Donaixtiko (Nafarroa Beherea) eskola ohiko okupatzaileek segitzen dute lekuan berean. Uxerra atzo igaro zen epailearen kanporatze aginduarekin; etzi eguerdira arte dute epea joateko. Jaso duten sostenguaren berri eman zuten atzo; hautetsiek babestu dituzte, besteak beste. Hamasei hautetsik sinatu dute bizitoki kolektibo eta kultur etxe baten proiektuaren aldeko mozioa, okupatzaileen forma baino haratago funtsa sostengatzen dutela zehazturik. Tartean da Peio Bacho Donaixtiko hautetsia.
Okupatzaileen ondora etorri zara sostengua ekartzera. Zergatik?
Hiru urtez etxea hutsik ikusi dugu. Proiektuak aipatu dira; alzheimer zentro baten egiteko... Baina ez ziren hor kokatzen ahal: sobera handia, edo ez zen gune egokitua.
Gizarteratze zentro bat aipatu du Jean-Pierre Vigneau auzapezak.
Ez dugu sekula horren berri ukan. Orain, okupatzaileekin bizia ikusten dugula, uste dut kultura eta animazio mailan zerbait eskas dela eta hemen kokatzen ahal dela.
Agerraldian herritar batek esan duenez, musika ikasteko, adibidez, 20 bat kilometro egin behar dituzue...
Donapaleura edo Garazira joan behar dugu. Hor berean ukaitea zerbait —musika, dantza, liburutegi...— herriarentzat abantaila izan daiteke, dinamizatzeko. Haize Berri kultur elkartea geldituta, huts bat bada Oztibarren. Zerbait eginda kultur eta animazio mailan, jendeei Donaixtira bizitzera jiteko gogoa sor liteke.
Donaixtiko funtsezko arazoetako bat herria husten aritzea da, ezta?
Badira anitz etxe huts herrian. Egitura hau uzten badugu erortzen, herriaren irudi arrunt txarra emanen du. Segur da nehork ez duela jin nahiko zoko honetara. Bizia deno behar dugu baliatu.
Auzapezak dio handiegia dela zentro kultural bat egiteko, eta ur azpiegituretan inbertsioak egin dituela, eta jende gehiago ekarriko lukeen proiektu bat behar dela estaltzeko.
Badira manerak beste zerbait egiteko ondoan, bateragarri izan daitekeena. Ur zikinen garbitze lanak egin ditu herriak, kostu handia sortu dutenak. Herrian ez da jende anitz, eta herritarrek berek ezin dute hori ordaindu. Eskola ohian jende anitz bada, eta kontsumitzen badute, garbitze lanak aiseago finantzatuko dira. Aurrekontuak eginak izan ziren eskola ohiko proiektua kontuan hartu gabe.
Hautetsi gisa, mozio bat sinatu duzue. Ondoko urratsa zein duzue?
Mozioa segiaraztea eta gazteekin zer egin daitekeen ikustea. Jakin genuenez, serorak ez ziren proiektuaren kontra; egiteko moldeekin ez ziren ados. Nahi zuten gazteak joatea, baina aztertzen ahal zela plana. Biharamunean uxerra izan zen. Ez dakit fidatzen ahal den.
Egoitza orain kongregazioarena da, baina herritarrek zuten eraiki, ezta?
Bai, puxkak emanez, lanean arituz eta dirua bilduz. Herritarrek zuten altxatu, eta serorei eman; ez zuten saldu. Idatzi joko batez serorena da, baina badakite nola jina den. Moralki badute ardura. Berriz herriari zerbait ekartzen ahal balio, onartu egin beharko lukete.
Nola dator geroa? Polizia jinen da?
Ez dakit. Segur aski, gauzak diren maneran... Galdera da ea gauzak utzi behar diren mintzera bururaino edo zerbait luzerako abiarazi daitekeen, ea fidatzen ahal garen serorek erran zutenarekin. Gero, gazteek dute erantzuna emanen.
Peio Bacho. Donaixtiko hautetsia
«Okupatzaileekin, bizia ikusten dugu Donaixtin; zerbait kokatzen ahal da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu