Oleguerri etendako kontratua ordaintzera zigortu dute Kelme

Bartzelona taldeko futbol jokalariak Iñaki de Juana presoaren eskubideen aldeko iritzi artikulu bat idatzi zuela eta, harekin zeukan harremana bertan behera utzi zuen kirol arropa markak.

2008ko maiatzaren 16a
17:53
Entzun
49.608 euro eta atzerapenak sortutako interesak ordaindu beharko dizkio Kelme kirol arropa markak Oleguer Presas Bartzelona taldeko futbol jokalariari. Izan ere, Oleguerrekin zuen publizitate kontratua alde bakarrez eta arrazoirik gabe hautsi zuela erabaki du Elxeko (Alacant, Herrialde Katalanak) epaile batek.

BERRIAn eta Kataluniako Directa astekarian Fede ona izeneko artikulua plazaratu zuen futbol jokalariak, iazko otsailaren 7an, Iñaki de Juana Chaos ETAko presoa gose greban zegoela-eta haren eskubideen alde.

Oleguerrek iritzi hori idatzita beren irudia kaltetu zuela erabaki zuen Kelmek, eta publizitate kontratua eten zuen. Kelmeren erabaki horren harira, Kelmek bezero gisa galdu nau kanpaina jarri zuten abian, eta egun batzuren buruan, 18.170 lagunek bat egin zuten ekimenarekin.

Epaileak argudiatu du kirol arropa markak ez zuela ondo jokatu kontratua bertan behera uztean, batetik ez duelako zehazten irudian izan zituen kalteak zeintzuk izan ziren, eta, bestetik, Oleguerrek ez zituelako artikuluan De Juanaren ekintzak babesten, baizik eta gose greban zegoela-eta haren eskubideak.

Kelmeren kontratu etetea ez ezik, erreakzio zaparrada eragin zuen futbol jokalariaren artikuluak. Komunikabide askok, batik bat, Madrilgoek, kritika gogorrak egin zizkioten. Bestalde, ordea, elkartasun mugimendua ere sortu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.