezkaturik daudela eta borrokarako prest daudela erakusten du hainbeste jende bildu izanak.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak «proportzionaltasunez» jokatzeko eskatu dizue sindikatuei eta langileei. Zer deritzozue horri?

Espainiako Estatuko beste administrazioetan baino egoera hobea dugula esan du. [Jon] Darponek ere esaten du gutxiago lan egin nahi dugula gehiago kobratuta; gogoratu behar izan diogu ez dugula soldata igoerarik eskatu.

Zer eskatzen duzue?

Dagoen enplegua egonkortzea eta lanpostu berriak sortzea nahi dugu, lan esparru guztietan eta lan eskaintza publiko duin baten bidez. Mahai gainean jarri dutena lotsagarria da: 507 plaza eskaini dituzte barne promoziorako eta 507 txanda librean.

Ez al dira horiek nahikoak?

Ez dira nahikoak, ez. Gutxienez 3.000 lanpostu suntsitu dira, eta jarduna luzatu egin digutelako gertatu da hori. Hori dela eta, astean 35 orduko lanaldira bueltatzeko ere eskatzen dugu, eta genituen lan baimenak berreskuratzeko. Bestetik, eskatzen dugu langileen ordezkapenak lehen egunetik egiteko; aste hasierako mahai sektorialean proposatu ziguten langileak laugarren egunetik aurrera ordezkatzea.

Nola eragiten die horrek langileei eta gaixoek jasotzen duten arretari?

Adibidez, lehen arreta zerbitzuetan mediku bat gaixotzen bada, edo baimen bat hartzen badu, beste medikuen artean banatzen dute bere lana, eta kupoak jadanik oso handiak dira: 7 minutu dituzte gaixo bakoitzarentzat. Beste mediku baten gaixoak gehitzen bazaizkie, izugarrizko lan karga da. Erabiltzaileek pila bat nabaritzen dute, atzerapen handiak daude; itxaron zerrendenena ere lotsagarria da. Langileak haserre gaude: dagoeneko badira sei urte borroka honekin ari garela, baina badakigu erabiltzaileak eta gizartea gure alde daudela; haiek ere nabaritzen dituzte murrizketak.

Osakidetzaren pribatizazioaren kontrako kanpaina abiatu zuen LABek urte hasieran. Zertan ikus daiteke pribatizazio hori eta zein ondoriora heldu zarete?

Zerbitzu laguntzaileetan oso argi ikusten da: garbiketa zerbitzuak eta mantentze lanetakoak pribatizatu dituzte. Horren adibide ere bada Osatek erresonantzia magnetikoetako zerbitzua. Sindikatuekin kontatu gabe, gestio klinikoko unitateak ere sartzen hasi dira: Osakidetzak diru kopuru bat ematen dio lan talde bati, eta horko arduradunak arduratzen dira diruaren gestioaz; diru horrekin materiala erosteko moldatu behar dira. Oraingoz ez dute hori langileekin egin, baina hori da gure beldurra. Ikusi dugu Espainian ari direla horrelakoak sartzen, eta oso kaltegarriak direla.

Etorkizun hurbilean Osakidetzarekin akordio batera heltzea posible ikusten al duzue?

Oso zaila ikusten dugu; ados jartzeko, oinarrizkoa da 3.000 lanpostu edo gehiago sortzea, kategoria guztiak barne hartuta, eta ordezkapenak lehen egunetik egitea ere bai. Haiek esaten dute ezin dutela ezer egin lan eskaintza publikoarekin; berme juridikoa behar dutela, eta Madrilek ezarritako kupoa bete behar dutela. 3.000 plazako deialdia martxan jartzen badute, gero Madrilek bertan behera utziko duela argudiatzen dute. Baina, adibidez, Ertzaintzan gainditu egin dute kupoa. Nahi dutenerako egiten dituzte salbuespenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.