«Okupazio indarrak» joan daitezela eskatuko du Alde Hemendik mugimenduak

Ekainaren 15ean egingo dute lehen mobilizazio eguna, 'Alde Hemendik, utzi bakean Euskal Herria' lelopean

79 kuartel ditu Guardia Zibilak Hego Euskal Herrian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alde Hemendik mugimendua aurkeztu dute Altsasun (Nafarroa) dozenaka herritarrek. Azaldu dutenez, «indar okupatzaile guztiak» Euskal Herritik joatea du helburu herritar mugimenduak. Besteak beste, «inongo inposizio eta mehatxu militarrik gabeko agertoki demokratikoa» eskatu dute, proiektu politiko guztiak mamitzeko aukera emango duena. Izan ere, Espainiako eta Frantziako polizia eta militarrek euskal herritarren eskubideak etengabe urratzen dituztela salatu dute, eta eguneroko ogi direla kontrol eta mehatxuak: «Gerra egitera eta gure herria zapaltzera etorri direnek ez dute lekurik hemen, sobera daude».

Bide horretan, ekainaren 15ean jarri dute lehen geltokia, aurreneko Alde Hemendik egunarekin. Mobilizazioak egingo dituzte hamabost herritan, 19:30ean, Alde hemendik, utzi bakea Euskal Herria lelopean. Agoitzen, Altsasun, Elizondon, Lekunberrin, Leitzan, Iruñean, Durangon, Galdakaon, Gernikan, Bilbon, Eibarren, Oñatin, Ordizian, Zarautzen eta Laudion antolatu dituzte manifestazioak, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei: «Urrats bat gehiago izango da lortu nahi duguna lortzeko bidean».

Hiru eskaera jaso dituzte sorrera agirian. Lehena, «indar okupatzaileen» presentzia eta kontrolak etetea, herritarrak «kalean, mendian zein errepidean lasai eta aske» ibili ahal izateko. Bigarrena, «errepresio mota guztiak» bertan behera uztea, «bakea normalizazio politikoa ekarriko duen prozesu demokratikoa garatu ahal izateko». Azkena, erakundeei egina, «okupazio indarrei» alde egin dezatela eska diezaieten.

«Pauso atzeraezinak»

Azkenaldian, hainbat erakunde mintzatu dira gaiaren inguruan. Eusko Jaurlaritzak joan den otsailean esan zuen Espainiako Polizia eta Guardia Zibila EAEtik ateratzeko eskatuko diola Espainiako Gobernuari. Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak azaldu zuen ETAk armak utzi osteko «errealitate berrian» ez duela «inongo justifikaziorik» haiei beren hartan eusteak. Bide horretan «urrats atzeraezinak» egiteko galdegin die erakunde horiei Alde Hemendik mugimenduak: «Pasa daitezela hitzetatik ekintzetara». Herrien harreman sare bat osatu nahi du mugimenduak, aldarrikapena «Euskal Herri osoko txoko guztietan entzun dadin».

Agerraldian gogora ekarri zuten Euskal Herria dela biztanleko polizia gehien duen Europako Batasuneko nazioa —23.800 polizia eta militar daude—, eta azken bost hamarkadetan herritarren aurkako jazarpena handia izan dela salatu zuten, hainbat datu emanaz. Besteak beste, 21.230 atxilotu, 474 hil, 9.600 torturatu dituztela salatu zuten, eta aldarrikatu zuten bukatu egin behar dela «salbuespen egoera» hori: «Pauso irmo eta atzeraezinak eman behar dira bakerako bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.