Zuzenbidean aditua

Claude Proeschel: «Ontsalaz bereizita dauden Estatuaren eta Elizaren arteko diru harreman bat badago»

Kapilauen funtzioa ikertu du Proeschelek, zuzenbidearen ikuspegitik. Oinarrian, erlijio katolikoarentzat pentsatutako egitasmoa dela esplikatu du.

Claude Proeschel
Claude Proeschel. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Zuzenbidean aditua da Claude Proeschel (Metz, Frantzia, 1965), eta erlijioen eta egitura publikoen arteko loturak ikertu ditu. Esplikatu du erlijio askatasunaren izenean egiten dela hori, baina erlijioen artean desorekak daudela.

Ospitale publikoek modu batez ala bestez ordaintzen dute pazienteei «zerbitzu espiritualak» eskaintzeko. Nola arautua dago hori?

Ospitaleetako kapilautza, berez, pentsatua da toki itxietan kultu askatasuna bermatzeko. Hasieratik, beraz, ontsalaz bereizita dauden Estatuaren eta Elizaren arteko diru harreman bat badagoela onartzen da. Oinarrian behintzat, erlijio katolikoarentzat pentsatutako egitasmoa da; beraz, gehien-gehienak katolikoak dira. Beste erlijioetakoentzat, dagoen kapilauak egin behar du lotura.

Zein da kapilauen estatusa?

Non den, horren araberakoa. Frantziako Estatuan, adibidez, kapilauak ospitaleetako langile dira, diru publikoarekin ordainduak dira. Ospitale bakoitzari dagokio bere buxetaren arabera hori erabakitzea. Espainiako Estatuan, elizbarrutien esku da hori. Erlijio katolikoa ez diren beste erlijioentzat, ez da horrela: badakit, adibidez, musulmanen eskaera bat dela haiena ere diruztatua izan dadin diru publikoarekin.

Deigarria da zerbitzu espirituala diru publikoarekin ordaintzea. Nola justifikatzen da hori?

Erlijio askatasunaren izenean. Askatasun erlijiosoa bermatu behar du estatuak jendea mugitu edo atera ezin den lekuetan. Frantzian, 1905eko Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketaren legeak biltzen du hori. Espainian, kooperazio hitzarmenak badira.

Legezkoa izanagatik, polemika sortu du Hego Euskal Herriko kasuak. 

Ulergarria da polemikoa izatea, baina legezkoa da. Afera da estatuek erlijio askatasuna bermatu behar dutela. Ados egonen gara ala ez, baina, gaur-gaurkoz, hala da. Printzipio beraren ondorioz pasatzen da meza telebistan edo irratian. Polemika gehiago sortzen du, adibidez, otoizlekuak diru publikoarekin eraikitzeak. Frantzian, gainera, 1905eko lege bat da; beraz, ez ditu aipatzen erlijio katolikoa ez diren besteak. Horrek erlijioen arteko desoreka sortzen du, bistan denez.

Ez al da laikotasunaren kontrakoa?

Estatuak laikoa behar du, baina, aldi berean, bermeak jarri behar ditu herritar sinestunek erlijioa praktikatzeko, eta horrek batzuetan diruztatzea eskatzen du. Horretan da afera. Beste sistema bat asmatu behar litzateke, talde erlijiosoak paga dezan zerbitzu espiritual hori; baina legez, bai Frantzian eta bai Espainian, zuzenbideak bide ematen du diru publikoa horretarako baliatzeko. Belgikan kapilau laikoak daude; Europan beste egiteko manerak badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.