Zola lerrakorra edo komunaren goratasuna izan, istripu arriskuak ugariak dira etxean, nagusiki adineko jendeentzat. Arriskuak identifikatu eta ohiturak adinaren ahaletara egokitzeko asmoz, oreka atxikitzeko ikastaroa egin zuten atzo Baionan. Cedric Lorand ukan zuten irakasle. Etxeko ohitura xumeetan oreka funtsezkoa dela erakutsi zien Elkarteen Etxean bildutako gizon-emazteei. Batzuek makila zuten ibiltzeko lagun; bertze batzuek, gorputza kementsu baina artrosiaren lehen zantzuak ezagun. Besoak eta zangoak indartzea funtsezkoa zela erran zien Lorandek. Horretarako, ariketa xumeak proposatu zizkien. Marra zuzen baten gainean edota bihurgune txikiak zituen beste baten gainean ibiltzea, adibidez. «Ez so egin oinetara, aitzinera baizik; horrela atxikitzen da oreka», erran zien, marraren gainean urratsak eginez.
Ariketa xumeenetik zailtasun handiagokoetara joan zen ikastaldia. Maila txiki batzuk hamar aldiz igotzeko zango baten gainean. Ondoren, neurri ezberdinetako zirkuluan, urratsen eremua mugatzeko. Irakasleak egin ondoren, adineko emazte batek egin zuen. Trebe aitzinera. Bide bera gibelerantz egiteko eskatu zion irakasleak. «Ezin dut; ez dut ikusten, eta eroriko naiz», ihardetsi zion. Gaur aise egiten dena bihar zailagoa izan daitekeela erran zion Lorandek. Bainugelan nola moldatu edota ohe azpira eroritako objektu txikiak nola bildu erakutsi zien ondotik, eta bermeak bilatzeko aholkatu.
Malgutasun ezberdinak zituzten bi habe ezarri zituen lurrean. Gainean ibiltzean, urratsaren segurtasun maila aldatzen zen, eta orekaren sentipena galduarazi. «Begirada altxatzean eta besoak zabaltzean ikusiko duzue segurtasun handiagoa duzuela», aholkatu zien irakasleak.
Lehenik, etxeak prestatu
Silvie Aberti ergoterapeuta da, eta PACT erakundearentzat egiten du lan. Adinean gora diren pertsonei bisita egiten die, haien etxean. «Nolako baldintzetan bizi diren ikusten dut, eta etxeko arriskuen zerrenda egiten dugu». Baiona Ttipiko etxeak zaharkituak dira eta, usu, arriskuz beterik. Hasteko, elektrizitatea ez da arauetan, eta ondoan du ura, berezko arriskuarekin. PACTk etxeko bainugela, sukaldea eta eskailera egokitzeko laguntzak ematen ditu. «Adineko jendea etxean atxikitzea da helburua, baina, horretarako, arriskuak ekidin behar dira, lanak eginez; usu diru laguntza eskariak betetzen laguntzen diet».
Oreka bilatu behar da istripurik ez izateko egunerokoan, eta oreka atzeman behar da etxeko lanen finantzaketan. Erretretaren arabera, lanen %50 ordain diezaiekete PACTk. Erretreta txikiena dutenen kasuen, erakunde publikoen laguntza %80 izan daiteke, eta gainerateko partea ordaintzeko maileguak lor ditzakete.
Tokian berean etxerako tresnen erakusketa egin zuten: koilara edo sardexka eskuetan atxikitzeko lanabes lagungarriak, kadira gurpildun automatikoak, bainuontziak atxikitzeko eskutokiak, bainuontzi irekiak dutxa bihurturik eta ohiko goratasuna baino gehiago duten komun egokituak.
Erretreta kutxa osagarrietako langilea da Nicole Agnona, eta hark bultzatu zuen atzoko topaketa. Bezeroen zerrenda zehatza daukate. «Baiona inguruko etxeetara 11.000 gutun igorri ditugu, eta arrakasta lortu dugula erran nezake, 153 pertsona aritu baitira egun osoan eta 97k parte hartu baitute tailerretan». Biharko ezina eta egungo ahala orekatzea helburu.
Oreka bila urteen harian
Urteetan gora eginez, gorputza petraldu ahala, etxean istripua pairatzeko arriskua handitzen da. Pertsonaren autonomia atxikitzeko laguntza ekar dezaketen ohiturak landu dituzte Baionan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu