Omenaldia jaso dute Maria Jesus Ugalde andereñoak eta Miren Erkizia gurasoak

Biak ere urteetan aritu dira Andoaingo ikastolan irakasle lanetan. Hasierako garai "zailak" gogoratuta, “miraria” iruditzen zaie ikastolak ia 900 ikasle izatea orain. BERRIA.INFOk zuzenean eman du omenaldia. [Ustream]http://www.ustream.tv/recorded/25979194[/Ustream]

2012ko urriaren 7a
08:24
Entzun

Maria Jesus Ugalde maistrak eta Miren Erkizia gurasoak urteetan Aita Larramendi Ikastolaren alde egindako lanaren aitortza jaso dute Andoainen, Bastero kultur zentroan. Ia mende erdiz ikastolatik igarotako guraso eta irakasleen izenean jaso zuten omenaldia, atzo. Hasierako garai zailak gogoratuta —1963an sortu zen ikastola—, “miraria” iruditzen zaie ikastolak ia 900 ikasle izatea orain. “Oso polita da nire ikasle izandakoen seme-alabak ikastolara datozela ikustea, ikastolak aurrera jarraitzen du”, esan zuen Ugaldek.

Iker Vallek egindako eskultura jaso zuten biek. Eskulturan besarkada bat irudikatzen da, esker onaren adierazle.

Ugaldek duela bost urte hartu zuen erretiroa, 41 urtez ikastolako irakasle izan ostean. Irakasle ikasketak amaitu, eta handik astebetera hasi zen eskolak ematen. Frankismo garaia izanda, gurasoek seme-alabak ikastolara eramateko egiten zuten ahalegina ekarri du gogora. “Klandestinitatean ematen genituen eskolak, eta herritarrek utzitako lokaletan”. Urteotan “babestuta, maitatua eta onartua” sentitu dela nabarmendu zuen atzo.

Hasieratik guraso eta irakasleen artean izandako harreman ona ere ekarri nahi izan zuen gogora. “Zenbat irteera ez genituen egingo guraso elkartekoekin, haiek gonbidatuta, gainera”.

Garai bateko kontuak ekarri zituen beste omendu Erkiziak ere. “Ikastolan sartzen zinenean, militantzia batean ere sartzen zinen. Denek egiten genuen lan proiektua aurrera ateratzeko: gurasoek, irakasleek, ikasleek…”. Guraso elkartean aritu zen hura. “Gogoan dut hasiera batean denetik egin behar genuela. Baina bereziki bi gauza gogoratzen ditut: kanpaldiak antolatzen hastea eta sanjoanetako danborradarako jantziak prestatzea”.

"Hasierak zein zailak izan ziren kontuan hartuta" Aita Larramendi ikastolak orain 900 ikasle edukitzea "mirari bat" dela deritzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.