Sabino Aranaren heriotzaren 114. urteurrenean ekitaldi politikoa egin du EAJk Sukarrietan (Bizkaia), eta bertan Andoni Ortuzar EBBko buruak nabarmendu du Euskadiren eta Kataluniaren estatus politikoa berritzeko unea dela. Espainiako Gobernuari zuzendu zaio. "Irtenbidea ez da etorriko 155arekin, ezta ebazpen judizialekin edo konstituzionalekin ere". Aldiz, haren esanetan, "elkarrizketatik eta elkarrizketaren bidez" etorriko da konponbidea.
Euskal Herriko gatazka politikoak luze dirauela ohartarazi du Ortuzarrek, eta aitortza nazionala lortu arte iraungo duela ziurtatu du. "Ehun urte baino gehiago eutsi diogu euskal nazioa aldarrikatzen eta beste ehun urtetan jarraituko dugu beharrezkoa baldin bada, aitortza lortu arte".
Bestalde, joan den ostiralean EH Bilduk EAJri eginiko eskaintza politikoa izan du hizpide. Ortuzarren iritziz, gobernagarritasuna bermatzeko EH Bilduren proposamena "berandu dator eta ez dirudi oso sinesgarria egungo baldintza politikoetan". EAJko presidenteak adierazi duenez, euskal erakundeen gobernagarritasunerako aliantzak aldatzea "ez da errealista eta ez da ona Euskadirentzat". EH Bilduk "inboluzioaren aurkako" ituna eskaini zien EAJri eta Ahal Dugu-ri, autogobernua, bakegintza eta eskubide sozialak ardatz hartuta.
Hala ere, gaineratu du aintzat hartuko duela EH Bilduk EAJrekin elkar ulertzeko adierazi duen borondatea, eta hurrengo urteetan borondate hori frogatzeko aukera asko izango dituztela iragarri du. Besteak beste, autogobernuari, sustapen ekonomikoari, hezkuntzari, hedabide publikoei eta euskarari lotutako eztabaidei heldu beharko dietela aurreratu du.
Aurrekontuak, negoziatu nahi dutenekin
Elkar ulertzeko borondaterik ez dio ikusi EAJk EH Bilduri, aurrekontuen eta erreforma fiskalaren arloan. Ortuzarren hitzetan, "ez dago modurik" koalizioarekin akordiotara iristeko gai horietan. Gehiegizkotzat jo du EH Bilduk negoziatzeko jarri dion baldintza: 155 artikuluaren ezarpena babesten duten alderdiekin akordio estrategikorik ez mantentzea. Hala, negoziaziorako "egiazko borondatea" agertu dutenekin hitz egin behar izan dutela adierazi du.
Aurrekontuak onartzeko PPk jarri dion baldintza betetzetik gertuago da EAJ. Zergak jaisteko galdegin zion PPk, eta EAJk PSErekin adostu berri du Sozietate Zerga jaistea. "Sistema berriarekin, enpresak hobeto egongo dira, lehiakorragoak izango dira eta, gainera, diru bilketa hobetuko da". PPren iritziz, EAJ eta PSEren proposamen "norabide onean" doa.