Errepideak eraikitzeko lanetan une oro «gardentasunez» jokatu zutela, legea bete zutela eta azpiegitura horien bidez Gipuzkoa «kolapsoan» sartzea eragitzi zutela. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Gipuzkoako errepideen eraikuntzan atzemandako irregulartasunei gisa horretan erantzun diete Markel Olano ahaldun nagusi ohiak, Eneko Goia Bide Azpiegituretarako diputatu ohiak eta Borja Jauregi Bidegiko zuzendari ohiak. Areago, auzitegiak irregulartzat jo duen eran jardunda gastua aurreztu zutela nabarmendu du Olanok: ezustekoak agertzean beste lehiaketa bat egiteak denbora gehiago eta gastu handiagoa eskatuko zuen, haren arabera. Nolanahi ere, aitortu du hutsegiteak egin zirela errepideak diseinatzerakoan: «Egia da proiektu geotekniko batzuetan huts egin zela».
Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia zuten atzo Olanok, Goiak eta Jauregik. Azalpenak ematera deitu zituzten, kontuen auzitegiak 2009an Gipuzkoako errepide batzuk eraikitzerakoan gastuak asko igo zirela ondorioztatu eta gero. Azken hiletan eztabaida izan da Bilduren eta EAJren artean, aurreko diputazioak iragarri baino diru gehiago gastatu zuelako bideak egiten. Ikusmin berebizikoa eragin zuen agerraldiak. Atarian protesta egin zuten, AHT Gelditu Elkarlanak deituta, dirua «xahutu» zutela salatzeko.
Agerraldia bultzatu zuen ebazpena, herri kontuen epaitegiarena, zalantzan jarri zuen Olanok; txosten horretan, auzitegiak dio diputazioak urratu egin zuela lehiaketa printzipioa, eta «desitxuratu» egin zituela kontratuaren xedea eta bolumen ekonomikoa. Ez dator bat ahaldun nagusi ohia. Haren esanetan, ez da harritzekoa lanak hasi eta gero aldaketak egin beharra. Nola egin, hori da auzia: aldundiak erabaki zuen jada lanean ari ziren enpresei ematea lan berriak, ez beste lehiaketa bat egitea. Olano: «Eskaintza berri bat egin beharko balitz, obra burutzeak sortuko lukeen kaltea ikaragarria litzateke denborari eta diruari dagokienez».
Legezkoa da lehiaketa ez egitea, ahaldun nagusi ohiaren hitzetan: aldaketak «justifikatuta» zeudela eta «interes publikoaren beharrei» erantzuten zietela esan du. Eta «garden» aritu zirela, erakundeetan informazioa ematen.
«Errepide sareko iraultza»
Agintean zenean «errepide sareko iraultza» egin zuela nabarmendu du Olanok. «Obra ikusgarriak egitea eskatu du horrek, eta haietariko batzuek gorabehera larriak izan dituzte, aldaketa eta proiektu osagarriak eragin dituztenak». Onartu du proiektuetan «hutsak» egin zituztela. «Gure lurraldearen orografiak zaildu egiten dituela azterketa tekniko horiek».
Lurraren gorabeheren eragina nabarmendu du Goiak ere: «Gipuzkoaren madarikazioa da, eta zailtasun handiak sortzen ditu». Hala ere, adierazi du beste arrazoi batzuengatik ere moldatu behar direla obrak: udalen eskariak, inguruko obrak eta proiektuari hobekuntzak egiteko aukerak aipatu ditu. Erabakiak Obren Zuzendaritzak eta diputatuen kontseiluak hartu zituztela azaldu du.
Diruarekin zer gertatu zen argitzeko eskatu diote EAJri. Goiak erantzun du «obra kostatu zena» ordaindu zuela diputazioak, eta hori ez duela auzitan jarri epaitegiak. Aldaketak lanean ari zen enpresa berari eman izana «onargarria» dela adierazi du, dirua eta denbora aurreztu zituztelakoan.
Emandako azalpenekin konforme agertu ziren atzo EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariak. Aralarreko eledun Rebeka Uberak kritika egin zien EAJren gobernuei, «makroazpiegituren zaleak» direlakoan. Tira-birak, ordea, Bilduko batzarkide Iban Asenjoren hizketaldiaren ondoren sortu ziren. «Kudeaketa txarra baino txarragoa» egitea egotzi zien diputazioko arduradun ohiei, eta «eraikitzaileen mesedetan» jardutea. «Esloganak» ematen aritzea leporatu zion EAJk Bilduri. Presidenteak eten egin zuen eztabaida.
Bidegi elkarteari buruz izan zuten ika-mika, hark bideratutako obretan gastuak gehiago handitu direlako. Jauregi zuzendari ohiak erantzun zuen aginduak betetzen zituela. «Alderdiak administrazio kontseiluan zeuden. Ez zidaten esan oker kudeatzen ari nintzela».
Olanok ziurtatu du «garden» jokatu zutela Gipuzkoako bideak eraikitzean
Obren gastua handitzea «justifikatuta» zegoela esan du ahaldun nagusi ohiak; kostu handiagoa eragotzi zutela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu