Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek ohartarazi du migratzaile adingabeei ez dizkietela eskubideak bermatzen

Azaldu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak Vivero zentrora bideratzen ditu 16 urtetik gorako adingabeak, eta adierazten diete ez dutela haien «ezer» izapidetuko.

Migratzaile batzuk Irungo Gurutze Gorrian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Migratzaile batzuk Irungo Gurutze Gorrian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iazko azaroan, Bizkaiko Foru Aldundiak salbuespenezko egoera ezarri zuen adingabe migratzaileak artatzeko harrera sareari dagokionez, sarea «bere ahalmenaren mugan» zegoela argudiatuta. Salbuespenezko egoera horrek modua eman zien aldi baterako laguntza baliabideak aktibatzeko, eta hala egin zuten: Galdakaoko (Bizkaia) Vivero zentroa ireki zuten berriro —2023an itxi zuten, eta hemeretzi langile kaleratu—. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak salatu duenez, bertara bideratzen dituzte mutil adingabe migratzaileak, eta ez dituzte euren eskubideak errespetatzen, ez baitiete ezer izapidetzen.

Bizkaian bizi den edo aldi baterako bertan den adingabe bat babesgabe badago, aldundiak bere gain hartu behar du adingabearen tutoretza, Gizarte Ekintza Sailaren bidez. «Duela urtebete jakin genuen Zornotzako lehen harrerako zentroko hezitzaileek mezu bat jaso zutela, esanez ez zietela dokumentaziorik egin behar 17 urte eta erdi zituzten gazteei; are gehiago, gazteei esan behar zitzaien ez zietela ezer izapidetuko», azaldu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako Ana Elena Altuna eta Urko Ortueta kideek.

Egoera ikusita, plataformako kideek idatzi bat bidali zuten Arartekora irailean, baita adingabeen fiskaltzara, aldundira eta atzerritarren bulegora ere. Besteak beste, errolda izateko eskubidea dute gazte horiek, baina Altunak eta Ortuetak azaldu dute ez dietela egiten. «Harrigarriena da denek dakitela zer ari den gertatzen, adingabeen fiskaltzak, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta abarrek», salatu du Altunak, eta azaldu gazteei alde eginaraztea dela horren helburua.

Are, abenduan dokumentaziorik ez egiteko adina 16 urte eta egun batera jaitsi zuten. «Adin horretako gazteak Vivero zentrora bideratzen hasi ziren». Ortuetak esan duenez, «ez da kasualitatea» 16 urte eta egun bat ezarri izana muga gisa, adin horrekin ez baita derrigorrezkoa eskolaratzea. 

«Viveron egoera horretan dauden hamabi gazteren berri dugu; hiru hilabete baino gehiago daramatzate bertan, eta pasaportea dute —hau da, baldintza guztiak betetzen dituzte dokumentazioa lortzeko—, baina ez dituzte erroldatu ere egin»

ANA ELENA ALTUNAOngi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea

Arartekoak orain gutxi aurkeztu du iazko txostena. Altunak azaldu duenez, zera jaso zuten txosten horretan: plataformak Arartekora jo zuela jakin zutelako Foru Aldundiak irizpideak aldatu zituela 17 urte, sei hilabete eta egun bateko adinetik aurrera Bizkaira iristen diren eta familia erreferenterik ez duten gazte atzerritarrei arreta ematearen inguruan. Aldundiak, ordea, ukatu egin zion Arartekoari irizpideak aldatu zituela, eta onartu zuen «prozedurak moteltzen ari zirela zerbitzua gainezka egin beharrean dagoelako».

Antzera erantzun dio aldundiak BERRIAri. Ukatu egin dute irizpideak aldatu izana, eta adierazi dute legeriaren arabera artatzen dituztela gazteak. «Gizarte Ekintzako diputatuak hori guztia azaldu izan du Batzar Nagusietan, eta Arartekoari ere erantzun zaio; hau da, dagokien tokian eman dira azalpenak».

Amaierako ebazpena

Plataformak jarritako kexari dagokionez, Arartekoak amaierako ebazpen bat atera zuen, eta gogorarazi ezen, legez, adingabeak diskriminaziorik gabe artatu behar direla eta haien garapen integrala sustatzeko beharrezko baliabideak eman behar zaizkiela.

Ortueta eta Altuna, baina, ez datoz bat. Izan ere, bertako gazteekin harremanetan jarri dira, eta argi utzi dute aldundiak ez diela dokumentaziorik egin. «Viveron egoera horretan dauden hamabi gazteren berri dugu; hiru hilabete baino gehiago daramatzate bertan, eta pasaportea dute —hau da, baldintza guztiak betetzen dituzte dokumentazioa lortzeko—, baina ez dituzte erroldatu ere egin», azaldu du Altunak. Geldirik ez geratzea erabaki dute. Abokatu batzuekin lanean ari dira, gazteen dokumentazioa atzerritarren bulegoan eska dezaten zuzenean. Horrez gain, maiatzean plataformako kideek presio egin zioten Hezkuntza Sailari, Lanbide Heziketan gazteen behin-behineko izen emateak egin zitzan.

Zentro horretan dauden adingabeen egoera ezagutu nahian, zenbat gazte erroldatuta zeuden galdetu zion EH Bilduk Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuari, ekainaren amaierako Batzar Nagusietan. Antxustegik erantzun zuen baliabideak «migratzaile adingabeen oinarrizko eskubideak eta zaintzak» bermatzen dituela, eta errolda kudeatzen zaiela. «Beharrezko orientazioa, informazioa eta jarraibideak ematen zaizkio adingabeari modu ulergarri batean, benetan jakin dezan zer ibilbide egin dezakeen premiazko laguntzarako baliabidean sartzen denetik».

Bestalde, Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak zalantzan jarri zuen Bizkaian «salbuespenezko egoera bat» dagoela. Adierazi zuenez, 2018an seiehun gazte hartu zituzten sarean, 2024ko abenduko kopuru bera. «2018an ez zen salbuespenezko egoera ezarri, leku nahikoak zeudelako gazte horiek hartzeko». Are, gogoratu zuen Vivero itxi zutenean ez zituela «baldintza soziosanitarioak» betetzen eta bai Arartekoak bai fiskaltzak esan zutela «jasangaitza» zela zentroaren egoera. Ildo beretik, zentroaren egoera salatu dute Altunak eta Ortuetak: «Egunean 45 minutuko eskola bat jasotzeaz gain, ez daukate egitekorik». Aipatu dutenez, logelak dira dituzten toki bakarrak. «Ez telebistarik, ezta liburu bakar bat ere». Zera erantsi dute: «Nolakoa izango da Viveroko gazteen etorkizuna? Bi urte igaroko dituzte horrela?».

Antxustegik adierazi zuen euren esku dagoen guztia egiten ari direla, eta benetan nahi dutela «normaltasuna berreskuratu». Hala ere, zera jakinarazi zuen Arartekoak: salbuespenezko egoera asko jota urte eta erdi luza daitekeen arren, horri buruzko dekretua alda dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari, epe hori aldatzeko. Neurri horrek kezka sorrarazi dio Arartekoari, arretaren kalitatea murriztu dezakeelako eta gazteen eskubideen aurkakoa delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.