EUSKARA

Oposizioaren erabakiz, Donostian ez da euskaraz jakin beharko Euskararen Aholku Batzordean egoteko

Bi hizkuntza ofizialak bermatzeko eskatu du Bilduk zuzenketa baten bidez; oposizioak atzera bota du.

2014ko abenduaren 18a
16:18
Entzun

Euskararen Kontseilu Sektorialaren Araudiari hasierako onespena eman dio oposizioak Donostian. Euskararen Aholku Batzordeko kideek bi hizkuntza ofizialak jakitea baldintza gisa jarri du Bilduk zuzenketa baten bidez; PSE-EEk, EAJk eta PPk, ordea, bat egin dute horren aurka, eta udal gobernuaren aurkako botoekin, aurrera atera da araudi berria.

Bilduren arabera, "zentzuzko" eskaera da aholku batzordean euskara komunikatzeko hizkuntza izatea. Axier Jaka Partaidetza zinegotziak esan duenez, gainera, "zuzena" da bi hizkuntza ofizialak dakizkitenek batzordean parte hartzea: "Nola lortuko dugu normalizazioa, batzorde honetan euskara jakitea eskatzen ez badugu?", adierazi du.

EAJk, berriz, uste du gobernuak proposatutakoarekin udalean ordezkatuta dauden zenbait alderdi batzordetik kanpo geratuko liratekeela. Aitziber San Roman zinegotziaren arabera, euskarari ez zaio "inongo mesederik egiten jendea baztertuta".

Ildo horretatik, udal talde guztiek ordezkaritza politikoa izateko eskubidea dutela aldarrikatu du PSEko Marisol Garmendiak. Haren ustetan, euskarak "elkarbizitzarako tresna" izan behar du. Ramon Gomez PPko bozeramaileak gaineratu du "baldintzak eskatu behar badira, gaztelera jakitea ere" eskatuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.