Euskara

Oñatiko Udalak Txillardegiren oroigarri bat jarriko du Arantzazun

Euskara batuaren 50. urteurrenaren harira, Txillardegik egindako lana aitortu egingo dute, Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak proposatutakoa onartuta.

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'. JON URBE, FOKU
2018ko ekainaren 1a
09:40
Entzun

Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak proposatuta, Oñatiko Udalbatzak aho batez onartu du bart Txillardegiren omenezko oroigarri bat herrian jartzearen aldeko mozioa. Erabakia zinegotzi guztiek (EH Bildukoek zein EAJkoek) hartu dute, eta ekitaldia txalo artean bukatu da, bertan Txillardegiren beraren senideak izan direla.

Alkateak, Mikel Bianek, Txillardegiren lana goraipatu du. Onartu du oraindik ez duela jaso herri erakundeetatik merezi bezalako aitortzarik, baina, denboraren poderioz, jaso egingo duen konbentzimendu sendoa agertu du, haren merezimenduak "begi-bistakoak" direlako.

Udalbatzak erabakia hartu ondoren, Txillardegi Liburutegia Herri Ekimeneko presidente Fito Rodriguezek hartu du hitza. Zinez eskertu die udalbatzak hartutako erabakia "Oñatiko Udala bihurtu dute Txillardegiri aitortza merezi duen bezala egin dion lehenengo herri erakunde", esan du. Erabakia aitortza ofizialaren bidean urrats garrantzitsutzat jo du. Urrats berriak etorriko diren konbentzimendua ere agertu du, baita Txillardegiren jaioterrian bertan ere, Donostian alegia.

Aurten euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena da eta Oñatiko udalak gogoratu du Arantzazun jarri zirela hizkuntza estandarraren oinarriak. Nabarmendu du euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi bera izan zela. Idazlea eta ikerlaria sarri joan zen Arantzazura, Milikua ostatura, eta bertan ikertu, idatzi eta atseden hartu ohi zuen. Horren ondorioz, haren oroigarria ostatuaren pareta batean jartzea erabaki dute. Mikel Arregi eskultoreak diseinatuko du plaka hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.