Hedabide bati emandako lehen elkarrizketa dela-eta, urduri agertu dira hitzordura, Matxinsalto Egunaren prestaketetara ko egutegi estutik jai hartzea lortu zuten egun bakarrean.
Matxinsalto Eguna egingo duzue hilaren 22an Soraluzen. Zergatik Matxinsalto Eguna?
OIER AZKARRAGA: Gazte mugimenduak hausnarketa sakon bat egin behar zuela uste genuen, eta horretara dator Matxinsalto Eguna; Euskal Herri osoko gazteak batu, eta hausnartzera. Goizean hainbat gairen inguruan arituko gara taldeka. Eztabaida horietan ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dugu, horietatik ondorioztatu nahi dugulako zer behar duen Euskal Herriko gazteriak.
Gazteriaren problematikari erantzuna eman nahian bilduko zarete. Zein arazo ditu euskal gazteriak?
O.A.: Zazpi gai landuko ditu goizean: Harremanak eta sexualitatea; gazteriak behar duen komunikazio mota; zer-nolako kultura behar dugun gazteok; zer-nolako hezkuntza behar duen gure herriak; lurrarekin bat egiten duen bidezko nekazaritza nola planteatu behar den; Euskal Herriak behar duen sozioekonomia berria; eta gaur egun ditugun aisialdi motak eta euskal gazteriak behar duena.
Atalez atal proposamen propioak egingo dituzue?
IRATI MOGOLLON: Problematikak hainbat esparrutan ditugula ikusi dugu, eta, horiek guztiz zehaztuta ez daudenez, horretan eman nahi dugu eguna: sektore bakoitzean gazteek dituzten arazoak zehaztea artikulazio baten bidez eta ezaugarritze batzuen baitan.
Aurrera nondik egin zehazteko lehen pausoa da hori?
I.M.: Oraingo eta etorkizuneko gazte mugimendua artikulatu eta definitzeko bidean urrats moduan ikusten dugu Matxinsalto Eguna. Horretara goaz. Eta, eguna bera, defendatzen ditugun oinarrien isla izango da. Koherentzia behar dugu pentsatzen dugunaren eta praktikan ipintzen ditugun ekimenen artean. Horregatik, arloz arloko eztabaida horiek, gure jarrera iraultzaileak gauzatzeko helburuari begira egingo ditugu.
Adibidez?
I.M.: Euskaraz hitz egitea iraultzailea da, mintzatze hutsak egiten duelako sistema sozio-linguistiko oso baten helburuen aurka. Aisialdiari dagokionez, jendarte hetero-patriarkal-kapitalista honek bultzatzen duen kontsumismotik atera eta herrira bueltatzea nahi dugu. Eta aisialdi hori autogestionatua izatea. Autogestioa da gure oinarrizko beste ezaugarri bat: gazteok sortua izango den eta gazteontzat izango den aisialdi eredua nahi dugu, eta gainera, gu, pertsona moduan zein kolektibo moduan hezi eta haztera eramango gaituena. Auzolanari ere garrantzi handia ematen diogu: indibiduotik kolektibora salto egiteari. Hortik dator matxinsaltoaren irudia: matxinatu eta salto egin. Goazen biltzera eta guztiok beste egoera batetara salto egitera.
Eztabaidarako gune hau ez da hutsetik sortzen. Aurrez izan al da holakorik, edo, nondik dator?
I.M.: Aurreko urtean Zestoan egindako topaketetan behar batzuk azaleratzea lortu genuen, eta honako hau segida egiteko ekimena izango da. Aurreko topaketa horietan ikusi genuen gazteriaren ahalmena handia dela. Eta, konturatu ginen, potentzialtasun hori askotan txikitasunean sortzen denez, ukatua eta mugatua izaten dela, eta guk geuk ere, ezinezko dela pentsatuta, etsi egiten dugula. Txikitasun horri bidea eman nahi diogu. Eta segida hori era koherente, autogestionatu eta iraultzaile batean egin. Iazko topaketetan asko trukatu genuen, eduki politiko, sozial, iraultzaile asko landu genituen, baina ez genekien hori nola bideratu. Batez ere auzolanaren bidez, guztion artean lan eginez, kolektibo izaera berreskuratuz, gure nahi horiek gauzatu ditzakegula ikusi dugu. Hori azpimarratuko du sortu nahi dugun oraingo eta etorkizuneko gazte mugimendu horrek.
Gazte kontzientzia berreskuratu behar dela diozue. Galdua dago?
I.M.: Gazteak badu bere zapalkuntzaren berri; badaki problematika batzuk dituela. Gaztea gazte da, baina heldutasun politikoa du. Hori ukatu egiten zaio infantilizazio prozesu oso hausnartu baten bidez, baina gazteak badaki ukatua dela, lan egiterakoan esplotatua dela, ez duela aukera etxebizitza duin bat izateko, prekarietatea bere osotasunean bizi duela, emakumea emakume izateagatik dagoela zapaldua, eta abar. Baina hori gorpuzteko garaian indibidualizaziora garamatza sistema kapitalista honek, eta horren ondorioak dira etsipena eta bakardadea. Bakartze horretatik salto egin nahi dugu kolektibotasunera. Horregatik gorpuztu behar dugu kontzientzia kolektiboa. Gazteok ahalmen handia dugu, indar hori artikulatzeko gai gara, eta hori da egitera goazena.
Nola egiten da hori?
Gazteok badugu ezaugarri bat beste kolektiboek, maila berean behintzat, ez dutena: ilusioa, borrokarako grina, irudimena, errebeldia eta zirikatzeko gaitasun eta gogoa.
'Iraultza gure baitan hasten da'. Hori da leloa. Zergatik?
O.A.: Gazteriak iraultza egiteko gaitasuna du, eta gure baitan hasten da hori, teorian dakizkigunak praktikan jarriz.
I.M.: Iraultza zer den guztion artean definitu, horretarako baliabideak aztertu, gorpuztu eta martxan jarri nahi ditugu. Guztiok saltoa egiteko ibilbidea marraztuko dugu.
Zer dator 22tik aurrera?
O.A.: Teoria hori guztia era koherente batean praktikan jartzea.
Irati Mogollon eta Oier Azkarraga. Matxinsalto Egunaren antolatzaileak
«Oraingo eta etorkizuneko gazte mugimendua artikulatzera goaz»
Gazteek berez duten iraultzarako grina ametsak betetzera bideratu nahi dute. Ahalmena badutela seguru daude. Bildu, eta gizarte ereduaren aldaketa teoriatik praktikara jauzi eginda gauzatzea dela gakoa. Horretarako, mugarritzat dute Matxinsalto Eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu