Orreaga taldeak antolatuta, Askatasunaren Eguna izango dute ostiralean Pasaian

'Estatu okupatua gara, ez estaturik gabeko nazioa' lelopean egingo dute ekitaldia. Kepa Anabitarte eta Joseba Ariznabarreta oroituko dituzte.

Iaz egindako ekitaldia, Pasaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iaz egindako ekitaldia, Pasaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 13a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orreaga taldeak deituta, Askatasunaren Eguna egingo dute ostiralean Pasaian (Gipuzkoa). Estatu okupatua gara, ez estaturik gabeko nazioa lelopean elkartuko dira aurten. «Oso zaila da independentziaren aldeko borroka hastea ez badugu okupaziorik ikusten, ez badugu sentitzen», argudiatu dute.

Orreaga taldeak adierazi du Euskal Herria subjektu politiko bat dela, eta hori «argi» izan behar dela independentziaren alde lanean aritzeko: «Gure estatuari ez diogu inoiz uko egin; indarrean jartzeko zilegitasun osoa dugu». Adierazi dute bide horretan lan egin zutela Joseba Ariznabarreta filosofo eta idazleak eta Kepa Anabitarte sindikalista historikoak bizitza osoan, eta horregatik omenduko dituzte ostiraleko ekitaldian —aurten hil dira biak—. «Errealismo politikoa ikusteko gaitasuna eman ziguten, okupazio egoera batean bizi garela ikusteko: estatu okupatu bat gara, ez estaturik gabeko nazioa», azaldu dute ohar batean.

Hala, «askatasuna lortzeko» erresistentzia antolatzera deitu du taldeak, eta, ekitaldiaren bitartez, erakutsi nahi dute horretarako lanean ari direla. Hala, Pasai Donibanen biltzeko deia egin diete «independentziaren alde euren indarra batu nahi duten guztiei»: «Ez Orreagak, baizik eta Euskal Herriak dauka denon beharra».

Ekitaldiak 12:00etan hasiko dituzte, Santiago plazan. Lehenik, lore eskaintza egingo diete «Euskal Herriaren alde hildakoei». Handik, Pietateko guruztokira abiatuko dira txistulari talde batek lagunduta. Agur dantza bat egingo dute, eta lore sorta bat utzi. Horren ostean, Bizkaia plazaraino desfilatuko dute. Han egingo dituzte ekitaldi politikoa eta herri bazkaria.

778ko guda gogoan

Pasaiakoa ez da ostiraleko ekitaldi bakarra izango. Orreaga fundazioak eta Etxebarrengoa elkarteak antolatuta, Orreagako 778ko guda oroituko dute. Orreagan (Nafarroa) ekingo diote egunari, 12:00etan, eta Ibañetan jarraitu, 13:30etik aurrera. Han, Xabier Irujo historialaria arituko da hizlari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.