Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Operazioaren kontra manifestazio bateratura deitu dute larunbaterako

«Euskal jendarteak bidegabekeria hauen inguruan» duen jarrera Espainiari argi uzteko eskatu dute 34 alderdi eta gizarte eragilekBilboko Casilla plazatik abiatuko da nazio osoko protesta larunbatean, 17:30ean

Agerraldia babestera joandako ordezkariek zein banakoek lepo bete zituzten Arriaga plaza inguratzen duten eskailerak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Jendetza bildu da Bilboko Arriaga plazan. Mobilizazio jendetsuetan ere nekez betetzen diren eskailerak lepo egon dira, Herrira-ren aurkako operazioa salatzeko mobilizazio handi bat iragartzeko agerraldian. Aurpegi serioak, bata bestearen ondoan. Ezagunak asko, ezezagunak beste asko. Ehunka lagun batu dira Guardia Zibilak atzo itxi zuen Bilboko egoitzaren aurreko plaza inguratzen duten eskaileretan, herritarrei eskaera argi bat egiteko: Herrira-ren aurkako operazio «judizial, polizial eta mediatikoa» prestatu dutenen aurrean euskal gizarteak duen jarrera zein den argi gera dadila. Protesta egin dezatela eskatu diete herritarrei. Mobiliza daitezela. Eta bidea proposatu dute: nazio manifestazioa antolatu dute dozenaka alderdi, sindikatu eta gizarte eragilek larunbaterako. Bilboko Casillatik abiatuko da protesta, 17:30ean.

Giza Eskubideen Behatokiko Iratxe Urizarrek eta Etxerat-eko Nagore Lopez de Luzuriagak irakurri dute 34 eragilek babestutako idazkia. Besteak beste Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Sortu, Aralar eta Ezker Batua alderdiek, zein ELA, LAB, EHNE, EILAS, CGT eta Hiru sindikatuek landutako «iritzi bateratua» eman dute guztien izenean. «Elkarrekin» emango duten erantzunaren berri ere bai. Jendetzaren artean izan dira, besteak beste, Sortuko Pernando Barrena, EAko Pello Urizar, Alternatibako Oskar Matute, Aralarreko Rebeka Ubera, LABeko Ainhoa Etxaide eta ELAko Adolfo Muñoz.

Manifestazioa babestu duten erakundeek Herrira-rekin harremanak «normaltasunez» dituztela azaldu dute jendaurrean, eta horri eutsiko diotela, gainera. Egin duten elkarlanaren ondorioz atxilotuekin harremanak dituztela azaldu dute, eta «nahigabea eta haserrea» adierazi. Guardia zibilen eskuetan jaso dezaketen tratuagatik «beldurra» dutela ere aitortu dute.

Erabaki politikoa

Talde eragileetako kideek argi daukate Herrira-ren aurkako operazioa «erabaki politiko» batek gidatu duela, eta «erabat arbuiatu» dute «ekintza judizial, polizial eta mediatikoa». «Eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak urratzen ditu». Herrira-k lan publikoa egin duela ohartarazi dute; erakunde sozial eta politiko askorekin lankidetza izan nahi duela, eta egiten dituen lan guztiek hiru ezaugarri dituztela: baketsuak dira, «elkar ulertzea» eta pluraltasuna dute helburu eta giza eskubideen defentsa dute beti ardatz.,,

Hortaz, eragileen iritziz, «begi bistakoa» da Espainiako Auzitegi Nazionaletik bideratutako «bidegabekeriak» hainbat helburu politiko dituela atzean. Euskal preso politikoen eskubideen defentsa «kriminalizatzea» da, sinatzaileen ustez, lehen helburu politikoa. Eta, haien ustez, ez da kasualitatea erasoa Estrasburgok Parot doktrinari buruzkoazken erabakia kaleratu behar duenean egin izana. «Kriminalizazioaren bidez Espainiako Gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiari kargu hartuko liokeelako estatu arrazoiaren aurkako epai bat emanez gero».

Bestalde, «itun antiterroristen aro politikoa», zeinak makrosumario eta legez kanpo uzteak oinarri izan dituen, «sine die» luzatu nahi dela iruditzen zaie. «Gure herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea», diote; konponbidearen aldeko jarrera dutenak «errepresioaren aurkako atakan kateatu», eta irtenbiderako lana geldiarazteko asmoz. Horregatik diote Euskal Herrirako duten «agenda bakarra» errepresioan oinarritutakoa dela.

Eragileen arabera, Espainiako Gobernuak dituen arazoak ezkutatzeko modua ere bada Herrira-ren aurkako erasoa; besteak beste, ustelkeria kasuak zein erabakitzeko eskubidearen aldeko eskaerak «kez estaltzeko» era.

Eta, horrez guztiaz gain, Espainiako estatuak presoen auzia «gutxi batzuen arazo» bihurtzea nahi duela iruditzen zaie. Asmo horren aurrean, ordea, abisua igorri dute 34 eragilek: «Hemen bildu garen erakundeok preso eta errefuxiatuen eskubideen alde zalantzarik gabeko konpromisoa hartu dugu eta konpromiso horri ez diogu amore emango, estatua setaz saiatuta ere». Gauzak horrela, operazioa «nolabait» euren aurkako eraso gisa ere sentitu dutela azaldu dute.

Horren guztiaren kontra, «erantzun zabal eta irmoa» bultzatzeko beharra sentitu dute eragileek. Horregatik antolatu dute larunbateko manifestazioa. «Gure helburua da Espainiako Estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuei, berehala libre utz ditzatela exijituz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.