ragan uztailaren 19an bandera gorria paratu behar izan zuten Zarauzko hondartzan, 9.140 kilo galipot iritsi baitziren bertara. Bainua debekatu zuten bigarren aldia zen aurrekoa ekainaren 12an izan zen. Halakoak entzun eta gero, Zarautzen uda eman behar duten askok Turismo Bulegora deitu dute, hondartzan egoterik ba ote dagoen galdetzeko. «Telefono dei asko izan ditugu», erran du Aitor Izasti Turismo Bulegoko langileak. «Abuzturako erreserbak dituen jendeak deitu du, kezkatuta, etorrko diren ala ez erabakitzeko. Guk esaten diegu hemen jendea bizitza normala ari dela egiten; dagoen arazo bakarra dela, itsasertzetik paseatuz gero, oinak pixka bat zikintzen direla».
Turismo Bulegoan «betiko martxan» ari dira lanean. Alegia, galipota sartuagatik ere, hondartza jendez gainezka dagoela. Eguraldi ona eginez gero, milaka lagun ibiltzen dira hondartzako bi kilometro eta erdietan paseoan. Hala ibili dira Rosario Jauregi eta Joseba Zelaia senar-emazteak. Gutxi zikindu dira. Josebari sandalien zola besterik ez zaio zikindu. «Kontuz ibiliz gero, oso gutxi garbitu behar da», azaldu du Rosariok. «Gu uretatik paseatzen gara eta hor ez dago arazorik. Baina ura bukatzen den tokian, hor bai, badago galipota».
Hondakinak ez ukitzeko deia
Oinak garbitzeko guneez gain, hainbat kartel paratu ditu Zarauzko Udalak, galipotarekin kontuz ibili behar dela ohartarazteko. «Erne», dio kartelak. «Azkenaldian galipota hondartzan dugu. Segurtasun arrazoiak direla medio, hondartzako hondakinik ez jasotzeko eta ez manipulatzeko eskatzen dizuegu». Amaia, Miren eta Andrea gazte hernaniarrak ez dira hondakinak jasotzen edo manipulatzen ibili. Baina zikindu egin dira; ez asko. Igeriketa proba batean hartu dute parte, eta hondarra zapaltzerakoan zikindu dira.
Udalak paratu duen xaboi arrosarekin aise garbitu dituzte larruazaleko orbanak. Horregatik, jendeak ez ditu ordaintzeko dutxak ohi baino gehiago erabiltzen, Mila Uranga dutxetako langileak esplikatu duenez. «Produktu horrekin segituan kentzen da zikinkeria».
Toldoak alokatzen lan egiten duen Mikel Erizetari zapatilak zikintzen zaizkio toldoak ireki eta itxi behar dituenean. «Uretan gutxi ikusten da, hondarretan dago, baina ez da ikusten, hondarrarekin nahastuta baitago».
Pasealekuan ikusten dira galipotaren arrastoak, jendeak porlanaren edozein ertz erabiltzen baitu zoletako zatitxoak kentzeko. Edo, bestela, arrastaka ibiltzen dira. Horren aztarnak ditu Juantxo Aranburuzabalak Eguzki Lore kafetegiaren sarreran. «Nik betidanik ezagutu dut galipota hemen», aipatu du. «Beharbada, gehiago sartzen ari da orain, baina oso zati txikiak dira. Eta jendeak ez dio horregatik etortzeari utzi. Are gehiago, pasa den larunbatean, bainua debekatu zutenean, ero moduan ibili ziren udaltzainak eta Gurutze Gorrikoak, jende guztia uretatik ateratzeko.
«Uretan galipota ikusten ez duten arte, ez dira ateratzen», erran du Manuel Pazek; Gurutze Gorriko arduraduna da Zarauzko hondartzan. Denboraldia hasi zenetik, hamar bat lagun artatu dituzte galipotarengatik. «Alergiak edo pikor txikiak; kontu larririk ez».
Sorosleek beti egon behar dute itsasertzean, eta horregatik, egunero zikintzen dira. Eta egunero zikintzen zaizkie oinak eta txalupak. Eta egunero garbitu behar, jakina: «Deserosoa da, baina ohitzen hasiak gara».>
Orbanekin ohitzen hasiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu