Oleagaren jarrera txalotu dute metroko sindikatuek

Langile batzordeari eta zuzendaritzari txosten bana eskatu die metroko presidenteak, konponbideak bilatzeko

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Txema Oleaga Bilboko Metroko presidentearen jokabidea positibotzat jo du garraio publikoko langile batzordeak. Metroko zuzendaritzak eta sindikatuek atzo eginiko bileran parte hartu zuen Oleagak; sindikatuekin hitz egitearen aldeko jokabidearekin Oleagak «beste inork erakutsitakoa baino borondate hobea» adierazi duela uste dute langileen ordezkariek, eta hori «gardentasunaren aldeko urratsa» izan daitekeela.

Joan den ostiralean izendatu zuten Oleaga metroko presidente, Loly de Juanek dimisioa eman ondoren. Atzokoa izan zuen aurreneko bilkura metroko sindikatuekin eta zuzendaritzarekin; txosten bana egiteko eskatu zien bi aldeei, norberak bere ikuspuntutik lan gatazkaren nondik norakoak azaltzeko. Gainera, hilabeteko epea eskatu die Oleagak bi txostenak aztertu eta balizko irtenbideak bilatzeko.

Langile batzordeak batzarrera eramango ditu Oleagaren eskakizunak, txostena egin behar duen eta hilabeteko epea ematen dion erabakitzeko. Urtarrilaren 5, 12, 19 eta 26rako iragarritako lan eteteak bertan behera utziko dituzten ere ebatziko dute langileek, baina ziurtatu dute mantendu egingo dutela biharko deitutako elkarretaratzea. Ordea, alde guztiek «gatazka konpontzeko bokazioa» dutela nabarmendu du metroko zuzendaritzak, eta erantsi du «beharrezkoak diren kontaktu guztiak» izango dituztela helburu horretara ailegatzeko.

Soldatak, izoztuta

Ordezkari sindikalek haserrea adierazi dute langileen 2011ko soldatak izoztea jasotzen duen txostenaren berri hedabideen bidez izan dutelako. Txosten horren arabera, beharginek 1.500 euro itzuli beharko dituzte, aurten %4,5 egin baitu gora haien soldatak. Metroko administrazio kontseiluak etzi erabakiko du neurri hori hartu edo ez.

Soldatak izozteak lan gatazka okertuko lukeela ohartarazi dute sindikatuek. Gainera, zuzendaritzaren jokabidea kritikatu dute: «Hedabideen bitartez izan dugu txostenaren berri, nahiz eta zuzendaritzak bazekien gaur [atzo] bilera genuela». Oleagak asmo ona adierazi duela aitortu dute, baina «hitzetatik harago» joatea galdegin diote: «Gaur-gaurkoz, hitz onak besterik ez ditugu, eta hitzak haizeak daramatza». Txostena helaraziko diela agindu die Oleagak sindikatuei; hala egiten badu, jarrera aldaketa «egiazkoa» dela erakutsiko du, langileen ordezkarien ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.