Oinazea indar bilakatu guran

Milaka lagunek Kepa del Hoyo presoaren heriotza salatu dute, Galdakaon egindako manifestazio jendetsuan. Presoak askatzeko bide orria adosteko eskatu du Sortuko Arkaitz Rodriguezek

Kepa del Hoyoren bikotekidea eta semea, Galdakaoko presoen senideekin batera, oholtzan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Galdakao
2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Miren Amurizak amaierako ekitaldian botatako bertso batean laburbildu zuen Galdakaon (Bizkaia) bildutako milaka lagunen guraria: «Indar bilaka daitezen gure haserrea eta mina». Manifestazio jendetsua egin zuten atzo, Kepa del Hoyo euskal presoaren heriotza salatzeko, eta heriotza horren eragiletzat jo zuten espetxe politikaren aldaketa eskatzeko. Amaierako ekitaldian parte hartu zutenetako askok nabarmendu zuten egoerak sorturiko samina preso eta errefuxiatuak Euskal Herrira ekartzeko indar bilakatzearen beharra.

Sortuko bozeramaile Arkaitz Rodriguezek ere azpimarratu zuen ideia hori, eta xedea lortzeko erreminta ere proposatu zuen. Manifestazioa hasi aurreko adierazpenetan zein ekitaldi politikoan «bide orri bat» eskatu zuen, euskal eragileen artean adosturikoa, epe zehatz batean «preso eta errefuxiatuen askatasuna» lortzeko. «Euskal Herrian bide orri bat adosteko gauza bagina, Espainiako eta Frantziako estatuek ezingo liokete oraingo espetxe politikari minutu batez ere eutsi», azaldu zuen.

Ekitaldi politikoan, Rodriguezek ukatu zuen Del Hoyoren heriotza «arrazoi naturalen ondorioz» gertatu dela —bihotzekoak jota hil zen joan den astelehenean, Badajozeko espetxean (Espainia) zegoela; ia hogei urte zeramatzan preso, eta zigorraren bi herenak beteak zituen—. «Kartzelan egon garenok badakigu ez dagoela egungo espetxe politika baino gauza antinaturalagorik», esan zuen Rodriguezek.

Mezuz beteriko hitzaldia izan zen berea: Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidorentzat, ezker abertzalearentzat, euskal gizartearentzat. Baina bereziki EAJri zuzendu zizkion bere hitzak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak asteartean Loiolan (Gipuzkoa) egindako adierazpenek, «noiz eta ezker abertzalea oinazean murgildurik» zegoenean egindakoek, «mindu» egin dituztelako.

Presoen aferan ezker abertzaleak zer egin duen galdetu zuen Urkulluk, eta Rodriguezek erantzun egin dio: «Hamazortzi kide espetxeetan eta beste hamasei errepideetan utzi ditugu, horixe egin du ezker abertzaleak». Oraingo espetxe politikak irautearen erantzukizuna ezker abertzaleari leporatzen dioten adierazpenen aurrean, Sortukoak esan zuen EAJk «PSOErekin eskuz esku» diseinatu zuela sakabanaketa politika. «Horregatik, sakabanaketa amaitzea EAJren ardura da, inorena baino gehiago».

Ezker abertzalea osatzen dutenei ere mintzatu zitzaien Rodriguez. Aitortu zuen ezker abertzaleak «txakalaldia» igaro duela, baina «tonua berreskuratzen» ari dela: «Eta ezker abertzaleak tonua berreskuratzen duenean, herri honek dena du posible», azpimarratu zuen. Rodriguezen ustez, datorren bi urteak «oso garrantzitsuak» izango dira, eta bi xede ezarri ditu tarte horretarako: «Gutxienez, presoak askatzea eta Espainiako Estatuak Euskal Herriaren nazio izaera onartzea lortu behar dugu».

Manifestazio jendetsua

Lagun askok hartu zuten parte manifestazioan —zortzi mila inguruk, zenbait iturriren arabera—. Udaletxe aurreko plazatik abiatu zen martxa, buruan Del Hoyoren senideak zeudela xingola beltza zuen ikurrin batekin eta preso zenduaren irudi batekin. Horien atzean, pankarta, Agur eta ohore, Kepa; espetxe politika hiltzailea goiburuarekin. Eta, ostean, jende andana, haien artean ezker abertzalearen kide ezagun asko: Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Antton Lopez Ruiz, Juan Mari Olano, Pablo Gorostiaga, Elena Beloki eta abar. CUPeko kide Anna Gabriel ere egon zen manifestazioan «giza eskubideen urraketen aurrean elkartasuna» adierazteko.

Udaletxetik Juan Bautista Uriarte kalera egin zuen manifestazioak aurrera, oihu artean: Presoak kalera, amnistia osoa, Euskal presoak etxera, Agur eta ohore eusko gudaria, Herriak ez du barkatuko eta antzeko leloak oihukatu zituzten manifestariek.

Handik Lapurdi kalera jo zuten, eta manifestazioaren burua kale horren amaierara iristen ari zenean argi ikusten zen Juan Bautista Uriarte kalean oraindik jende andana pasatzen ari zela, ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurrak zeramatzatela. Euripean, apurka-apurkako Iturrondo plazara iritsi zen manifestazioa. Han, 50 lagun inguru zeuden zain, Herritar Batasunak izenpetutako pankarta batekin eta amnistiaren aldeko oihuak egiten zituztela.

Iturrondo plazan egin zuten amaierako ekitaldi politikoa. Lehenbizi, Del Hoyoren lagunek eta Galdakaoko ezker abertzaleko kideek hartu zuten hitza. Une hunkigarriz beterik egon zen ekitaldia, esaterako, Galdakaoko presoen senideak oholtzara igo zirenean, edo Badajozeko espetxetik Mikel Orbegozo presoaren hitzen grabazioa entzun zenean —hura da Del Hoyo hil zenean harekin egon zen bi presoetako ba—.

Baina unerik hunkigarriena izan zen preso zenduaren seme Peru del Hoyok hitza hartu zuenean. Aitak zituen «ametsak» ekarri zituen gogora, haren omenez idatzitako rap abesti baten letra irakurri zuen, eta, mendeku mezuetatik urruti, «haien moduko bihozgabeak ez izateko» eskatu zien han bildutakoei: «Haiek tortura eta sakabanaketa erabiltzen dituzte, guk hitza eta kontzientzia erabili behar ditugu», nabarmendu zuen. Aitaren heriotza «azkena» izan dadin, euskal presoak etxera ekartzeko eskatu zuen: «Entzun nahi ez badute ere, sakabanaketa immorala eta legez kanpokoa da».

Bide orria adosteko gertu

Manifestazioa hasi aurretik, LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko bozeramaileek ere egin zuten euren balorazioa. Igor Arroyok, LABeko idazkari nagusiaren albokoak, esan zuen «preso eta errefuxiatuen auzia euskal gizarteak egun duen arazo larrienetako bat» dela, eta berak ere auzia konpontzeko bide orria adostu beharra eta lan horretarako sindikatuak duen prestasuna azaldu zuen. Zeregin horretara batzeko deia egin zien gainerako eragile sindikalei.

Arroyoren aburuz, presoena «giza eskubideen inguruko auzia» da, baina baita «normalizazio politikoari» dagokiona ere, «Espainiako Gobernuak presoen afera erabiltzen duelako elkarbizitza eta bake egoera eragozteko». Arlo «demokratikoa» ere nabarmendu zuen Arroyok: «Gehiengoak arazoa konpondu nahi du, baina topo egiten du gobernu ustel eta antidemokratiko batekin».

Bere aldetik, Ernaiko Lur Albizuk «gazteen prestasuna» nabarmendu zuen «euskal presoen aldeko borrokaren lekukoa» hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.