Ihobe Ingurumenaren Gestiorako Sozietate Publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu zuten Prestige-ren fuel isuriak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean izandako eragina neurtzeko eta ikertzeko. Ikerketak Orbankosta izena du eta iazko martxoan abiatu zuten. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea 59 zatitan banatu dute: 37 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan. Zati bakoitzean hainbat datu bildu dituzte bi urtean hamabost egunetik behin: datu orokorrak, fuelak hartzen duen eremuaren portzentaia, lodiera eta fuelaren azpian geratzen den sustratu mota.
Azken neurketa aurtengo irailean egin zuten. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak emandako datuen arabera, «kostalde zati gutxi batzuk baino ez daude garbi». Bizkaian fuela kostalde osoan zehar banatuta dago: «Apirilean fuel gehiena Abra eta Urdaibai artean pilatuta zegoen; irailean, berriz, fuelak nabarmen kaltetutako eremuak daude Ondarroaraino». Gipuzkoan kutsadura nabarmenena Jaizkibel eta Hondarribia inguruetan dago, baina baita Mutrikun eta Zumaian ere.
Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren esanetan, fuelak eragindako kutsaduraren ezaugarriak ez dira aldatu azken hilabeteetan: «Fuela ingurune jakin batzuetako arroketan pilatu da. Fuelak estalitako eremua hamarnaka edo ehundaka metro koadrokoa da, eremu bakoitzaren %1-30 artekoa». Lodierari dagokionez, Bizkaiko eta Gipuzkoako fuel orban handienen lodiera 2-3 milimetrokoa da. «Oso leku gutxitan dute orbanek zentimetrotik gorako lodiera eta bertan kaltetutako eremua oso txikia da», dio Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. «Eremu gehienetan fuela opakoa da eta askotan lehortua dago, pintura beltzaren geruza fin baten antzekoa», gehitu du.
Konparatzeko zailtasunak
Azti arrantza institutuak ere hainbat ikerketa koordinatu ditu. Ikerketa horretan hainbat neurketa egin dituzte kostaldean eta plataforma kontinentalean: ura, sedimentuak, moluskuak eta bioindikatzaileak). Hidrokarburo kopuru nabarmenak aurkitu dituzten arren, zailtasunak dituzte ondorioak ateratzeko, hainbat kasutan ez baitago aurretik egindako ikerketarik.
Aztik Prestige-k isuritako fuelaren kontzentrazioak aurkitu ditu lapetan. Baita muskuiluetan ere, baina fuel gutxiago iritsi zen garaian gorabehera handiak nabaritu dituzte muskuiluen hidrokarburo kopuruan.
Antxoari eta legatzari dagokienez, giharrak, gibela eta gonadak aztertu dituzte, baina erreferentzia datu gutxi daudela dio Aztik: «Ezberdinak baitira elikagaien segurtasunerako jartzen diren mugak eta populazioengan eragin kaltegarria sor dezaketen mugak».
Greenpeace talde ekologistak nabarmendu du hondamendia gertatu zenetik bi urte pasatu diren arren, oraindik ez dela egin txosten ofizialik fuel isurketen kalte guztiak neurtuz: «Datu horiek ez dira ezagutzen nahiz eta agintariek behin eta berriro esan dena konponduta dagoela». Ekologisten ustez, Espainiako Gobernuaren ardura da ezbeharrak epe luzera izango duen eragina bere osotasunean neurtzea eta emaitzak ezagutaraztea.
bi urte 'prestige'-ren hondamenditik
Orbaindu gabeko zauria
Prestige petroliontziaren hondamendiak Euskal Herrian eragiten jarraitzen du. Jada, haizeek eta korronteek ez dute fuela tonaka ekartzen kostaldera. Jada arrantzaleak ez dira irteten petrolioa zalabardoekin jasotzera. Baina fuelak agerian jarraitzen du, herritar gehienek ikusten ez duten arren: 33.000 litro fuel inguru daude kostaldeko harkaitz eta labarrei itsatsita (fuelak hartuko lukeen ur eremuan oinarritutako neurria da). Fuelaren ondorio nabarmenenak, ordea, ezkutuan daude: arrainetan, itsaskietan, moluskuetan, krustazeotan, ugaztunetan, hegaztietan, landareetan, uretan... Eta Prestige-ren ondorio beltzek urteetan jarraituko dute, jada zenbait ikerketa, neurgailu eta aurrekarik erakusten dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu