Oroimenaren takigrafoak

Aurki bukatuko da Errepresio Frankistaren Memoria Historikoari Buruzko Bulegoaren eginkizuna. Maiatzetik, dozenaka testigantza jaso dituzte; horiek baliatu nahi ditu Iruñeko Udalak frankismoko krimenen aurkako kereila aurkezteko.

Frankismoko errepresioaren testigantzak jasotzen ari dira ikertzaileak. Irudian, Ezkaba mendian aurkitutako arrastoak, artxiboko argazki batean. IÑIGO URIZ / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Mercaderes karrikan dagoen bulego bat besterik ez da. Grisa, ez oso handia, askorik nabarmentzen ez diren horietakoa; paseoan dabiltzanek nekez erreparatuko diote kristalezko ate ilunen atzean gertatzen ari denari. Baina hantxe, biltegi izandako udal egoitza horretan, 80 urtez isilarazitako oroitzapen, testigantza eta datu guztiak ari dira biltzen, erregistratzen; takigrafia lan itzela egiten. Frankismoak eragindako biktimen oroimena gal ez dadin.

Iruñeko Udalak maiatzaren 2an zabaldu zuen Errepresio Frankistaren Memoria Historikoari Buruzko Informazio Bulegoa, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin sinatutako hitzarmen bati esker —abuztu osoan edukiko dute bulegoa zabalik; itxiera data ez dute zehaztu—. Itun horren arabera, frankismo garaiko giza eskubideen urraketei buruzko informazioa, dokumentazioa eta lekukotzak biltzen ari da NUPeko lantaldea, eta, horiekin, peritu txostena osatuko dute.

Gerora, ikerketa hori baliatu nahi du udalak, Maria Servini epaile argentinarrak zabaldutako autoaren barruan, frankismoko krimenen kontrako kereila propioa aurkezteko. «Erakunde publiko batek historialarien ikerketa bat peritu txosten gisa erabiliko duen lehen aldia izanen da, eta horrek garrantzi handia du», adierazi du Emilio Majuelo historialari, irakasle eta proiektuko koordinatzaileak.

Ikerketa historikoaren erabilera judizialaz harago, ordea, orain arte jasotako testigantzen balioa nabarmendu du Majuelok: «Ehunka ordu dauzkagu grabatuta, 70 lekukotza baino gehiago, eta horietan, denetarik entzun dugu: tratu txarrak, hilketak, jazarpena...». Istorio gordinak eta mingarriak. Barruan gordetzearen gordetzeaz erraiak usteltzen dituzten horietakoak. «Jendeak gogoa zuen barrenak askatzeko eta hori guztia behingoz kontatzeko. Instituzio ofizial batek kasu egiten dien lehen aldia da gehienentzat, eta pizgarria izan da hori, barruan zuten guztia ateratzen uzteko».

Irribarrerik gabeko herria

NUPeko beste zenbait historialari daude egunero bulegoan, lekukotza eman nahi dutenei harrera egiten. Gemma Pierola Narbarte da lantaldeko arduraduna. Haren esanetan, «izugarria» izan da maiatzetik uztailera bitartean zerbitzua erabili dutenen kopurua. «Dokumentazio itzela bildu ahal izan dugu, eta behin ikerketa bukatuta, informazio hori guztia eskuragai jarriko dugu».

Nerea Perez Ibarrola historialari eta NUPeko irakasleak ere «oso interesgarritzat» jo du orain arte lortutakoa, kontakizun gehienak gogorrak izan arren. Pasarte odoltsuak bainoago, testigantzetan antzeman duen depresio eta tristura orokortuak eman dio atentzioa. «Jende askok zera esan digu: 'Geure amona ez genuen inoiz irribarretsu ikusi'. Irribarrearena detaile txiki bat da, eta ez da inondik inora istoriorik gordinena edo harrigarriena, baina oso esanguratsua iruditzen zait, kontakizun askotan errepikatzen baita: bizipozik eza».

Pierolak, berriz, «beldurra eta isiltasuna» nabaritu ditu kontakizunetan: «Familia barruan ere isildutako istorioak dira asko, isiltasun geruza lodi batek dena estali baitu orain arte: indarrez inposatutako isiltasuna, edo norberak bere buruari ezarritakoa».

Izan ere, frankismoaren jazarpena zuzenean nahiz zeharka pairatu zutenek barneratu egin zuten errepresioa. Perezen irudiko, sufrimendua arrazionalizatzera heldu ziren: «Askok hain zuten onartua egoera, ez zuten zigor edo jazarpen gisa ikusten. Errepresioa, haientzat, kartzela zen, edo heriotza. Gainontzekoa normala ikusten zuten: jipoiak, irainak, bazterketa soziala nahiz sindikala... Oraindik ere, biktimek eurek garrantzia kentzen diete halako egoerei, eta izugarria da haien kontakizuna entzutea, munduko gauzarik normalena balitz bezala».

Hortaz, orain arte bulegora joan direnek besoak zabalik hartu dute udalaren eta NUPen elkarlanetik sortutako egitasmoa. «'Bazen garaia', esaten digute. Denek eskertu dute eman diegun aukera», dio Pierolak. Biktima, senide eta lekuko askorentzat, ordea, beranduegi heldu da aukera hori: «'Bulego hau duela bi urte ireki bazenute, geure amak berak kontatuko zizuen bere esperientzia, baina iaz hil zen'. Zenbatetan ez ote dugun halako zerbait entzun. Eta oso tristea da».

Argi dute historialariek denbora aurka dutela, eta lekukotza asko betiko galduko direla protagonistak desagertuz doazen heinean. Horregatik, esku hartzeko deia egin diete erakundeei: «Ederra izanen litzateke beste instituzio batzuek ere Iruñeko Udalaren bideari jarraituko baliote». Takigrafia lan hori ezinbestekoa baita ahanzturari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.