Erreakzioak

Ortuzar: «EAJk argi eta garbi irabazi du»

EH Bilduk esan du norabide aldaketa hasi besterik ez dela egin, eta Idoia Mendiak aitortu du emaitza hobeak nahi zituela. Pablo Iglesiasen iritziz, «eztabaidarik onartzen ez duen porrota» jasan du EPk, eta Santiago Abascali «ilusio berezia» egin dio bere «aberri txikian» lortutakoak.

Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar, gaur gaueko agerraldian, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 12a
23:50
Entzun

«EAJk argi eta garbi irabazi du, hori da gaurko lerroburua». Kazetariei proposamen hori eginaz hasi du emaitzen balorazioa Andoni Ortuzarrek, EAJren EBBko presidenteak: «Euskal gizarteak herri hau gidatzeko agindu digu, eta ez diogu huts egingo». Esan du lankidetza ziklo berri bat hasiko dela, eta krisitik irteteko elkarlanean jarduteko eskaintza egin die gainontzeko alderdiei.

EAJko buruak zoriondu egin du «herri honek krisialditik irteteko izan dezakeen gidaririk onena», Iñigo Urkullu jeltzaleen lehendakarigaia, eta nabarmendu du euskal gizarteak haren apaltasuna saritu duela.

«Pozik nago». Behin eta berriz errepikatu du esaldi hori Urkulluk. Dena den, arduraz jokatzeko abagunea dela nabarmendu du, hilabete zailak izan direla azkenekoak, eta hiru helburu ezarri ditu etorkizunerako: enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua.

Urkulluren arabera, euskal gizarteak EAJ aukeratu du, baina eskatu du auzolana ere, eta Ortuzarrek gainontzeko alderdiei eginiko eskaintzarekin bat egin du. Azkenik, esan du une honetan buruan dituela, bereziki, Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden Alberto, Joaquin eta haien familiak.

EH Bilduk, berriz, «inoizko daturik onenak lortu ditu», Maddalen Iriarte lehendakarigaiaren iritziz. Dagokion balioa eman dio 23.000 boto gehiago lortu izanari, eta «oso-oso pozik» dagoela azpimarratu du: «Herri honetan gure balioetatik gertu dagoen gero eta jende gehiago dago». Izan ere, Iriartek etorkizunerako mezu baikorra helarazi du; haren ustez, EH Bildu gero eta handiagoa izango delako: «Aldaketa hasi besterik ez da egin».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan du emaitzak «lasaitasunarekin» hartu behar direla, nahiz eta aitortu duen «euforiko» dagoela. Azpimarratu du abstentzioaren datua mahai gainean jarri eta aztertu behar dela, baina gehitu du emaitzak euskal errepublika sortzeko beste urrats bat direla.

Analisi kontrajarriak

PSE-EEn, Idoia Mendia lehendakarigaiak egin ditu emaitzen analisiak, onak eta ez horren onak. Aitortu du gustatuko litzaiokeela eserleku gehiago lortzea —inkestek iragartzen zuten moduan—, baina, aldi berean, esan du emaitzak oso onak direla, bi arrazoigatik. Batetik, abstentzioa handia izaten denean «sozialisten emaitzak okerragoak izaten direlako beti», eta, hala ere, eserleku bat gehiago eskuratu dutelako. Bestetik, Mendiak nabarmendu du «ezker ez-nazionalistaren lidergoa» berreskuratu dutela, Elkarrekin Podemosek baino eserleku gehiago eskuratu dituztelako.

EPren lehendakarigaiak, Miren Gorrotxategik, emaitzen analisi laburra egin du: hitzeman du datozen lau urteetan gogor jarraituko dutela lanean, eta elkarlana eskaini du politika progresistak egiteko. Gogorragoa izan da Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia: «Gure espazio politikoak eztabaidarik onartzen ez duen porrota jasan du. Autokritika sakona egitea dagokigu, eta, zalantzarik gabe, egin ditugun okerretatik ikastea».

PP eta Ciudadanosek osatutako koalizioak lau ordezkari galdu ditu, baina Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak autokritika gutxi egin du. «Inkestei irabazi» diela esan du, «askok» bost ordezkari baino gutxiago lortuko zituztela ziotelako. Abstentzioaren erantzule, berriz, Eusko Jaurlaritza egin du, eta EH Bilduren gorakada PSOEri egotzi dio, «terrorismoa kondenatzen ez dutenak zuritzeagatik».

Abascali, «ilusio berezia»

Vox lehen aldiz sartu da Eusko Legebiltzarrean, eta Santiago Abascal alderdiko buruzagiak aitortu du «ilusio berezia» egin diola «emaitza historiko» horrek: «Vox nire aberri txikira heldu da, Arabara». «Euskal Herriko espainiarrak» zoriondu ditu, eta hitzeman EAJrekin eta EH Bildurekin jardungo ez duen legebiltzarkide bat egongo dela behingoz, Voxek ez dielako «traiziorik» egingo euren hautesleei «PPkoek eta PSEkoek ez bezala». Eusko Legebiltzarreko eta Galiziako emaitzak ikusita, PPk eta PSOEk Espainian nahi duten bipartidismoaren alternatibatzat jo du Vox Abascalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.