Itxura aldatua izango du BERRIAren azalak datozen igandeetan, gaurtik hasita. Irakurleak erabateko ezustekoa hartuko du. Ohi bezala, eguneko albisterik garrantzitsuenen tituluak irakurri ahal izango dira azalean, baina marrazkiek ordezkatuko dituzte argazkiak. Ziztada kanpainarekin bat egin duten lau marrazkilariren ekarpena izango da.
Antton Olariagak atzo 17:30ak aldera ekin zion BERRIAren gaurko azala diseinatzeari, egunkariaren egoitza nagusian bertan, Andoainen. 22:30ak aldera amaitu zuen.
Haren ondoren Eider Eibar, Zaldieroa eta Idoia Beratarbidek hartuko dute lekukoa, bata bestearen jarraian.
Ibilbide luzeko marrazkilariak dira guztiak, eta BERRIAren irakurleentzat aski ezagunak. Zakilixut pertsonaiaren aita da Olariaga. Haur literaturako ilustratzaile gisa egin ditu urratsak Eibarrek, eta laster Mantangorri gehigarriko gastronomia orriak apainduko ditu. Umore zertzeladaz betetzen du iritzi saila egunero Zaldieroak, De Rerum Natura komiki zintarekin. Eta igandeko azken orriko elkarrizketetako protagonisten marrazkiak Beratarbidek egiten ditu.
Ziztaden beharra
BERRIA Taldeak azaroa amaieran jarri zuen martxan Zure ziztada behar dugu kanpaina. Ekonomiaren eta idatzizko hedabideen krisiaren eraginez, urte ekonomiko zailak izaten ari dira taldearentzat. Hala, kanpaina proiektuari eusteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko diru ekarpenak lortzeko da. BERRIA Komunitatea martxan jarri zenetik, dagoeneko hiru mila lagunek eman dute ziztada, eta hainbat sektorek babestu dute kanpaina.
Sektore horietako bat da kulturarena. Urte hauetan guztietan euskal kulturan ezinbesteko erreferente bilakatu da BERRIA, eta, horretaz jakitun, atxikimendua eman diote kultur arloko hainbat lagunek kanpainari. Zerrenda luzea da oso: bertsolariak, musikariak, argazkilariak, artistak, antzezleak, idazleak... Marrazkilarien ekarpenarekin erlauntzak handitzen jarraitzen du orain. Sektoreka atxikimendua jasotzeaz gain, herriz herri ere ari dira ekintzak antolatzen ziztadak jasotzeko.