'Oroibidea' berritu du Nafarroako Gobernuak, errepresio frankistari buruzko «erreferentziazko artxibo digitala»

Plataforman 23.000tik gora errepresaliaturi buruzko datuak, dokumentuak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte, Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilariaren esanetan: «Orain arte jasotakoak halako lau».

36ko gerran fusilatutakoei eginiko omenaldi bat, Iruñeko hilerrian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
36ko gerran fusilatutakoei eginiko omenaldi bat, Iruñeko hilerrian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko apirilaren 3a
13:00
Entzun

Erreferente izan nahi dute, oroimen historikoaren esparruan. 1936ko gerrako eta frankismoko errepresioari buruzko dokumentazio gune garrantzitsuenetako bat. Horretarako sortu zuen Nafarroako Gobernuak Oroibidea  artxibategi digitala, 2020. urtean. Orain, beste urrats bat egin dute, datu baseak, mapak, ikus-entzunezko edukiak eta erreferentziak lau bider handituta. Gaur aurkeztu dituzte berritasunak Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilariak, eta Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak.

«Jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egin dugu», laburbildu du Ollok. Guztira, frankismoko 23.053 biktimaren erreferentziak jaso dituzte, hamaika formatutan: testuak, audioak, elkarrizketak, bideoak, dokumentu juridikoak, hobiak aurkitzeko mapak, eta abar. 2020an proiektua sortu zenean bildutakoak halako lau dira gaur egun. «Proiektuaren egitura eta dimentsioa sendotu eta indartu egin dugu, eta prozesatutako datuen bolumena handitu, era esponentzialean». Gainera, datu basea handitzen segitzeko asmoa dute aurrerantzean ere: «Tresna hau Nafarroako Gobernuak 2015ean hasitako lan ildo zabalago baten parte da, Nafarroako ondare memorialista zaintzeko eta zabaltzeko xedez», azaldu du kontseilariak, agerraldian.

OROIBIDEA
OROIBIDEA

Asko dira Nafarroako Gobernuak artxibo digitala sendotzeko egin dituen lanak: besteak beste, ahozko lekukotasunak grabatu, dokumentu-funts publiko zein pribatuak jaso eta digitalizatu, eta frankismoko errepresioaren «dimentsio zehatzei buruzko ikerketak» sustatu ditu, hala nola emakumeen aurkako indarkeriari buruz, LGTBI kolektiboari buruz, langile behartuei buruz, errepresio ekonomikoari buruz eta erbesteratuei buruz. Biktima bakoitzaren fitxa pertsonalak jaso dituzte webgunean, eta, horietan, material ugari jarri dute eskuragarri: dokumentuak, irudiak, elkarrizketak, erreferentzia bibliografikoak... «Material hori guztia Oroibidea proiektuan txertatzen ari gara, Nafarroako Memoria Historikoaren dokumentu funtsekin edo Frankismoko hobien mapan bildutako datu ugariekin batera», gehitu du Gastonek.

«Halako proiektuak ezinbestekoak dira gaur egun, diktadura frankistaren eta haren krimenen irudi desitxuratua, hutsaltzailea eta ukatzailea transmititu nahi dutenen garaiotan».

ANA OLLONafarroako lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetza kontseilaria

Artxiboan bildutako datuak xehe eman ditu Memoriaren Institutuko zuzendariak. Honako hauek jaso dituzte Oroibidea atarian: 23.053 biktimaren erreferentziak, 356 elkarrizketatik ateratako 2.895 testigantza audio formatuan, eta 50.816 erreferentzia bibliografiko.

Guztientzat eskuragarri

Datu eta material kopurua handia izanagatik ere artxibo digitala erabiltzea «erraza» dela nabarmendu dute Nafarroako Gobernuko arduradunek. Ollo lehendakariordeak zehaztu duenez, «herritar guztiei sarbidea erraztea» du helburu, ez bakarrik adituei edo ikerlari espezializatuei: «Tresna hau baliagarria izatea nahi dugu biktimek eta haien familiek egia jakiteko duten eskubidea berma dadin; gizarteak, oro har, eskubidea du jakiteko 1936ko uztailean hasi eta 40 urteko diktaduran hedatu zen iragan izugarri baten egia gordina». Memoria eta Bizikidetza kontseilariaren ustez, oroimena eta egia bermatzea «inoiz baino beharrezkoagoa da» gaur egun, «diktadura frankistaren eta krimenen irudi desitxuratua, hutsaltzailea eta ukatzailea transmititu nahi dutenen garaiotan».

Horregatik, azpimarra egin du gazteei helarazi beharreko mezuetan: «Oroibidea tresna belaunaldi berrientzat ere pentsatuta dago, herritarren prestakuntzan laguntzeko eta, horrela, memoria kritikoa sustatzeko, bizikidetzan oraina eta etorkizuna eraikitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.