Oinazearen arrastoak

1938an fusilatutako bost lagunen lehen aztarnak topatu dituzte Ezkaban.Espetxetik ihes eginikoenak direla uste dute.Bilaketak luze jo dezake

Aranzadiko ikertzaileak, atzo, Berriozarko hobian lanean, hezur bila. IÑIGO URIZ / ARP.
Oihan Vitoria.
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ahanzturaren eta bidegabekeriaren labirintoan barna 77 urte luze egin dituztenen lekuko zuzen bilakatu ziren atzo Ezkaba mendiko inguruak, Nafarroan. Atsekabea, oinazea eta nekea sumatzen zen goizean goizetik, borrokan jardutearen nekea. Lurra kentzen hasi, eta aurreneko hezurrak agertzearekin bat —saihets hezurrak, besahezurrak, izterrezurrak...— erabat aldatu zen giroa. Malkoak bizkor bihurtu zitzaizkien poz Ezkabara igo ziren herritarrei. Lasaitasuna edota harridura uztartu zituzten. Eta ez zen gutxiagorako: 1938an gerran fusilatutako bost lagunen aztarnak aurkitu zituzten, Berriozarko Udalaren ekimenez. Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak ibili ziren buru-belarri gorpuzkiak hobitik ateratzen, eta gaur ere hala jarraituko dute.

Bildutako testigantzen arabera, Ezkaba mendian zegoen espetxetik ihes egin zutenenak dira hilotzak. Ihesaldi hartan, 795 presok erdietsi zuten kartzelatik irtetea; Frantziara heltzea zuten helburu. Nolanahi ere, gutxi batzuk baino ez zuten xedea lortu: 200dik gora tiroz hil zituzten, eta horietatik 24 identifikatu ere ez zituzten egin.

1938ko maiatzaren 22 eta 24 bitartean hil zituzten: hezurrak Jose Varona Clemente gaztearenak eta Saturnino Itsaso Bea iruindarrarenak izan daitezkeela uste dute. DNA frogak egin arte, baina, ez du ezer aurreratu nahi izan Aranzadiko ikerlari Jimi Jimenezek: «Zinez nekeza izango da nortasunen berri izatea. Senide ugari hemendik oso urruti edo hilda daude».

Gorpuzkiak aski egoera onean topatu badituzte ere, Jimenezek jakinarazi du identifikazio eta bilaketa lanek luze jo dezaketela oraindik. Bizpahiru aste beharko dituzte, behintzat, bigarren hobia aurkitu eta eremu guztia prestatzeko. «Beste hainbeste hezurrak aztertzeko», zehaztu du. Ezkaba mendiaren inguruan, izan ere, bi lurperatze gauzatu zituzten, bata bestearen alboan: lau gorpu daude batean, eta bakarra, bestean.

Adin guztietako herritarren topagune izan zen atzo Berriozarko mendia. Batik bat, prospekzioari so zegoen baten jarduna eskertu zuen Aranzadik: Juanito Urdanizena. Berak gidatu zuen indusketaren hasiera. «Buruz zekien toki jakina. Asko erraztu digu lana; ez da ohikoa», argitu du Jimenezek.

Hilketen lekuko bizia da Urdaniz. Egun, 90 urte ditu, eta 13 urte zeuzkanean bertatik bertara ikusi zuen guztia. Ezin hobeto oroitzen du gertatutakoa. Ihesaldiaren istanteko soinuak, adibidez, ez ditu sekula ahantziko. Iltzatuak ditu: «Iheslari batzuk amore eman zuten, eta beste batzuk atxilo hartu zituzten. Gaua Berriozarko ikastetxean igaro zuten; afaria eman zieten, baita otoitz egiteko aukera ere». Kontatu du, ordea, goizean fusilatu, eta herritarrek behartuta egindako zuloan sartu zituztela. Gutxigatik ez zuten hil Urdanizen aita. «Ia-ia iheslariekin nahasita akabatu zuten, ehizan zebilela».

Beste indusketei ekiteko «mugarri» bat izatea espero du Txinparta taldeko kide Koldo Plak. Salatu du ikerketatik bazter laga dituztela, eta «txiripaz» izan dutela egitasmoaren berri. Halere, prest da laguntzeko: «Aurkikuntzaren gozoa, injustiziaren gazia: ezinegona iraulita, lana dago egiteko».

Joaquin Urtasun pozik da, urteetan herritar gisa eginiko aldarrien fruituak jaso dituztelakoan. «Saria da gorpuak topatu izana». Uste du, berriz, gobernuari dagokiola esku hartzea, ez udalari; azken horrek 5.000 euro ipini ditu.

Nafarroako Parlamentuak memoria historikoaren legea onartu eta urtebetera, gobernuak ez du euro bakar bat eman gerran fusilatutakoen gorpuzkiak lurpetik atera edo identifikatzeko. Hitzemanikoa bete dezala eta gorpuak jaso ditzala galdegin diote senideek sarritan. Dena dela, agintarien «isiltasunarekin» egin dute topo gehienetan. Horrek eragin du indusketak gibelatzea, Plaren ustez.

Berriozarko bizilagunen artean jakina zen hilotzak han zeuzkatela lurperaturik. Jimenezek gaztigatu du herritarrek etxe barruko kontutzat jo dutela maiz, zekitena lau haizeetara zabaldu ordez. Eta Txinpartako kideak gobernuaren borondate faltari egotzi dio atzerapena. «Ez du interesik agertu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.