Ondasunak bere izenean jartzen segitzea leporatu diote Nafarroako Elizari

Legeak ematen dizkion abantailen bidez lortu dituen ondasunak itzul ditzala eskatuko diote Elizari protesta batean

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Izandako salaketak gorabehera, Nafarroako gotzaintza oraindik ere ari da bere izenean jartzen hainbat ondasun. Nafarroako ondarea babesteko elkarteak salatu du gotzaintzaren izenean gero eta eraikin gehiago daudela. 1.089 bere izenean dauzkala baieztatu dute, baina ziurtatu dute gehiago izango direla. Protesta egingo dute astelehenean, hilaren 26an, gotzaindegiaren aurrean. 18:00etan jarri dute ordua.

Espainiako Hipoteka Legeak ematen dion pribilegioa baliatuta ari da Eliza ondasunak bereganatzen: erregistrora joan eta paper gutxiago eginda, modua du ondasunak bere izenean jartzeko. Plataformaren arabera, Nafarroan inon baino gehiago ari da egiten.

Ondasunak «ebasten» ari da Eliza, plataformako kide Carmen Urrizaren hitzetan: «Gizartean gero eta uste zabalduagoa da ondasuna ebatsi duela Elizak». Pascual Larunbek nabarmendu du balio historiko handia duten eraikinak ari dela bere izenean jartzen Eliza. «Gotzaintzaren gisako erakunde pribatu bat da haien jabea, eta ez, ordea, Nafarroako herriak; haiek eraiki zituzten, eta haiek eusten diete».

Auzitegietako bidea

Eraikin erlijiosoak dira gehienak, baina badira beste gisa batekoak ere: etxeak, lursailak, hilerriak... Hainbat udalek jo dute auzitara Elizaren aurka, eta plataformako kideek jakinarazi dute hori bultzatzen jarraituko dutela aurrerantzean. Haien esanetan, izan ere, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da Hipoteka Legeak Elizari ematen dion tratu berezia.

Ondarea herriari itzultzeko eskatuko diote asteleheneko protestan Iruñeko gotzaintzari. Ikatza utziko dute eraikinaren atarian, protesta gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.