Euskal Herriko ustiategietan abelburu kopurua hazi ahala, mindak beste horrenbeste egin du, eta dagoeneko ez dakite zer egin hainbesterekin. Betidanik ongarri modura erabili izan da, baina daborduko ez dute hainbeste minda zabaltzeko behar beste lursail. Eskualdeko abeltegietatik ateratako gehiegizko gorotz eta gernu horri konponbide bat bilatzen hasi ziren, adibidez, Guvac kooperatiban bilduta dauden Karrantzako (Bizkaia) abeltzainak. Mindarekin argindarra ekoizteko biogasa lortzea bururatu zitzaien. Modu horretan abiatu zen 2000. urtean Karrantzako Minda egitasmoa.
Hasieratik hainbat arazo izan ditu, batez ere kokaguneari lotutakoak. Kostata, 2009an eraikitze lanekin hastea lortu zuten; hala ere, gaur egun ez atzera ez aurrera daude. Iazko urte bukaeran gelditu zituzten lanak, ez zegoelako jarraitzeko dirurik. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, gainera, 2009tik zorretan dituen diru laguntzak ez ordaintzea erabaki du. «Mindaren arazoari erakunde guztien artean aurkitu behar diogu konponbidea, hutsetik hasita», ohartarazi du Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak, Bizkaiko Batzar Nagusietan azalpenak emateko egindako agerraldian.
Bere garaian eztabaida politikoa ere sortu zuen planta horrek. Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaian Nekazaritza Saileko Berrikuntza eta Teknologiaren Garapeneko zuzendaria zen Martin Askazibar. Karguan egon zen azken urteetan hainbat milioitako diru laguntzak sinatu zituen Karrantzako Minda egitasmoarentzat. Behin zeregin politikoak utzita, 2009ko abenduan plantaren sustatzaile den enpresako aholkulari nagusi lanetan hasi zen. Enpresaren jabegoan hainbat aldaketa egon dira. Hasiera batean ia kapitalaren %100 Guvac kooperatibarena izan zen. Gerora, Karrantzako Udala (EAJ) ere parte baten jabe egin da. Azkenik, Ipar Kutxak kapitalaren %10a jarri du. Horiek hala, gainontzeko alderdi politikoek kontuak eskatu dizkiote EAJri.
Inprobisazioaren proiektua
Proiektuarekin zer egin erabaki aurretik, Eusko Jaurlaritzak txosten bana eskatu die Euskal Herriko Unibertsitateari eta Neiker institutuari. Ingurumen Sailak dagoeneko jaso ditu emaitzak, eta biek ala biek «proiektua ez dela bideragarria» ondorioztatu dute. Adibidez, ekonomikoki errentagarria izateko 450 metro kubo minda behar dira. Unzaluren hitzetan Karrantzako abeltegiek ez dute «inondik ere» hainbeste sortzen. EHUren txostenak, gainera, honako hau salatzen du: «Diru laguntza publikoak izango zituela jakitun, Karrantzako Minda enpresak proiektuarekin hasi eta arazoak sortu ahala konponduz joatea pentsatu zuela dirudi». Martxan jartzeko behar diren kontratuak ere sinatu gabe daudela ohartarazi du. Neikerrek, berriz, enpresaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jarri du. Besteak beste, abeltzainei garraioa kobratu nahi zaiela eta ez daudela horretarako prest, ohartarazten du txostenak.
Sustatzaileek hasieran 12 milioitan zenbatu zuten planta eraikitzeko aurrekontua. Proiektua erdizka dagoela, iaz, 25,8 milioira igo zela salatu du Unzaluk. «Zalantza guztiak argitu gabe daudenean gertatu da». Izan ere, sustatzaileek ezinbestekoak diren hainbat kontu erabaki gabe dituzte. Adibidez, ez dago zehaztuta minda nork jarriko duen eta nola garraiatuko den plantara; Karrantzako abeltzainena bakarrik erabiliko den, edo Kantabriakoena (Espainia) ere bai. Garraioa nork ordainduko duen ere ez dago erabakita: edo abeltzainek edo enpresak. Mindarekin argindarra sortzeko beharrezkoa den biogasa lortzeko, kodigestatuak behar dira, mindarekin biogasa lortzeko ekai berezi bat. Proiektuaren sustatzaileek ez dute erabaki nondik lortuko duten substantzia hori. Minda tratatu osteko hondakin solido eta likidoekin zer egingo den ere zalantzan dago. Aukeratzen den erabilerak asko alda dezake gastuen zenbatekoa. Hala, Unzaluk ez du ulertzen horiek guztiak zehazteke daudela aurrekontua hainbeste puztu izana.
Horiek hala, Karrantzako Mindak «ez dauka funtsik» Unzaluren hitzetan. Are gehiago, egitasmoa denik ere ukatu egin du: «Ez dugu proiekturik gelditu, ekonomia, ingurugiro eta teknika aldetik bideragarritasunik gabeko kudeaketa traketsa baizik». Zehaztu gabeko kontu horiez gain, Patxi Lopez lehendakari duen Eusko Jaurlaritzak «ordainketen arrazoitzeetan hainbat irregulartasun» aurkitu zituela eta, auditoria bat eskatu zuen duela bi urte. Hala ere, oraindik ez dute lortu sustatzaileek hainbeste diru zertan gastatu duten argitzea.
Kontuak kontu, dagoeneko 10 milioi euro pasatxo jaso dituzte diru laguntza publikoetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren aldetik. Aurreko gobernuak 2007an hartu zuen erabakiaren arabera, gainera, ondorengo 20 urteetan 49,5 milioi euro jarri behar zituen Jaurlaritzak. Horiez gain, urtero beste 365.000 euro ematea ere hitzartu zuten enpresarekin.
Errentagarritasuna berotik
Karrantzako ekimenaren aurrekontuaren tamaina neurtzeko, Ultzamakoarekin (Nafarroa) aldera daiteke. Eskualdeko baserritarrek eurek eskatuta abiarazi zuten kasu horretan ere minda planta sortzeko prozesua. Bizkaian ez bezala, proiektua errealitate bihurtzea lortu dute. Joan den abenduan inauguratu zuten Euskal Herrian argindarra sortzeko dugun modu honetako planta bakarra. 5 milioi euro gastatu dituzte lanetan.
«Nekazariek arazoak izaten zituzten minda biltzeko. Gero eta presio gehiago zuten, orain Nafarroako Gobernutik, gero Europatik. Toki malkartsuetan ezin zela botatzen ahal, euria zenean ezin zutela botatzen ahal... Trabak haziz joan ziren», Xabier Ripa Bioenergia Ultzama enpresako buruak azaldu du egoera. Konponbide baten bila hasi, eta minda planta eraikitzea bururatu zitzaien. Aritzalde kooperatiba sortu zuten, eta enpresaren kapitalaren %44aren jabe dira.
Ultzamako planta horretan, argindarra ez ezik, beroa ere sortzen dute. «Energia termikoa saltzen diogu Elordiko industrialdeari, lurrun modura edo ur bero modura. Ez bagenuke hala egingo, hori ez litzateke errentagarria izango», adierazi du Ripak. Argindarra, berriz, sarera saltzen dute.
Urtean 80 mila tona minda biltzeko asmoa dute, Ultzama, Basaburua eta Odietako 26 abeltzainen ganadutegietatik. Eguneko 250 tona inguru dira, 2.700 abelburuk sortutakoak. Horiekin 500 kW elektriko eta 850 kW termiko ekoizten dituzte orduko.
Kamioi zisterna bidez instalazioetara eramaten dute. Digestore batzuetan sartzen dute, hartzitze anaerobikoa egiteko. «Modu horretan mindaren metanoarekin biogasa lortzen dugu. Biogasa motor batzuetan erabiltzen dugu, erregai gisa, elektrizitatea edo beroa sortzeko», azaldu du Ripak. Minda hilabetez izaten dute digestoreetan, eta handik ateratzen duten bidenabarreko produktuari indigestatua deitzen diote. Eskualdeko lursailak ongarritzeko erabiltzen dute.
Edonola ere, indigestatu hori ezin izaten dute nahi dutenean bota. Gutxi gora behera, lauzpabost hilabeteko kontua izaten da. «Lurrak arras bustiak daudelakoz, edo elurtuta dagoelakoz, edo traktoreekin lurra kaltetu dezakegulakoz, gorde egiten dugu».
Bi hilabete pasatxo daramatza lanean Ultzamako minda planta horrek, eta bai kudeatzaileek bai abeltzainek balantze «baikorra» egiten dute. Arazoari behar bezalako konponbidea eman diotela irizten diote. Badira, baina, uste horrekin bat egiten ez dutenak.
Intentsifikazioa arazo
Bizkaiko EHNEk, kasurako, minda plantek arazoa betikotzeko baino ez dutela balio salatu du. Printzipioz, ingurumenari ez diote kalterik egiten, eta gehiegizko minda kudeatzen laguntzen dute. Baina baserritarren sindikatuak pauso bat harago eraman du eztabaidaren muina. «Errentagarritasuna gehitzeko asmotan, azken hamarkadan ustiategiek behi gehiago jarri dituzte, eta intentsifikaziora jo dute. Horregatik posible da gaur egun sortzen den minda guztia eskualdean ezin banatzea. Baina hori ez da horrelako planta baten alde agertzeko arrazoia; ez du sektorearen arazoa konpontzen», dio Alberto Llonak.
Eusko Jaurlaritzak Karrantzako plantan gastatu duten dirua beste zerbaitetara bideratu behar zela iruditzen zaio Bizkaiko EHNEko kideari: «Inbertitu behar bada, abeltzaintza eredua aldatzeko izan dadila». Lurrari lotutako eredua aldarrikatzen du. Izan ere, sindikatuaren ustetan, gehiegizko mindaren arazoa abelburu kopurua eta lursailen kopurua neurri berean hazi ez izanaren ondorioa da. Horregatik, desoreka hori konpondu behar dela dio. Gainera, horrelako planta batek abeltzainei kalte egingo diela uste du. Egun ekonomikoki egoera zaila bizi dute, eta proiektu horrek produkzio kostuak gehiago handituko dizkie, garraioa garestia delako.
Banaketaren alde
Iragan abendutik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan bezala, Lasturkoi enpresa Karrantzako abeltzainen minda jasotzen hasi da. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak dituzte horretarako. Horren harira, ohar bat egin du Llonak: «Zerbitzu hau oso aspaldikoa da, eta hiru herrialdeotako eskualde guztietan egon da martxan, Karrantzan izan ezik. Zergatik? Martxan jarri zenean minda plantaren aurreproiektua dagoeneko eginda zegoelako».
Bizkaiko EHNEk Karrantzako abeltzainekin hitz egin du, eta zerbitzua erabiltzen dutenak «oso gustura» daudela dio Llonak. «Norbere makinekin minda zabaltzeko arazoak zituenak, zerbitzu honekin erraztasun gehiago du. Okelatarako behien esplotazioetan, berriz, lursail asko dituzte, eta ez dute behar beste minda ekoizten. Zerbitzu honi esker, euren lurrak ongarritzen hasi dira, beste ustiategi batzuetako soberakinekin».
Edonola ere, Llonak onartzen du Karrantzan badirela zerbitzuari nahiko irizten ez dioten abeltzainak. Beraien mindak beste zerbait behar duela diote, eta plantaren alde daude. Baina Bizkaiko EHNE ez dago ados. «Intentsifikazio prozesua bultzatzen du, galga jarri ordez. Ez dugu ez ulertzen eta ez onartzen lehen ongarri zena orain hondakin bihurtzea».
Ingurumena. Behien gorotza eta gernua energia iturri
Ongarri, lehen; energia, orain
Abeltzaintza intentsiboak minda gehiegi sortzea eragin du. Irtenbide bila dabiltza baserritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu